Kataluniako erreferenduma. Ferran Pedret. PSCko diputatua

«Ez da lehentasuna izan erreferendum adostua»

Erreferendumaren aldeko alderdien eta PPren jarrera kritikatu ditu, konponbide bat lortzen ez saiatzea egotzi die, eta Espainia eraldatzearen alde egin du ordezkari sozialistak.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Diputatu aukeratu zuten 2012ko Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetan Ferran Pedret i Santos (Bartzelona, 1979). Etxean jaso du politikarekiko zaletasuna eta alderdi sozialistarekiko atxikimendua: Jordi Pedret eta Lidia Santos diputatu sozialista ohien semea da. Diputatu sozialista izateaz gain, abokatua eta idazlea ere bada. PSCren parlamentuko taldeko eleduna BERRIArekin elkartu da Kataluniako Parlamentuan, Kataluniak bizi duen momentu historikoaz solastatzeko.

Espainiako Justizia gogor ari da neurriak hartzen prozesu independentistaren kontra. Zer iruditzen zaizu?

Hautetsontzien eta botopaperen fetitxismo gisako bat elikatu dugu. Azken finean, testuinguru demokratiko arrunt batean, izan hauteskundeak izan erreferenduma, oinarrizkoena ez da atrezzoa, baizik eta prozeduraren bermeak. Tira, nahi duenak parte har dezake prozesu demokratikoaren itxura duen ekitaldi honetan, betiere nazioarteko erakundeek baliogabetzat jotzen ez duten bitartean. Urriaren 1ean hautetsontziak eta botopaperak egon egongo dira, baina ez da egongo bermerik.

Bermatuta egoteko, nolakoa izan beharko luke, zure ustez, urriaren 1eko galdeketak?

Hauteskunde prozesuen nazioarteko estandarretan oinarritutakoa. Eta zalantzarik gabe, Kataluniako Gobernuak urriaren 1ean egin nahi duen hori ez dago estandar horietan oinarrituta. Horregatik, inolako bermerik gabeko galdeketa egingo dela kontuan hartuta, hautetsontziek ez dute erreferenduma demokratiko bihurtuko.

Kataluniako Gobernuaren nahia zen urriaren 1eko erreferenduma berme guztiekin egitea; Espainiako Gobernuak, aldiz, ez du ahalbidetu.

Tira, erreferendum adostua ez da izan lehentasuna, ez alderdi independentistentzat eta ez Rajoyren gobernuarentzat. Noski, Kataluniako Gobernuari galdetuz gero, erantzungo dizute Espainiako Gorteetara joan zirela eskatzera, baina ezin da ahaztu ordurako azaroaren 9ko galdeketaren galdera itxia zutela. Alegia, negoziaziorako minimoak errespetatu gabe joan ziren.

Beraz, zure ustez, PPk ez du erantzukizunik egoera honetan?

Bai, jakina. PPk ez du inoiz eztabaidarako asmorik izan. Arduragabekeria itzela da: batetik, Kataluniako Gobernuarena, bertako erakundeen adostasunaren erkaketa sustatzeagatik; bestetik, PPrena, ez bakarrik prozesu independentistak iraun duen bitartean, baizik eta aurretik. Hona iritsi gara, besteak beste, PPk Kataluniako Estatutuaren kontra egin zuen sinadura bilketari esker eta Auzitegi Konstituzionaleko kideak berritzearen kontra egin dituen maniobrei esker. Ez da kasualitatea, 2011n, arrazoi asko tarteko sozialistok Espainiako Gobernua galdu genuenean, prozesu independentistaren aldeko babesa %12 eta %15 artekoa izatea; sei urte geroago, %40k babesten dute independentismoa. Beraz, argi dago erantzukizunik baduela.

Iragan astean PPrekin eta Ciutadansekin batera alde egin zenuten parlamentuko osoko bilkuratik, Erreferendumaren Legea bozkatu zenean. Zergatik hartu zenuten erabaki hori?

Europako parlamentarismoan hemiziklotik alde egitea da protestarako bide klasiko bat. Esango nuke PSCk sekula ez zuela halakorik egin aldez aurretik Kataluniako Parlamentuan, ez zaizkigulako gustatzen halako jarrerak; baina iragan asteko egoerak merezi zuen... Diputatuon eta herritarron eskubideak argi eta garbi urratzen ari zirelako joan ginen. Egoera oso larria zen: Kataluniako Parlamentuko gehiengo sinple batek lege arrunt baten bitartez lortu zuen Kataluniako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa indargabetzea. Tira, Estatutua eta Konstituzioa gehiago edo gutxiago gustatzen ahal zaizkizu, baina, errespetatu behar dituzu.

Egingo al da urriaren 1eko erreferenduma?

Galdeketa egin egingo da, baina, hori ez da izango ez erreferenduma eta ezta bozkatzea ere, prozeduraren oinarrizko bermerik ez baitu edukiko. Beraz, 2014ko azaroaren 9an ezagutu genuenaren antzeko zerbait egingo da. Eta, kasu, PSCn betidanik agertu dugu mobilizatu zen jendearen aldeko errespetu guztia. Baina galdeketa ez da eraginkorra izango.

Ezezkoaren aldekoak ere botoa ematera gonbidatu dituzte alderdi independentistek. Zuk ba al duzu urriaren 1ean bozkatzeko asmorik?

Ez. Ez dut urriaren 1eko galdeketan bozkatuko, hasieratik bukaeraraino PPk sustatutako eta antolatutako prozesu batean parte hartuko ez nukeen bezala. Ez dut nire partaidetza apalenarekin ere legitimatuko berme politikorik ez duen erreferenduma.

Alderdi independentisten eta Espainiako Gobernuaren arteko tirabirak nola bukatuko dira? Noraino iritsiko da liskarra?

Larriena da inork ez dakiela nola buka daitekeen hau. Badirudi Rajoyren eta Puigdemonten gobernuek interes handiagoa dutela bien arteko talka ahalik eta handiena izateko, egoera moldatzeko baino.

Zein da zuek proposatzen duzuen alternatiba?

Espainia eraldatu nahi dugu, nazio anitzeko eta erabateko estatu federal, demokratiko eta soziala izan dadin. Uste dugu egoera hori iristear dela. Ikerketa demoskopikoek argi eta garbi utzi dute: Katalunian jendeari galdetu zaionean guk proposatzen dugun hirugarren bide horren inguruan, hori izan da aukerarik gustukoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.