Katalunia. Lorenz Goesta. Die Linkeko diputatua

«Independentea dela erakutsi du Alemaniako justiziak»

Alemaniako ezkerreko alderdiaren kidearentzat, subiranistek bide zuzena hartu dute Europan elkartasuna bilatuz. Uste du Merkelek gehiago egin dezakeela auzia konpontzeko ahaleginean.

ALEXANDER KLEBE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Die Linke 2007an sortutako ezkerreko alderdiak ordezkaritza du Alemaniako lander guztietako legebiltzarretan. Parlamentu federalean, Bundestagen, seigarren indarra da. 69 diputatu ditu, eta, iaztik, horietako bat da Lorenz Goesta (Hanburgo, Alemania, 1978). Carles Puigdemont Alemanian atxilotua izan baino lehenago ere, Die Linkek eskatu izan du prozesu subiranistaren harira preso dauden politikariak askatzeko eta auziak konponbide politikoa behar duela.

Espero al zenuten Schleswig-Holsteingo lurralde auzitegiak matxinada delitua baztertu eta Carles Puigdemont behin-behinean aske uztea?

Ez nuen espero, baina banuen horren itxaropena. Merkel kantzilerrak eta Seehofer Barne ministroak atxiloketa onetsi zuten, baina herritarren protestek erakutsi dute Alemaniako herritar gehienak ez daudela ados erabaki horrekin. Alemaniako justiziak independentea dela erakutsi du.

Ikusteko dago ea onartzen duten diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua. Zer irizten diozue, kontuan izanda zer erabaki duten matxinada delituaz?

Zaila da esaten, lehenengo erabakia bezala. Argi dago Espainiako gobernu zentralak motibo politikoengatik leporatzen diola [Puigdemonti] leporatzen diona, eta espero dut epaileek ere hori ikusiko dutela. Garrantzitsua da protestari eta elkartasunari eustea.

Zuek EB Europako Batasunari eskatzen diozue esku har dezala Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkan, baina ez dirudi hala izango denik. Zer behar da EBk bitartekari lanak egin ditzan?

Gatazka politikoki konpontzearen aldeko protestek eta elkartasunak indarra hartu behar dute Europa osoan. Garrantzitsua da Espainiako gobernu zentralaren politika autoritarioaren aurkako alternatibak aurkitzea eta garatzea.

Joan den larunbatean, Katarina Barley Alemaniako Justizia ministroak esan zuen «guztiz zuzena» dela auzitegiak hartu duen erabakia. Espainiako Gobernuak ez du gogoko izan hori; Rajoyk uste zuen Puigdemont Espainiaratzeko nahikoa izango zela Alemaniak eta Espainiak harreman diplomatiko onak izatea.

Pozten naiz hori gertatu ez delako, eta bat nator Barley anderearekin.

Hori argi geratu zen, esate baterako, agintari espainiarrek, Puigdemont atxilotzeko, hura Alemaniara sartu arte itxaron zutenean; lehenago ere atxilo zezaketen, Danimarkan.

Dirudienez, Danimarkako Gobernuak zuhurrago jokatu zuen Merkel andereak baino.

Zer iritzi daukazu Espainiako Gobernuak Kataluniako gatazkaren inguruan duen jokaerari buruz? Espero zenuten?

Espainiako gobernu atzerakoiak behin baino gehiagotan erakutsi du prest dagoela neurri zorrotzak hartzeko bere aurkarien kontra.

Gai honetaz hitz egiteko, Alemaniako Parlamentuan eztabaidak egitea eskatu duzu.

Parlamentua hilaren 16an da berriro biltzekoa. Baina berriz diogu talde juridikoa arduratuko dela gai horretaz. Elkartasuna erakutsi nahi dugu parlamentuan eta kalean.

Uste duzu Merkelen gobernuak, Alemania Europako potentzia bat den neurrian, gehiago egin dezakeela Rajoyren eta Puigdemonten arteko elkarrizketa errazteko?

Bai, eta horixe eskatzen diogu.

Alemaniako gizarteak nola hartu du kontu hau?

Inkestek erakusten dute gehienak atxiloketaren kontra daudela, eta txalotu egin dutela behin-behinean aske uztea.

Zure alderdikide Dieter Dehm diputatuak Puigdemont bisitatzeko aukera izan zuen preso zegoen bitartean, eta harekin hitz egin zuen. Zer moduz ikusi zuen Puigdemont?

Hari galdetu beharko diozu, zoritxarrez ezin izan bainuen bisitan parte hartu. Baina badakit Puigdemontek oraindik ere arau demokratikoak bete daitezela eskatzen duela, eta oso pozik dagoela gure alderdiaren eta gure herriaren elkartasunarekin.

Puigdemontek esan izan du Espainiako demokrazia arriskuan dagoela, eta Wolfgang Schomburg Alemanian duen abokatuaren hitzek ere hori iradokitzen dute. Alemanian irudipena duzue Espainian ez dagoela botere banaketarik?

Die Linke alderdikook behintzat uste dugu Espainiako Estatua indar demokratiko batzuk kriminalizatzen saiatzen ari dela sutsuki. Agian Francoren ondareak oraindik ere badirau.

Kataluniako independentistak gatazka nazioartekotzen ari dira. Uste duzu emaitzarik izango duela?

Bide zuzena da Europan elkartasuna bilatzea eta Europako beste herrialdeek ere kontu honi errepara diezaioten lortzea.

Puigdemonti bizileku iraunkorra eskaini diozue.

Esan du ez duela geratzeko asmorik, eta Belgikako erbestealdira itzuli nahi du Alemanian haren kontrako euroaginduari buruz ebatzi ondoren. Uste dut badakiela oso pertsona garrantzitsua dela mugimendu independentistako gainerako kide atxilotuentzat. Uste dut haien artean koordinatuko dutela zein den biderik onena guztiontzako konponbide baketsu eta demokratiko bat lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.