Bego Bitorika. Sortzen-eko koordinatzailea

«Defentsa estrategiaz gain, proposamenak ere baditugu»

Duela 25 urte jaio zen Sortzen, Hernanin, eta hantxe ospatuko du igandean urteroko jaia. Urte hauetan lortutakoa eta egindakoa erakusteko aprobetxatuko dutela azaldu du Bego Bitorikak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Iruñetik Hernanira (Gipuzkoa) egingo du jauzi Sortzen-ek urtero euskal eskola publiko berriaren alde egiten duen jaiak. Datorren igandean izango da. Bego Bitorika (Algorta, Getxo, Bizkaia, 1964) koordinatzailearen esanetan, kokalekua ez da izango aurtengo festak ekarriko duen berrikuntza bakarra. Elkartearen 25. urteurrena ere ospatuko dutenez, «mugarria» izatea nahi dute.

Eskolaharria, biharko herria da iganderako aukeratu duzuen goiburua. Baina, lelo berarekin, ikasturte osorako egitarau zabala ere izan duzue. Hilabete hauetan egindakoaren zer balantze egiten duzue?

Txukun joan da. Urteroko lanez eta dinamikez gain, beste urrats bat egin behar genuen. 25. urteurrena ospatzen ari garenez, ezinbestean atzera begiratu behar genuen pixka bat; noraino heldu garen ikusi. Prozesu horretan denetarik egin dugu: hitzaldiak antolatu ditugu, mahai inguruak, hausnarketa bat egin dugu... Maiatzaren 22a urte osoan egin dugun bide horren azken urratsa izango da. Bide horrek Hernanira eramango gaitu, eta Hernani izango da gure proiektuaren erakusleihoa. Nolabait, hitzaldi eta mahai inguru horietan landu ditugu guretzat garrantzitsuak diren lan ildoak, eta Hernani izango da gure proiektu guztien erakusleiho bat.

Jaia egiteko lekua aldatu izanak zer beste ekarriko du berria?

Lekua berria da, orain arte beti nafar eremuan zegoen festa bat zelako. Orain Gipuzkoara ekarri dugu. Aspaldian ikusten genuen festa Nafarroatik kanpora ere irekitzeko behar hori. Baina nagusiki bi arrazoik eraman gaituzte Hernanira: 25 urte bete ditugula eta sorrera hori Hernanin bertan izan zela. Beste alde batetik, ikusten genuen betiko festa eredu hori baino gehiago, gure proiektua erakusteko egun bat izan beharko litzatekeela; guk irudikatzen dugun, behar eta nahi dugun eskola publiko berri horren erakusketa bat, eta aldi berean aldarrikapen bat. Formatua erabat aldatu dugu, aurrera begira mugarria izatea nahi dugulako. Gure proiektua erakutsi nahi dugu, eta gure eskola publikoa aldarrikatu. Azken finean, nahi dugun euskal hezkuntza sistema propio horren barruan, hainbat proiektu txiki martxan jarri ditugu eskoletan, baina gero ez dira hainbeste ezagutzen. Batzuetan gertatzen zaigu kanpotik etortzen diren arazo guztiak direla-eta —LOMCE dela, Heziberri dela, jangelen afera dela—, azkenean kanpora ateratzen den irudia da erasoen aurkako lanketa bat egiten dugula. Baina barrura begira badugu beste lanketa bat. Defentsa estrategiaz gain, proposamen estrategia ere badugu. Hori guztia ezagutzera ematea lortu nahi dugu festa eredu berri honekin.

Orain arteko jai ereduak ez zuen horretarako aukerarik ematen?

Bazuen aldarrikapenerako eta erakusketarako aukerarik: tailerrak antolatzen genituen. Baina betiko festaren elementu guztiak ere bazeuden, eta dena nahasten zen. Aurten, lehentasuna aldarrikapenari eman nahi izan diogu.

Mende laurden honetan egin duzuen lanaren zer balantze egiten duzue?

Jarraitzen dugu duela 25 urte finkatu genituen eskola publikoaren ezaugarri horiek defendatzen. Iruditzen zaigu gauza dezente lortu direla. Agian ez dira nahi adina handiak izango, baina egon dira lorpenak. Gure aldetik eta herrien aldetik proiektu politak ipini dira martxan. Hezkuntza oso aldakorra da, gizartea bera ere arin aldatzen delako. Egokitu egin behar da. Baina gaur egun oraindik bizirik dauden proiektuak sortzea lortu dugu, eta ez da marka txikia. Euskaraz Mintza eta Aixe proiektuak ipini genituen martxan. Baita ikaste euskaldunen Eleaniztun proiektua. Orain zabaltzen ari da. Lortu dugu Nafarroan Euskararen Legean zirrikitu bat zabaltzea. Hor lanean jarraitu beharko dugu. Pixkanaka-pixkanaka lanak egin dira. Ikastolekin eta Udalbiltzarekin Euskal Curriculumerako lanean ibili ginen. Oinarrizko hezkuntza akordioan egon gara. Gauza asko egin dira, ezetz ematen duen arren. Batzuetan badugu ezkorrak izateko joera, baina aitortu behar da lortutakoa.

Seguruenik elkartea sortzean pentsatuko zenuten: «25 urte barru izango dugun eskola publikoa honelakoa eta honelakoa izango da». Ba al du amets hark antzik 2016an dagoenarekin?

Gauza batzuetan aurreratu dugu, baina azken finean gertatzen dena da herri honek bere hezkuntza sistema propioa behar duela. Hori lortu ezean, ez dugu lortuko ametsak errealitatearekin bat egiterik. Urteotan kanpoko lege asko etorri zaizkigu.

Beraz, etorkizunera begira helburua bera izango da: sistema propioa lortzea?

Bai, gure eskola eta gure hezkuntza sistema adostea gure artean, kanpoko esku hartzerik gabe. Guretzat, Euskal Herri mailako elkarte bihurtzea ere bada erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.