Jon Rahm. Golf jokalaria

«Historiako onena izan nahi dut»

Euskalduna da amateurretako munduko golf jokalari onenetan bigarrena, Barrikakoa. Jon Rahm du izena, 20 urte ditu, eta AEBetan bizi da, han ari baita ikasten. Profesionalekin lehiatu daitekeela erakutsia du, baina erabakia du urte eta erdi itxarotea. Ikasketak amaitu nahi ditu aurrez.
JUSTIN HEIMAN

Julen Etxeberria -

2015eko martxoak 3
Bi urte bakarrik daramatza Jon Rahmek Tempen (Arizona, AEB), baina jada hango azentua dauka. «Denek esaten didate gauza bera», dio barrez. Euskalduna da, baina nahiago izan du elkarrizketa gazteleraz egitea. «Urtean ia ez dut hitz egiten euskaraz, eta galdu egin dut erraztasuna», aitortu du.

«Munduko onena izan nahi dut». Zuk esana da.

Muturreraino naiz lehiakorra. Ez zait gustatzen ezertan galtzea. Beti izan nahi dut onena.

Oraindik ez zara munduko onena, baina Jack Nicklaus handiaren marka bat hobetua duzu. —inoizko puntuazio onenarekin irabazi zuen iaz amateurretako Munduko Txapelketa—.

Txapelketa amaitu arte ez nuen izan markaren berri. Egundoko ezustea izan zen, eta oso berezia. Egunero ez da hobetzen 54 urteko marka bat, eta, are gutxiago, Jack Nicklaus handiak egindako bat.

20 urte besterik ez duzu, ez zara profesionala, eta, halere, zure izena bolo-bolo dabil. Nola hartu duzu hori guztia?

Ondo, ohitzen hasi naiz. Otsail hasiera aldean Phoenixen, profesionalen artean bosgarren sailkatu izanak ezagunagoa izateko balio izan dit. Ondoren lehiatu naizen torneoetan nabaritu dut jendeak ezagutzen nauela. Autografoak sinatzen hasia naiz.

Aurreikuspenak ez betetzearen beldur zara?

Ez, axola zaizkidan aurreikuspen bakarrak nik neure buruari jartzen dizkiodanak baitira.

«Noiz pasatuko zara profesionaletara?». Zenbat aldiz egin dizute galdera hori?

Makina bat aldiz, eta beti erantzuten dut gauza bera: unibertsitateko ikasketak amaitzen ditudanean [Komunikazioa ari da ikasten]. Gurasoek oso argi utzi zidaten unibertsitateko ikasketak amaitu behar nituela, eta gero gerokoak. Agindu zidatena betetzeko asmoa dut. Gainera, uste dut golfean ere oso baliagarria dela ikasketak izatea, babesleak-eta lortzeko.

Izan duzu tentaziorik?

Tentazioa baino gehiago, kuriositatea da, alde handia baitago. Adibidez, profesionala banintz, Phoenixen bosgarren sailkatzeagatik 240.000 dolar inguru jasoko nituen [214.000 euro inguru]; baina ez naizenez, ez dut zentimo bat bera ere jaso. Baina tira, hala da, eta kito. Ez nago itsututa profesionala izatearekin. Are gehiago, larritu egiten naiz horretan pentsatuta. Hamaika kontu izan behar dira ondo-ondo lotuta.

Profesionalekin aritzeko maila, behintzat, baduzu.

Phoenixen eginikoak konfiantza handia eman dit; orain, badakit ondo jokatuz gero profesionalen arteko torneo bat irabaz dezakedala. Nik argi nuen aukera emanez gero ondo egin nezakeela. Neure buruari erakutsi diot uste nuena baino maila hobea dudala.

Ezustean harrapatu zintuen horren ondo aritzeak?

Ez. Espero nuen ondo jokatzea, baina ez nekien zehatz zein maila nuen. Orain, badakit ondo arituta goian egon naitekeela.

Nola gogoratzen duzu han bizi izandakoa?

