Katalunia. Pepe Beunza. En Peu de Pau plataformako kidea

«Oinarri sozial zabalagoa eratu beharra daukagu»

Desobedientzia zibilaren ikurretako bat da. Pozik dago, ekintzaileak baketsuki ari baitira erantzuten PPren «probokazioei». «Borrokak ez-biolentoa behar duela argi izanik, sekulako boterea dugu».
DANI CODINA

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 14
Espainiako lehen kontzientzia eragozlea izan zen Pepe Beunza (Beas de Segura, Espainia, 1947). 1971 zen, eta arrazoi politikoak argudiatu zituen soldaduska ez egiteko. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hainbat kartzelatan bete zuen kondena, eta, besteak beste, ETAkideak ezagutu zituen. «Pena bat dut. ETAkoei esaten nien ez-biolentziarena bide askoz ere eraginkorragoa zela, baina ezin izan nituen konbentzitu». Ez-biolentziaren ikurretako bat da, eta lehen lerroan jarraitzen du. «Bizitza konpromiso bat da niretzako». Badira 40 urte pasa Katalunian bizi dela, eta prozesu subiranistaren bueltan sorturiko desobedientzia zibileko taldeei laguntzen die. «Urriaren 1ean ikusi genuen Katalunia Ghandiz beteta dagoela». Salatu beharreko lehen biolentzia «estrukturala» dela nabarmendu du.

Zergatik sortu zenuten En Peu de Pau plataforma? Zein helbururekin?

Kataluniak ibilbide luzea du borroka ez-biolentoan. Prozesua indarra hartzen hasi zenean, lehen manifestazio handiaren bezperan dokumentu bat sinatu genuen [2012], bi erakunde antolatzaileek [ANC eta Omnium Cultural] eta bakearen kulturako pertsona zein elkarte batzuek, prozesuaren aldeko borroka beti baketsua, ez-biolentoa, izateko konpromisoa hartuz. Prozesuan biolentzia egotearen edo biolentziarako probokazioak gertatzearen beldur ginen. Gizarteak pixkanaka barneratu du borrokak ez-biolentoa izan behar zuela, biolentzia tranpa bat dela, eta horretan eroriz gero ez genukeela etorkizunik izango. Beraz, erreferendumaren bezperan, ikusita egoera tenkatzen ari zela, espazio bat sortu genuen ez-biolentzian sakontzeko eta mezu hori hedatzeko. Egiten ditugu hitzaldiak, dokumentuak...

Manifestu bat kaleratu zenuten herenegun, azpimarratuz ez-biolentzia ez dela delitua, ez-biolentzia zuen indargunea dela. Espainiako Estatua horren kontra zabaltzen ari den mezuak zer eragiten du plataformako kideengan?

Ibilbide laburragoa duten kideengan, kezka; intsumisioan eta desobedientzia zibilean ibilbide luzeagoa dugunongan, naturaltasuna. Botereak hala erantzuten du mehatxatuta sentitzen denean. Ez-biolentzia Katalunian mehatxu handia da PPk ordezkatzen duen botere zentralistarentzat. Ez-biolentzia mehatxu handia da injustizia eta tiraniarentzat; baina herritarrentzat, ordea, askatasun eta itxaropen aldarria da.

CDRek borrokan jarraituko dutela agindu dute. Tamara Carrasco atxilotua, eta, gero, behin-behinean aske utzia izandako kidearen abokatuaren esanetan, egoera «larria» da, edonori «terrorismoa» leporatu baitiezaiokete. Beldurra ematen du horrek?

Batzuetan tristura, batzuetan mina, batzuetan amorrua... Niri itxaropena eragiten dit, ondo goazela iruditzen baitzait. PPren gobernuak Euskal Herrian entrenatu zuen bere noraeza errepresiboa. ETAren aitzakian, askatasun asko ezeztatu zituen. Hemen gauza bera egin nahi dute PPkoek, baina borroka ez-biolentoa denez, hanka sartzen dute une oro: pauso bat aurrera, gero beste bat atzera, beste bi aurrera... Eta ez dakite zer egin.

Durduzaturik daude, beraz?

Erabat. Ez hori bakarrik: irrigarri geratzen ari dira. Eta politika hau aurrera eramaten ari diren PPren epaile lagunak justiziari prestigio guztia kentzen ari zaizkio. Hori txarra da denontzat.

Eta ez-biolentziak zer egin dezake horren aurka?

Jarraitzen dugu gizarte justu eta aske bat defendatzen. Iruditzen zaigu hitz eginez eta bozkatuz konpontzen direla arazoak gizarte zibilizatu batean, eta espetxealdiek, atxiloketek, errepresioak, askoz ere bakezaleagoa izan beharko lukeen giroa nahastu besterik ez dutela egiten. Esan beharra dago, gainera, Katalunian ez dagoela ez haustura sozialik, ez krispazio sozialik. Bizitzak jarraitzen du normala izaten.

CDRei buruz Guardia Zibilak egindako txosten batean agertzen da zure izena. Poliziak dio batzordeetako kideei erresistentzia baketsurako teknikak irakasten dizkiezula.

