Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Jendea zuregatik pozik ikustea zoragarria da»

Buruz buruko txapela jantzi zuen igandean, eta, lau eta erdikoaren ondoren, urte bikaina biribildu du. Etxekoei eta herriari asko eskertu dizkie animo eta ospakizunak.
JON URBE / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko maiatzak 29
Amezketa pankartaz josita esnatu da. Bezperan herritarrek Jokin Altunari animoak emateko eskegitako oihalek garaipen estandarteak dirudite astelehenean. Pilotalekuaren kanpoaldean, Pilotaren magoa deitzen dion bat dago eskegita; kantxan, halere, ez dago bezperan han egondako jaiaren arrastorik. Bazkalostean, eta lo askorik ez egin arren, buruz buruko txapeldun berriak aurpegi ona du, eta irribarrea iltzatua. «Pankartena harrigarria izan zen; bospasei daude herri osoan. Jende guztiari oso eskertua natzaio, harrigarria da».

Egunkariak begiratzeko astirik izan al duzu? Eta finala ikusteko?

Ez dut egunkaririk irakurri. Gurasoek ekarriko dituzte. Amak beti gordetzen ditu argazkiak. Arreba eta aita finala errepikatuta ikusten egon dira etxean.

Asko luzatu al zen gaua?

Afaltzen hasterako berandu zen, pilotalekutik irteterako ere bai, eta, gero, tabernetara joan ginen. Eguna argituta bildu gara etxera. Une guztiekin gozatzen jakin behar da. Une gozo hauek iritsi badira beste gauza batzuk ondo egin ditugulako da. Zure adineko beste gazteek egiten dituzten gauza batzuk ezin dituzu egin, eta halakoetan beraiek bezalaxe gozatzea egokitzen da.

Hurrengo egunean txapela beste modu batera ikusten al da?

Gauza handiagoa egin duzula iruditzen zaizu. Inguruko jendearentzat ere gauza handia dela ikusten duzu, elkarrizketak... eta garrantzia ematen diozu. Une oso-oso politak dira, eta horiekin gozatzen jakin behar da.

Amezketako harrera ikaragarria izan zen, eta Joxean Tolosak ere bisita egin zizun.

Bai. Latza, herrikoa izugarria izan zen; hura zen jendetza! Joxean etorri zenean afaltzen ari nintzen, eta ez nuen espero. Familia uztera joan zen Donostiara, eta kasu egiteagatik bakarrik etorri zen. Biok hunkitu ginen, bera ni baino gehiago; sekulako ilusioa egin zidan. Oso polita izan zen. Tolosak esan zidan hau arrakasta handia dela, baina denborarekin are gehiago baloratuko dudala, hori betirako gelditzen delako.

Zein oroitzapen duzu finaletik?

Partida handia izan zela. Tanto gogor asko egon ziren. Jendea nahiko gustura gelditzeko moduko partida izan zen, eta ni gehiago, txapela irabazita. Podiumekoa ere oroitzapen oso polita da. Herriko jendea pozik ikusten duzu, jende pila bat zuregatik pozik, handia da sentipen hori.

Hasiera oso gogorra izan zen.

Biok erritmoa sartzen saiatu ginen, eta horrek mentalki gastatu egiten zaitu, une oro mugan jokatzen ari zarelako. Biok sufritu behar izan genuen, eta, gero, pilota nik mugitu nuela iruditzen zait, eta berak metro gehiago egin behar izan zituela korrika.

Bazirudien Olaizolari partida luzea komeni zitzaiola, baina zuk osoago bukatu zenuen.

Askotan teoriak ez du ezertarako balio. Egunak izaten dira. Nik ez nion beldurrik partida luzeari; txapelketan erakutsi dut partida luzeei eusteko gai naizela, eta finala txapelketa guztiko partidarik luzeena izan zen, 300dik gora pilotakadarekin.

Noiz ikusi zenuen txapela zure buruan?

21. tantoa egitean eskura ikusten nuen, baina lehenago ez. 20-13koarekin kanpora bota nuenean, oraindik arrisku ikaragarria ikusten nuen, Olaizolak sakearekin min handia egin zezakeelako.

Urrutikoetxearen aurka ukipen lenteekin jokatzen hasi zinen. Aldea nabaritu al diozu?

Ez diot garrantzi berezirik eman nahi, txapelaren gakoa ez da hori bakarrik. Hobekuntza nabaritu dut, pilotaleku ilunetan bereziki. Optikakoak esan zidan harritua zegoela nola ari nintzen horrela pilotan jokatzen.

Hilabete gutxitan bi txapel, eta binakakoa ere ona. Urte batean oso goian kokatu zaitu pilotak...

Harro eta pozik nago. Baina igandean eginikoa igandean amaitu zen. Orain bi opor aste ditut, baina, gero, uda oso gogorra dator, eta horretan zentratu behar dut. 22 urte dauzkat, eta ikasten ari naiz.

Ametsa bete duzun sentipena duzu?

Zalantzarik gabe. Hala ere, inoiz ez da izango dominatuko dudan jokamolde bat. Gauza bat parez pare jokatzea da, eta beste bat, agintzea. Dena perfektu egin behar duzu, eta ilusio handiagoa egiten dizu.

Orduan, lau eta erdikokoa baino handiagoa da hau?

Ez dakit. Lau eta erdikokoak ere sekulako ilusioa egin zidan. Hura berria zen. Lau eta erdikoa irabazita dena ezberdin ikusten duzu, eta agian, hura irabazi ez banu, ez nuen jokatuko txapelketa hau hainbeste konfiantzarekin.

Ardura handia izango al da elastiko gorriarekin jokatzea?

Bai, baina ez dut uste lehen baino ardura askoz handiagoa izango denik. Lehen ere presio dezente izaten dugu; partidatan ondo jokatzearekin ez da aski, irabaztea exijitzen zaigu. Txapeldun izan naiz, baina horregatik ez dut neure buruari gehiago estutuko.

Eta bi txapelak defendatzea?

Ezta ere. Halere, egia da lehen, buruz buru, jenderentzat ez nintzela faboritoa, eta ez ninduten kinielatan sartzen. Baina nik nire onena ematen jarraitu behar dut, jakinda beti ez dudala irabaziko.

Teknikariek diote ez dakitela non dagoen zure goia. Eta zuk ba al dakizu non dagoen?

Hori esatea oso polita da, baina nik ez dut etorkizunean pentsatzen. Ni astez aste noa. Urte honetan ez dut aurrera begiratzen. Aurten, ia asteburu guztietan lehia garrantzitsuak izan ditut, eta, aizu, hori seinale ona da.

Irujoren erretiroaren ondoren aurrerapausoa eman, eta enpresaren pisua hartu zenuen. Orain, zuri egokituko zaizu aldagelako lider izatea?

Ez dakit. Ni bolada onean nago orain, baina pilotari handi asko daude Aspen. Irujo liderra izan da arlo askotan, pilotalekuaren barnean zein kanpoan. Hura ordezkatzea ezinezkoa da.

Oporretan zoaz orain, baina hegaldiaren eguna atzeratu behar izan duzu. Finalera iristerik ez zenuen espero ala?

Nik hegaldia hartu nuenean, duela bi edo hiru hilabete, finaleko eguna jartzeko zegoen. Olaizolak ere iganderako hartu zuen, eta antzeko zerbait pasatu zitzaion.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria