Asier Atutxa. Bilboko Portu Agintaritzako presidentea

«Bilbokoa betetzen denean egin liteke Pasaiako kanpoko portua»

2021ean Bilboko portuak izango duen trafikoari aurre egiteko, erdiko kai muturraren proiektua hasi dute aurten. Hori bete artean, Pasaiako proiektuari ez dio zentzurik ikusten Atutxak.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Santurtzi
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Abrako itsasadarra alderik alde ikusten du Asier Atutxak (Lemoa, Bizkaia, 1968) bulegotik. Portu osoa kontrolatzen du handik Bilboko Portu Agintaritzako presidente denak. Bulegotik bertatik ikus daiteke eraikitzen hasi diren kai mutur berria. «Lan horiek amaitu ondoren, Euskadik behar duen tamainako portua edukiko du». Baina ordurako Bilbo hegoaldeko tren saihesbidearen zati bat martxan egon dadin nahi du, estrategikoa baita portuarentzat. Hori lortzeko borrokan ari da.

Bi urte bete berri dituzu Bilboko Portu Agintaritzan, eta krisia hasi zenetik trafiko igoera izan duten bi urteak izan dira. Balorazio positiboa egingo duzu, ala?

Zenbaki handiak ondo badoaz, eguneroko lana hobeto joan ohi da, bai. Krisia hasi eta lehen bost urteetan, %25 jaitsi zen trafikoa; azken bi urteetan, %2,14 eta %4,12 igo da, eta aurten, %3,5eko hazkundearekin amaitzea espero dugu. Horrek esan nahi du gure eskaintza indartzen ari dela. Gainera, hazkunde horren onena da esparru denetan handitu dela trafikoa: handizkako likidoa, %3,70; handizkako solidoak, %3,90; salgai orokorrak, %6,12, eta edukiontziak, %4,34.

Euskal ekonomiaren ispilua izan daitekeela esan nahi duzu?

Bai. Bihar guk portua zarratuko bagenu, enpresa askok ez zuten nondik esportatu izango. Horrekin zera esan nahi dut, portu hau gure ekonomiarako estrategikoagoa dela. Hemen trafikoan igotzen den tona bakoitza estrategikoagoa da.

Igoera, hala ere, nahiko apala izan dela esan duzu. Noizko igoera handiagoa?

2013an, sartu nintzenean, plan estrategiko bat zehaztu genuen,eta 2017rako 37,5 milioi tonako trafikoa izatea espero dugu. Aurten 30,8 milioiraino iritsi gara.

Iaz enpresa berriak erakarri zenituzten Bilboko portura, tartean Gamesa. Aurten zer aurreikuspen daukazue?

Iaz lau enpresa berri erakarri genituen. Zorrotzako Sader enpresak bioerregai planta bat erosi zuen, haien lana portuari lotuta dagoelako. Gamesa ere etorri da, eta, horretarako, ahalegin berezia egin da, foru aldundiak eta Jaurlaritzak garraio bereziak egiteko arau ezberdinak zituztelako lehen. Elkarrekin bateraezinak ziren, eta Gamesak Santanderrera joan beharra zeukan. Hori aldatuta, lortu dugu Gamesa hona etortzea. Harekin bakarrik, aurten 45 itsasontzi gehiago izango ditugu. Horiek izan ziren iazko garrantzitsuenak. Aurten ere ari gara beste batzuk erakarri nahian. Oraingoz, bost bezerorentzako leku bila ari gara.

Zenbateko hazkundea izan dezake portuak?

Gure okupazio maila %71ekoa da, eta estatuan batez bestekoa %60 inguruan dago. Gure aurreikuspenen arabera, 2021ean %80ko okupazioa izango dugu. Horregatik, erdiko kai muturra egin beharra daukagu, astiro-astiro. Urte honen amaieran esleituko ditugu lanak, eta lehen fasea 2021erako amaituta egotea espero dugu, eta bigarrena 2026 ingururako. 130 milioi euroko kostua izango du lehen fase horrek, eta 80 milioikoa bigarrenak.

Trafikoa handitzeko aukera emango luke kai mutur horrek. Zenbat gehiago handitu daiteke?

Portuak bere muga dauka, noski. Kai muturra egin ondoren, lehen lerrotik aparte dagoen aukera bakarra une honetan mendian dauden terrazak luzatzea litzateke. Hori da portua. Pentsatu ahal da gehiago zabaltzea, baina guk daukagun eragin eremua kontuan hartuta, kai muturra egin ondoren, gure portua Euskadik behar duen tamainakoa izango da.

Portua tamainakoa bai, baina lehiakorra izateko, ordea, Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea amaitzeko eskatu izan duzu. Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak orain dela gutxi Bilboko portura egindako bisita batean esan zuen Serantesko tunela eraikita egon arren itxita ikusteak min ematen ziola. Zuri ere min egiten dizu?

Bai, noski. Baina hori auto erdia eraikita eduki, eta motorrik ez edukitzea bezala da. Pena da tunela itxita egotea, baina hori egin baldin bazen, Bilbo hegoaldeko tren saihesbidea egiteko izan zen, eta oraindik ez da egin. Kontuan hartu, gainera, guk 4.000 tren dauzkagula urtero portura sartu eta atera. Gure garraioen %15 da, eta edukiontzien garraioan trenaren hautua %18 igo da. Estrategikoa da trena.

Baina saihesbidea ez da egiten.

Osorik egiteko aukerarik ez badago, gutxienez erdibideko zerbait egin beharko da, zati bat. Trapagaran eta Ortuella albo batera utziko lukeen saihesbidea proposatzen dugu, horrela tunela zabaldu eta kotxea martxan jarri ahal izateko. Madrilen eta Jaurlaritzaren eskutik ikerketa informatibo bat egitekoak dira, eta 2017rako proiektua eginda balego, beste zazpi urte izango ziren zati hori amaitu arte.

Zergatik ez da egiten?

Dirurik ez dagoelako. Dirua aireportuetan, edo Gijongo portuan gastatu dute. Espainian kafearena egiten dute: denak pozik egoteko, denei eman. Eta nik esaten diet ezetz, estrategia bat behar dela.

Ez dute Bilbokoa indartu nahi?

Nik ezin dut hori esan. PPrekin daukadan harremanean ezin naiz hori esatera heldu. Baina lehentasunak jarri behar dituztenean, interes politikoak sartzen dira. Madrilen orain esaten dute garatu beharrekoa portuetako loturak direla. Ados, titulu potolo legez onartzen dut, baina ondoren lehentasunak hartu behar dira. Hasteko eta behin, Bilboko portua ez da edozein portu, Bilboko portua da. Beste portu batzuk garatu behar direla? Garatu ez, portu batzuk sobran daude.

Adibidez?

Ez dut izenik esan nahi, baina ez naiz Euskadikorik pentsatzen ari.

Pasaiako Portu Agintaritzak irailean utzi zuen bertan behera kanpoko portuaren proiektua. Nola hartu zenuen albiste hori?

Gauzak zentzuz egin behar dira. Pasaiari errespetu handia diot, bere trafikoa eduki behar duelako, eta Bilbok berea. Baina gurea bezalako herri txiki batean ezin du bakoitzak bere portua, aireportua, opera palazioa edo dena delakoa eduki. Ez dago denetarako. Beraz, Pasaian portu hori ez egitea zentzuzkoa iruditzen zait. Baina berdin esango nuke hemen egongo ez banintz ere. Pasaian halako portu bat egin, hau bete gabe dagoela? Ez dago beharrik. Bilbokoa betetzean egin liteke Pasaiako kanpoko portua.

Proiektua egin zenean, zuena baino balio handiagoa eman zitzaion?

Bai, txarto kalkulatuta zegoen, eta zuena baino balio handiagoa eman zitzaion. Baina, bestetik, nork aurreikusi zuen krisi hau etorriko zela? Inork ere ez. Proiektua egin zenean, dinamika haren barruan pentsatuta egin zen, trafiko etengabe handiko zela pentsatuta. Baina Bilboko portua hemen dago, eta hemen aprobetxatu behar diren sinergia batzuk sortzen dira. Hau betetzen denean non egin? Pasaian.

Proiektu hori bertan behera geratzeak zertan eragin dizue?

Guretzat arazoa izango zen egin izan balitz. Baina ez Bilboko portu modura, Euskadi modura baizik, ez dagoelako beharrik. Euskadiko bi porturen artean zentzu gabeko lehia batean hasiko ginen, alderantziz beharko lukeenean. Pasaiako portuarekin Basque Country Logistic leloaren azpian azoka askotara joaten gara. Errespetua diogu elkarri, eta ez gara ibiltzen mahai azpitik elkarri ostikoak ematen. Lehia Santanderren dago.

Askotan aldarrikatu duzu portuen transferentzia. Eskaria egiteaz gain, zer gehiago egin daiteke?

Nik estatutu berrian daukat itxaropena, idazten denean portuak hor egongo direla uste baitut. Hori lortuko balitz, malgutasuna emango luke. Trafikoa erakartzeko moduan gaude, baina honek muga bat dauka, urtero gure irabazietatik 4,5 milioi euro Madrilera bidaltzen ditugulako. Hemen egiten diren inbertsioak ez dira Madriletik datozenak, hemen sortuak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.