Teodora Vasquez. Abortuaren aldeko ekintzailea

«Hamar urtez preso egon arren, kartzela ez da sartu nigan»

Vasquez otsailaren 15ean atera zen kartzelatik; hamar urte eta zazpi hilabete eman ditu preso, abortatzeagatik. Orain, abortatzeko eskubidearen aldeko ekintzaile sutsua da El Salvadorren.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Kristina Berasain Tristan.
Bilbo
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gorriak eta bi ikusi dituen arren, aurrera kemenez egiten duten emakume horietako bat da Teodora Vasquez (Ahuachapan, El Salvador, 1984). Duela bi hilabete askatu zuten, kartzelan hamar urte eta zazpi hilabete pasatu ostean. Semea hilik jaio zitzaion, baina justiziak homizidioaz akusatu zuen abortatzeagatik. Senidetzagatik, zigor larriagoa ezarri zion: 30 urteko kartzela zigorra. Ia irakurtzen ez zekiela sartu zen espetxean, eta ekintzaile atera da; abortatzeagatik kartzelan dauden emakumeen ahotsa bihurtu da. Gerra zibilean sortutako elkarte bateko kide da, TNT Garai Berriak Antzeztaldekoa: «Adar askoko zuhaitz bat gara». Iraganera begira ez dela biziko dio, baina bizitakoa liburu batean jasoko duela. Bakea eta Elkartasuna fundazioa Euskal Herrira gonbidatu dute.

2007ko uztailaren 3a. Zer gertatu zen egun hartan?

Eskola bateko kafetegian egiten nuen lan, eta gaizki sentitzen hasi nintzen. Egun batzuk lehenago, kalean eraso zidaten, eta sakelakoa lapurtu. 38-39 asteko nengoen haurdun, eta, esan bezala, ostiral horretan gaizki sentitzen hasi nintzen. Arratsaldeko seiak ziren. Hainbat minutuz etzan nintzen, baina gero min handiagoa nuen, eta pentsatu nuen bazetorrela umea. Zazpi aldiz deitu nuen larrialdietara, 911 zenbakira, baina ez ziren etorri. Ospitalera joateko dirua eskatu nion nagusiari, baina anbulantzia ez zen etorri. Orduan, komunera joan nintzen, eta konortea galdu nuen. Esnatu eta laguntza bila joan nintzenean, poliziak etorri ziren. Lankide batek salatu ninduen. Haurra hilote nuen galdetu zidaten. Polizia-etxean lau orduz eduki ninduten, goizaldeko ordu bata arte, odoletan, eta, halako batean, han zegoen gizon batek poliziei esan zien hiltzen ari nintzela, ospitalera eramateko. Hurrengo egunean, esnatzean, ezkerreko hankan burdinak nituen, eta kazetariz inguratuta nengoen.

Kazetariz inguratuta?

Bai. Biharamunean egunkarien azaletan agertu nintzen, hiltzaile baten moduan: haurra itotzen harrapatu nindutela zioten.

Epaiketa bermerik gabe egin zela salatu dute elkarteek.

Hala da. Hasieran, abokatuari 700 dolar ordaindu zizkioten gurasoek, baina gero eta diru gehiago eskatzen zuen: 5.000 dolar. Gurasoak pobreak dira, eta, hortaz, auzitegi publikoan ofiziozko abokatu bat etorri zen, nire izena ere ez zekiena. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zidaten. Umea hilik jaio zen, baina hiltzeaz akusatu ninduten. Herri Elkartea erakundeari esker atera naiz kartzelatik. Kartzelara etorri zirenean, bost urte neramatzan preso. Helegitea jarri zuten, eta atzera bota zuten, 2014an, baina abenduan karguak kendu zizkidaten. Orain aske nago, baina ez da frogatu errugabea naizela. Nik umea eduki nahi nuen, irrikaz nengoen, baina arazo obstetriko bat izan nuen, eta larrialdietan ez ninduten artatu. Arrazoirik gabe zigortu ninduten.

Ekintzaile atera zara kartzelatik.

Hamar urtez egon naiz preso, baina kartzela ez da sartu niregan. Sartu aurretik, ez nuen honetan pentsatzen, ez nuen iritzirik ere ematen, baina barruan ikusi dudan guztiak indarra eman dit borrokatzeko eta barruan dauden emakumeen ahotsa izateko. Nirea ez da kasu bakana. Oraintxe, 24 emakume daude kartzelan abortatzeagatik, batzuk 35 urte arteko kartzela zigorrekin, eta haien izenean ere hitz egiten dut. Barruan dauden emakumeek indarra ematen didate. Haien ahotsa naiz orain.

17 eta gehiago taldea sortu zenuten kartzelan. Zertan ari zarete?

Herri Elkartea erakundearen abaroan hasi ginen. Orduan 17 emakume ginen, baina gero gehiago etorri ziren, eta horregatik eta gehiago hori. Delitu honengatik emakume bat iristen zenean, harrera egitera joaten ginen, bakarrik senti ez zedin, gu ez bezala.TNT erakundearekin ari gara, ikastaroak egiten ditugu, laguntza psikologikoa ematen dugu, bai barruan zaudenerako eta bai kanpoan zaudenerako. Etxe bat ere alokatu dugu.

Salatu izan duzu emakume pobreak soilik kartzelatzen dituztela.

Bai. Emakume dirudunak ez dituzte kartzelatzen; horiek kanpora joaten dira abortatzera, edo klinika pribatu batera, eta inork ez ditu salatzen.

1997an debekatu zuten abortua El Salvadorren. Giza eskubideen alorrean atzera egin al da?

El Salvador herrialde kontserbadorea, erlijiosoa eta matxista da. Abortua oso gaizki ikusita dago; bekatu bat dela eta infernura joango zarela, hori esaten dizute. Nik neuk askotan entzun behar izan dut haur-hiltzaile hitza. Espero dugu apirilaren 30a baino lehen abortua kasu batzuetan baimentzea. Legebiltzarraren aldaketa gauzatuko da egun horretan, eta eskuinaren esku geratuko da aurrerantzean. Eskuinak 50 urte arteko kartzelarekin zigortu nahi du abortua. Hutsetik hasi beharko genuke berriz ere, baina ez diogu utziko borroka egiteari.

Nola izan zen kartzelatik ateratzeko unea?

Nire bizitzako egunik hunkigarriena izan zen. Segurtasun ministrordeak zapuztu zezakeen eguna, baina ez nion utzi. Teodora berri bat atera zela esan zuen, preso egoteagatik naizela gaur egun naizena, kartzelari esker batxilergoa ikasi eta 36 diploma atera nituelako. Erantzun irmo bat emateko arrazoiak eman zizkidan, baina ez nuen halakorik egin; ez nuen nahi horrenbeste esperotako une eder hori zapuztea. 14 urteko semea zain nuen, lau urte zituenean kartzelatu baininduten, eta ez nion jaun horri ezer aurpegiratu nahi izan, berriz ere kartzelatuko baininduen; beraz, isildu egin nintzen, eta oraingo bizitzari ekin nion. Emakumeak ez gara libre, eta hori irauli nahi dut. Emakumeen eskubideak errespetatu egin behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.