Juan Ignacio Marcos. Jazarpenaren Euskal Behatokiko koordinatzailea

«Txostenak ez, borondatea behar da jazarpenaren kontra»

Sexu jazarpena, 'mobbing'-a, 'bullying'-a... Gehiegikeria kasu guztiak bildu, aurrekariak aztertu eta irizpide juridikoak ezartzeaz arduratzen dira Jazarpenaren Behatokiko kideak.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuan izan da berriki Juan Ignacio Marcos abokatu eta Jazarpenaren Euskal Behatokiko koordinatzailea (Bilbo, 1963), emakumeek lan esparruan pairatzen dituzten gehiegikeriei buruzko hitzaldia ematen. «Buru anitzeko munstro» baten gisara definitzen du jazarpena.

Zer da Jazarpenaren Euskal Behatokia?

Behatokia, egiazki, ez da enpresa bat, ezta aholkularitza batzorde bat ere. Eztabaida foro bat da, eta hainbat sektoretako eragile juridikoak biltzen ditu: epaileak, abokatuak, irakasleak, juristak, auzi medikuak, ekonomistak, psikologoak... Gure antolaketa eredua AEBetako MIT Massachusettseko Teknologia Institutuarena da. Esparru berean lan egiten duten hamaika profesional elkartzen dituen erakunde autonomo batena, alegia. Jazarpen kasuak aztertzen ditugu: jurisprudentzia, argudioak, estrategiak... Eta horren inguruan eztabaidatu.

Eta, kasu bakoitza aztertuta, zer egiten duzue? Erakunde publikoengana jo, abokatu eta magistratuentzako irizpide orokorrak ezarri...?

Ez dugu horren beharrik ere. Finean, sektorearen ordezkariak gara Jazarpenaren Euskal Behatokian parte hartzen dugunak; hortaz, hemen ezartzen ditugun irizpideak eta ondorioak geure eguneroko lanean txertatzen ditugu. Adibidez, behatokiko kide dira Luis Garrido, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazio auzietarako salako presidentea; Juan Carlos Benito-Butron, Auzitegi Nagusiko gizarte auzietako salako magistratua; Lan Harremanetako Auzitegiko ordezkari bat; Osalaneko eta Osakidetzako arduradunak... Izaera multilaterala eta zeharkakotasuna dira gure ezaugarri nagusietako batzuk, eta, horri esker, erakunde horien guztien jardunean eragiten du Jazarpenaren Euskal Behatokiak, erabakiak hartu behar dituztenak elkartearen barruan daudelako.

Lan jazarpena, eskola jazarpena, sexu jazarpena... Denak aztertzen dituzue?

Bai, guretzat, fenomeno beraren agerpen ezberdinak direlako. Hau da, pertsona baten edo kolektibo baten aurkako jazarpena, oro har, buru anitzeko munstro bat da. Hidra bat. Ezaugarri propioak ditu jazarpen mota bakoitzak, baina, oinarri-oinarrian, errealitate beraren parte dira denak. Horrekin ez dut esan nahijazarpen mota ezberdinak existitzen ez direnik. Bai, jakina: existitzen da genero edo arraza motiboengatik eginiko jazarpena, eta ikaskideen nahiz lankideen artekoa... Baina, praktikan, denen atzean dagoena gehiegikeria bera da.

Eta berberak dira jazarpen mota guztiak prebenitzeko moduak ere?

Funtsean, bai: lege ekinbideak, estrategiak, zigorrak... oso antzekoak dira denak. Jazarpenaren aurrean jendeak duen pertzepzioa da aldatzen dena. Jazarpen kasu baten ondorioz pertsona bat hiltzen denean, asaldatu egiten gara, baina hori gertatzen ez den bitartean, gizarteak ez dio hainbesteko garrantzirik ematen. Lan esparruan gertatzen diren jazarpen kasuak, adibidez, oharkabean pasatzen zaizkigu gehienetan, tartean hildakorik ez dagoelako. Eta administrazioek hartzen dituzten neurriak ere jendearen asaldura mailaren araberakoak izan ohi dira. Neurri zehatzak eta eraginkorrak behar ditugu, jazarpen mota guztiei aurre egiteko.

Esan izan duzu erakunde publikoen nahiz pribatuen protokoloak ez direla laguntza handikoak jazarpen kasu baten aurrean. Zergatik?

Gaur egun, protokolo asko paper hutsean geratu direlako. Zaharkituta daude. Garai batean, ez zegoen tresnarik jazarpenari aurre egiteko, eta, alde horretatik, ezer ez edukitzea baino hobea zen araudi edo txosten bat aplikatzea. Azken urteetan, ordea, txostengintzan aritu dira administrazioak eta enpresak, eta dokumentazio itzela daukagu, kopuruari dagokionez. Orain, bestelako urratsak behar dira bide horretan. Neurriak aplikatzeko nahia eta erabakimena erakutsi behar dugu. Protokoloak eta txostenak bainoago, borondatea da behar duguna jazarpenari aurre egiteko.

Borondatea falta dela uste duzu?

Askotan, bai. Erakunde handietan, batez ere. Enpresa askotan egiten dituzte lan jazarpenaren aurkako protokoloak. Zergatik? Enpresaburuek arazoa errotik erauzi nahi dutelako? Bada, tamalez, ez. Jazarpenaren aurkako protokolorik izan ezean jaso dezaketen isuna saihesteko egiten dute. Eta jarrera horrekin nekez konponduko dute auzia. Protokoloak, finean, tresnak besterik ez direlako. Bitartekoak.

Laneko jazarpen kasuetan espezializatuta zaude. Zer aholkatuko zenioke jazarpena salatu nahi duen langile bati?

Egoera enpresa barruan salatzea da lehen urratsa, ikusi ba ote dagoen norbait kontratatuta halako egoeretarako. Bigarren aukera Osalanen edo Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztea da. Eta azken erremedioa, auzitara jotzea. Hori bai: epailearen aurrean, jazarpen hitza ez erabiltzeko gomendatzen dut nik.

Zergatik?

Kontzeptua banalizatu egin dugulako. Urardotu. Ia edozertarako erabiltzen da gaur egun, hedabideetan nahiz kalean. Eta epaile nahiz ikerlari askok uzkur erantzuten diete jazarpen salaketei. Muturra okertzen dute hitza irakurtzen duten aldiro. Hortaz, epailearen aurrean, beste formula batzuk erabiltzeko eskatzen diet aholku eske datozenei. Azal dezatela gertatutakoa, zehatz-mehatz: hau egin didate, enpresako arduradunak jakinarengainean zeuden baina ez dute erremediorik jarri, eta kalteak honakoak dira... Hori da egin behar dutena. Utzi terminologia epailearen esku, auzia konpontzea baita inportanteena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.