Itzela izan zen. Hasieran, oso urduri nengoen, eta, horren ondorioz, oso gaizki hasi nintzen. Baina neure buruari esan nion ahaztu egin behar nuela nire jarduna ez zen beste guztia, eta gozatu. Behin hori eginda, oso ondo hasi nintzen jokatzen.

Gaixo ere egon zinen.

Bigarren egunean tripako birus batek jota jaiki nintzen. Eta hala egon nintzen ia bi egunez, ezer jan gabe, eta jaten nuen apurra botata, goitik eta behetik. Barra energetikoak janez eta ur pila edanez; horrekin egin nuen aurrera.

Eta, hala ere, bosgarren izan zinen. Ondo egon izan bazina...

Agian, on egin zidan gaixo egoteak, burua horretan izan nuelako.

Zure ibilbideko aldirik onenak izan dira Phoenixen izandakoak?

Bizi izan ditut beste aldi oso bereziak ere. Adibidez, Munduko Txapelketa irabazi nuenean. Phoenixen bizi izandakoa, ordea, berezia izan zen, profesionalekin lehiatu nintzelako, Grand Slameko hamaika torneo irabazitako jokalariekin, ordu arte telebistaz ikusten nituenekin. Egun ere, torneo hartako argazkiak ikusita oilo ipurdia jartzen zait neure burua jokalari haiekin ikusita.

Alde handia dago amateurrekin edo profesionalekin lehiatuta?

Antolaketari dagokionez, itzela da aldea. Amateurretan poltsa daramazu bizkarrean, eta beste hamaika kontu dituzu egiteko. Profesionaletan, ordea, egin behar duzun gauza bakarra da pilota jotzea. Kito.

Jauzia ere nabarituko da, ezta?

Profesionaletan, kolpe bakoitzak garrantzi handia du. Amateurretan huts egin ditzakezu kolpe pare bat, eta behera ez egin. Profesionaletan, ordea, bi kolpe huts egin, eta dozena bat postu egiten dituzu behera. Eta diruari dagokionez, zer esanik ez. Kolpe bat gutxiago jo izan banu, 100.000 dolar gehiago irabaziko nituen [89.000 euro inguru]. Amateur batentzat horrek ez du axola, baina profesional batentzat bai.

Torneo horrek bizitza aldatu dizu?

Ez, baina lehen baino konfiantza handiagoa dut neure buruarengan. Jada ez dut zalantzarik.

Egin ezazu zeure buruaren azterketa bat. Zein da zure indargunea?

Buruko indarra. Hain naiz lehiakorra, inoiz ez dut amore ematen. Inork ezin nau mespretxatu edo garaitutzat jo, azkeneraino borrokatuko bainaiz beti.

Eta jokoaren alorrean?

Bi indargune ditut. Altua naizenez, luze eta zuzen jotzen diot pilotari. Green-eko jokoan, joko motzean ere oso ondo moldatzen naiz. Konbinazio ona da.

Eta non duzu hobetzekorik?

Ez naiz oso trebea burdina luzeekin. Ez ditut asko erabiltzen, eta hori nabaritu egiten da.

Ez duzu maisu txarra, Tom Mickelson, Grand Slameko bost torneo irabazitako Phil Mickelsonen anaia, hain zuzen ere.

Luxua da. Halere, AEBetan entrenatzailearen lana ezberdina da. Ez da saiatzen gure teknika aldatzen. Ariketak ematen dizkigu, baina landu, haren laguntzailearekin lantzen ditugu. Entrenatzailea baino gehiago, managerra da. Berak antolatzen du dena: materiala, arropa, bidaiak, aseguruak...

Ikasteko toki txarra ere ez duzu, Arizona State, AEBetako unibertsitate handiena, eta ospetsuenetako bat.

Luxua da hemen egotea. 365 egunetatik 360tan egiten du eguzkia, eta, horri esker, egunero entrena gaitezke. Euskal Herrian ezinezkoa da hori. Kirol azpiegiturak ere ikusgarriak dira.

Carlota Ziganda Larraintzarkoak ere han ikasi zuen, eta Maria Hernandez iruindarrak Purdueko Unibertsitatean, Indianan. Beste aukerarik ez dago?

