Bizkaiko industria. Imanol Pradales. Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua

«Maiz, lehiakortasunik ez duten enpresei eusten tematzen gara»

Enpresa zaharrekin obsesionatu beharrean, industria berriak sortzeko erraztasunak eskaintzen lan egin behar dela azaldu du Pradalesek. 4.0 industria aukera bat dela nabarmendu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Barakaldoko BEC erakustazokan Makina-erremintaren Biurtekoa egiten ari diren astean, «teknologia berriek industrian izango duten eragina handia» izango dela esan du Imanol Pradalesek (Santurtzi, Bizkaia, 1975), Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak. Bizkaian industriak atzera egin duen arren, argi dio estatistikek ez dituztela industriarentzako lan egiten duten zerbitzuak kontuan hartzen, eta bigarren sektorearen egoera bideratzen ari dela azaldu du.

Krisia lehertu zenetik, industria izan da gehien zigortutako sektorea Bizkaian. Zein da zure balorazioa?

Krisiaren momenturik txarrenean, industriak 21.000 lanpostu galdu zituen, baina horietatik 13.000 berreskuratu ditugu azken hiru urteetan. Industriak sufritu egin du, baina berriz gora dator. Historikoki enpresa industrial handiak eduki ditugu Bizkaian, eta horietako asko sektore globalizatuetan, eta, horregatik, enpresa horiek ere asko sufritu dute. Baina industrian azpisektore asko daude, eta automozioak, esaterako, sekulako garrantzia du. Industriaz orokorrean hitz egiten dugu laburbiltzeagatik, baina argazkia konplexuagoa da.

Bizkaiko industriaren egungo argazkian, ordea, BPGaren %19 ordezkatzen du; Hego Euskal Herriko lurraldeekin alderatuta, ekarpen txikiena egiten du.

Berriz ere berreskuratzen ari da. Baina, sektore industrialari buruz hitz egiten dugunean, datu horietatik kanpo geratzen dira industriarentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak. Ez ditu kontuan hartzen, eta Bizkaian fenomeno hori ohikoa da.

Kontatzeko modua aldatu da?

Nik uste dut azken 20-25 urteetan aldaketa hori egon dela. Garrantzitsua da jakitea zerbitzu horiek industriarako direla, eta lotura hori badagoela. Estatistikoki kanpoan uzten ditugun gauza batzuk, lehen, sektore industrialean sartzen genituen. Horregatik, argazkia egoki egiteko zerbitzu horiek eta industria sektorean normalean sartzen ditugunak batu beharko genituzke. Esaterako, zerbitzu logistikoak, ingeniaritza batzuk, edo ikerketa, garapen eta berrikuntzako zerbitzu batzuk. Horiek barruan sartuta, beste bat izan daiteke argazkia. Hala ere, ez naiz ehuneko horrekin itsutzen. Ikusi behar dugu zer-nolako enpresak ari diren desagertzen, eta zer-nolakoak sortzen.

Eusko Jaurlaritzaren helburua industria %25era iristea da; zein da Bizkaiko Aldundiarena?

Industria klasiko esaten diogun horren %20tik gora edukitzea ona da. Industriarako lan egiten duten zerbitzuak kontuan hartuz gero, %25etik gora egotea garrantzitsua da.

Enpresa berriak sortzeko gogoa sumatzen duzu?

Zorionez, ikusten dugu proiektu berriak sortzeko asmoa, eta hori sustatu beharko genuke. Askotan, proiektu zaharrekin obsesionatzen gara, eta garrantzitsua da proiektu berriak sortzea. Gure historian badaude irakaskuntza batzuk horren harira, besteak beste, ITP talde industrialarena. Duela 25 urte, ez zen ezer, baina apustu berri bat egin zuen. Baita Gamesak, CIE Automotivek, Gestampek eta Dominionek ere.

Historikoak izan diren industria batzuk ordezkatuko dituzte?

Enpresa eta lan merkatuan, naturaz, proiektu batzuk sortzen dira, hazi, eta batzuk, zoritxarrez, desagertu egiten dira. Zergatik? Lehiakortasuna galtzen dutelako. Maiz, lehiakortasunik ez duten enpresei eusten tematzen gara. Aldi berean, ikusi beharko genuke zer-nolako aukerak dauden proiektu berriak sortzeko. Hori egin dugu, CEL moduko enpresa bat Enkarterrin salbatuz. Enpresaria behar genuen, eta Lukart dago. Jarduera industrialari eutsi diogu.

80 lanpostu gutxiagorekin.

Bai, baina bi aukera zeuden: dena desagertu ala enpresa salbatu, eta, ondo badoa, hazteko aukera edukiko du.

Eskualdeen artean, ordea, ezberdintasun handiak daude. Ez da berdin Durangaldera edo Enkarterrira joatea...

Horregatik daukagu martxan Bizkai Orekan programa. Hala ere, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri osatzen duten inguruan Bilboko Portua dago; momentu honetan izugarrizko motor ekonomikoa da hura. Eraldaketa asko daude Ezkerraldean; BECekin, esaterako, azokak erakartzen dira. Orain dela 25 urte gauza horiek ez zeuden, eta argazkia asko aldatu da.

Durangaldean, hala ere, industriak du pisu handiena, eta Ezkerraldean, merkataritzak. Aberastasunaren banaketa handiagoa da eskualde industrialetan.

Bai, orokorrean industriak sortzen duen lana hobea da, eta, horregatik, garrantzitsua da industriaren pisua mantentzea. Bizkaia Orekan programan hori bilatzen dugu, eskualdeen artean oreka bat lehiakortasunaren ikuspuntutik. Horretarako, eremu bakoitzak dituen gaitasunak aprobetxatu behar ditugu, norberaren gaitasunetik eraikitzea oso garrantzitsua baita.

Azken hilabeteetan programa ezberdinak jarri dira martxan: Abantoko parke teknologikoa 4.0 industriara bideratuta, eta Haizea Wind energia eolikokora. Industria beste izaera bat hartzen ari da?

Bai, guretzat Abantoko parke teknologikoan egingo dugun apustua garrantzitsua izango da hurrengo urteetara begira. 4.0 industriaren eskutik dator digitalizazioa, eta mutazio genetiko bat sortuko du industrian. Hor enpresa berriak sortuko dira, zerbitzuak eskaintzen dituztenak, eta orain arte ohikoak izan diren prozesu industrialak aldatuko dituzte. Eta horrek beste ondorio bat ekarriko du berarekin, hau da, zer-nolako hezkuntza maila eskatu behar dugun etorkizunean enpresa horietan lan egiteko. Etorkizunera begira erronka handia eskatuko du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.