[Barreak] Ea. 1970etik, kontzientzia eragozle izateko prestatzen ari nintzenetik nabil ez-biolentziari buruzko hitzaldiak ematen, eta jendea animatzen hori praktikara eraman dezan. Kartzelan nengonean babestu ninduen jendeari dezepzioa eragingo nioke, orain esango banie ezetz, etxean geratzen naizela jarrita, arazoak bere kabuz nola konpontzen diren ikusten. Azkenean ez diote terrorismoa egotzi atxilotu zuten CDRetako kideari, eta batzordeek komunikatu bat kaleratu dute, ez-biolentziarekin duten konpromisoa azalduz. Hori oso pozgarria da. Borrokak ez-biolentoa izan behar duela argi dugun bitartean, sekulako boterea daukagu. PPren gobernuak, bere noraez errepresiboan, erantzun biolento bat probokatu nahi du, baina oraingoz ez da hala gertatu.

Erantzun biolentoa emateko tentaziorik egon al da?

Une oro. Jendea amorratuta dago, eta modu biolentoan erantzungo luke. Bakan batzuek, indibidualki, hala jokatu dute, ez gaitezen engaina, tentazioa oso indartsua delako. Begira, denok gara biolentziaren maisuak, txikitatik hala jaso dugulako, baina, kontrara, ez-biolentziaren ikastunak gara.

Atxilotu zaitzaketela argi duzu?

Bai, noski. Eta Guardia Zibilaren txosten eldarniozko horri eskertu nahi diot zerrendan egotea. Izan ere, pentsa katalan ez-biolentoen zerrendan ez nautela sartzen... Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet jada abisatuta nagoelako. Beraz, badakit edonoiz atxilotu nazaketela. Ez dut uste hutsegite hori egingo dutenik, baina gerta daiteke... Etxekoei, noski, instrukzio batzuk eman dizkiet, eta ezkutatzeko tokiak ere eskaini dizkidate. Ez dugu, dena den, beldur sentsaziorik. Bizitza normala egiten jarraitzen dugu.

Urritik gaurdaino egin izan dituzue ekintza ez-biolentoak Katalunian, baina ez dute jarraitutasunik eduki. Horrek eraginkortasuna ken diezaieke?

Ez da jarraitutasunik egon, ez. Ez dugulako jakin hobeto egiten, esan bezala ikastunak garelako... Baina pentsatu ezazu eguneroko borroka gehienak ez-biolentoak direla, nahiz eta gero hedabideetan agertzen direnak biolentoak izan, eta horrela pentsatzen da, beraz, biolentziarekin bakarrik konpon daitezkeela arazoak.

A priori, borroka ez-biolentorako une gorenetako bat dirudi 155.aren ezarpenak. Baina hura indarrean sartu eta berehala ez zenuten ekintzarik egin. Zergatik?

Puigdemont buruargia izan zen. Independentzia sinbolikoki aldarrikatu zuen. Modu eraginkorrean aldarrikatu izan balu, hemen bi milioi pertsona gogor jokatzeko prest zeuden, baina Espainiako armada esku hartzeko prest zegoen. Agian independenteak izango ginateke jada, baina hilotz mordoa edukiko genituzke.

Epe luzerako borroka ez-biolentoan engaiatzeko nahikoa jenderik ba al dago Katalunian?

Jende asko dago, baina gehiago izan gaitezkeela iruditzen zait. Oinarri sozial zabalagoa eratu beharra daukagu.

Hainbeste hilabeteren ondoren, etsipenik nabaritzen al duzu ekintzaileen artean?

Arazoa da ez dugula presoak oroitzeko eta borrokari jarraipena emateko egiten ditugun gauza guztien zerrenda. Zerrenda hori edukiko bagenu, ezin harroago sentituko ginateke. Bai, baten bat desanimatuko zen, baina, noraez errepresiboa ikusita, gehiago dira gurekin bat egin dutenak. Aurrena katalan independentisten bila joko du gobernu errepresibo honek, baina gero askatasun guztien kontra. Edo denok ados jartzen gara, edo etorkizunean kartzelatuta bageunde bezala biziko gara ia-ia.

U-1era arte, elkar hartuta jokatu zuten alderdi politiko subiranistek eta elkarte zibilek. Oraindik ere hala da?

Madrildik ahalegintzen dira esaten Katalunia kiebra jota dagoela, jendea ez dagoela batuta, enpresek alde egiten dutela... Errealitatea bestelakoa da. Ezin dut ulertu jendeak nola sinesten dituen esaten direnak. Nik ez dakit zer erabakitzen ari diren politiko subiranistak, baina esango nuke haien arteko batasuna nabarmentzeko modukoa dela.

Zer ondorio atera duzu azken bospasei urteotan Katalunian gertatu denaz?

Lur emankor bat erein dugula uste dut, eta iruditzen zait onena etortzeko dagoela. Urtebetean asko ikasi dugu. Errepresioa handia den arren, duela urtebete baino jakintsuagoak gara.

Errepresioa izan den bezalakoa izango zela espero zenuen?

Hain indartsua... Euskal Herrira askoz ere gehiago begiratu izan bagenu, gauza gehiago ulertuko genituen. Baina hemen, pentsatzen genuenez baketsuak ginela, ez genuen halako errepresiorik espero.