Europan ez dago halakorik; ez, behintzat jenio bat ez bazara, adibidez, Kobe Bryant bezala, zeina unibertsitatea zapaldu gabe NBAra pasatu zen. Dena dago antolatuta unibertsitatetik pasatu behar izateko. Erraztasun guztiak eskaintzen dizkizute ikasketak eta kirola uztartzeko. Hemen, gainera, Europan baino maila handiagoko torneoak daude.

Nolakoak dira entrenamenduak?

Torneorik gabeko aste batean hiru ordu pasatxo entrenatzen gara egunero: bi ordu zelaian eta ordubete pasatxo gimnasioan.

Eta zer moduz doaz Komunikazio ikasketak?

Ondo. Irakasleek erraztasun asko ematen dizkigute. Kulturaren parte da. Hemen nota txarrak ateratzen dituena alferra delako da.

Eta entrenatzen edo ikasten ez zabiltzanean, zer egiten duzu?

Ez dago tabernarik. Egonda ere, ezingo nintzateke joan, ez ditudalako 21 urte. Senidetasun elkarteak egon badaude, baina campusetik urrun. Filmetakoen antzekoak dira, baina ez zaizkit batere gustatzen. Ez naiz inoiz joan.

Bi urte pasatxo daramatzazu jada han, eta egokituta zaude. Hasiera, ordea, gogorra izango zen, ezta?

Aldaketa zaila izan zen. Nire ingelesa ez zen oso ona, eta hasieran kosta egin zitzaidan. Eskolak hasita iritsi nintzen, eta kolpe batean ikasi behar izan nituen gauza asko. Zaila izan zen, baina behin hizkuntzarekin moldatuta, errazagoa izan zen.

Barrikatik Madrilera, goi errendimendurako gunera joatea ere ez zen izango samurra.

Hura ere aldaketa handia izan zen. Euskaraz ikasteari utzi, eta gaztelaniaz ikasten hasi nintzen. Liburuak hartu, eta ez nuen ezer ulertzen. Gogorra izan zen familiarengandik banantzea ere. 15 urterekin, heldu bat izan beharra neukan. Baina lortu nuen.

On egin zizun egonaldiak?

Izugarri. Hasieran, astean bi egunez jokatzen nuen golfean, eta, azkenean, sei egunez jokatzen nuen. Bada aldea.

Noiz erabaki zenuen golf jokalari izan nahi zenuela?

Ez dakit. Iritsi zen une bat golfak harrapatu ninduena. Oso ondo moldatzen nintzen. 14 urte nituela, jauzi handia eman nuen; hasieran, ezezaguna nintzen, eta, azkenerako, Espainiako txapelketa irabazi nuen.

Nola hasi zen dena?

Martiartun, 7 urte nituela. Han jo nituen lehen kolpeak. Gurasoek jokatzen zuten, eta, ni han nenbilenez, ni ere hasi nintzen.

Gurasoen babesa izan duzu beti.

Aitak eta amak dena egin dute nik golfean joka nezan. Zenbat kilometro egingo genituen autoan elkarrekin! Ahalegin itzela egin dute, ordainezina.

Zenbat aldiz leporatu dizute golfa aberaskumeen kirola dela?

Makina bat aldiz. Lagunek oraindik esaten didate. Baina ez nago ados. Lehen agian bai, baina orain ez. Edonor aritu daiteke. Eskia ez da garestia? Askok eskiatzen dute. Aitzakia bat da golfean ez jokatzeko.

Etortzen zara Euskal Herrira?

Udan bi hilabete egiten ditut Euskal Herrian; Gabonetan, hiru aste-edo. Hori da gogorrena, gurasoak, anaia eta lagunak denbora luzez ez ikustea.

Athleticzale amorratua zara.

Bai. Familiatik datorkit zaletasuna. Aitona [Sabin Rahm] Athleticeko ordezkaria izan zen.

Jose Angel Iribar duzu idolo, baina zuk ez zenuen jokatzen ikusi.

Ikusi dut, San Mamesen mendeurrenaren lehian! Nire aurreko atean jarri zen. Zirraragarria izan zen.

Ametsik baduzu?

Harroputza naizela emango du, baina historiako golf jokalari onena izan nahi dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna