Mikel Urrutikoetxea. Asegarceko pilotaria

«Burua hotz mantendu nuen, eta ondo amaitu nuen partida»

Oinatz Bengoetxearen aurka finalerdia galdu, eta, Aimar Olaizolaren aurka finala irabazita, egindakoa barneratzen ari da Mikel Urrutikoetxea. 38 urteren ondoren, Bizkaian da txapela.
ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2015eko ekainak 30
Nahikoa lan izan zuen atzo Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989) eskaera guztiei erantzuteko, baina txapela jantzi zuen eginkizun horretan ere. Aimar Olaizolaren aurka final handia jokatuta, «aurretik lortutako garaikurren ondoan» dago jada buruz buruko txapela. Keinua egin dio Oinatz Bengoetxeari, eta «beti bezain umil» jarraituko duela hitzeman du.

Astelehenak triste samarrak izaten dira askorentzat, baina zurea ez zen halakoa izango, ezta?

Tira... Egun polita izan zen atzokoa, eta lortutakoa barneratzen ari naiz orain. Niretzat, gauza handia zen Aimarren aurka final bat jokatzea, eta, zer esanik ez, irabaztea. Urte asko dira Bizkaian buruz buruko txapelik lortzen ez genuela, eta oso polita da pilotari handi horien artean egotea.

Batere lorik egin al duzu? Zer moduz joan ziren ospakizunak?

Horrelakoak familia giroan ospatzea gustatzen zait. Gero ere egongo da lagunekin ospatzeko nahikoa denbora. Herritarrekin egon nintzen plazan, eta luntxa egin genuen gero auzoan, baina goiz joan nintzen etxera. Oso nekatuta amaitu nuen partida, eta 00:30erako lo nengoen.

Norentzat da txapela?

Ez zait gustatzen txapelak pertsona bakarrari eskaintzea. Urte asko daramatzat pilota munduan, eta pertsona askok lagundu didate tarte honetan. Urteotan egindako lan guztiaren fruitua da; jende asko dago atzean.

Hotz samar erreakzionatu zenuen azken tantoa eginda. Kosta egin zitzaizun barneratzea?

Finala irabazi arren, pilotariak errespetua zor dio aurkariari. Pozez zoratzen nengoen, baina ospatzeko badaude kantxa baino leku hobeak. Azken finean, lagun handia dut Aimar, eta entrenamendu asko egin ditugu elkarrekin. Edonork merezi zuen txapela, baina, zorionez, asmatu egin nuen azken tantoetan.

Berriz saiatuz gero, ia seguru ez duzu asmatuko 19-20ko bi pareta hura egiten...

Oso seguru zebilen Aimar aire jokoan eta defentsako lanean, eta izugarri gogortuta zegoen ordurako partida. 19-19koarekin, kale edo bale apustu egin beharra neukan, eta jokaldi horixe ikusi nuen buruan. Zorionez, balekoa izan zen jokaldia, eta, ondoren, saketik egin nituen azken bi tantoak, zabaletik aterata.

Zer pentsatu zenuen 10-19 aurretik jarritakoan lehenengo, eta Olaizola II.ak, erabat berotuta, 19nakoa lortu zuenean gero?

10-19 aurretik joanda ere, banekien ez neukala lasaitzerik horrelako txapeldun handi baten aurka. Sakea berreskuratuz gero, min egiten dute horrelako pilotariek, eta hala gertatu zen. Ikaragarri jokatu zuen zati horretan, eta ezin nuen asmatu. Baina, zorionez, urduri egon arren, burua hotz mantendu nuen, eta ondo amaitu nuen partida.

Berehala ikusi ahal izan zen oso argi zeneuzkala ideiak: sakea barrutik atera, pilota asko astindu, eta defentsako lan ona egin.

Oso zaila da Aimar bere lekutik ateratzea, baina gauzak pixka bat aldatzeko asmoarekin irten nintzen etxetik. Ez nekien onerako edo txarrerako izango zen, baina horretan saiatu nahi nuen. Eroso ibili nintzen, sake errestoan ondo moldatu zen arren pilota egoki utzi zidalako hurrengo pilotakadarako. Azken tantoetan, berriz, aldatu egin nuen taktika, eta asmatu egin nuen.

Entrenatuta zegoen saketik bi pareta egitea ere?

Ez, ez, hori ez [barrez]. Horregatik atera zitzaidan hain aldrebes.

Poz ederra hartu zuen Iñaki Gorostizak berak ere! Erraz esaten da, baina 38 urte bizkaitar bat buruz buru txapeldun izan gabe.

Urte asko igaro dira, zoritxarrez. Gorostiza eta Garcia Ariño-eta ez dauzkat ikusita jokatzen, baina pilotari handiak ziren, eta poza sentitu nuen saria eurek eman zidatenean. Izugarria da Bizkaiko pilotari handi horiei erreleboa ematea. Ea ez diren hainbeste urte igarotzen beste bizkaitar batek txapela irabazi arte.

Bazkariren bat irabaziko zuen Oinatzek ere, ezta?

Astean zehar animoak bidali nizkion. Erantzun zidan Aimarri finala irabaziz gero merezita lortuko nuela txapela. Izugarri eskertu nion hori. Beste behin, argi geratu da zer-nolako pertsona den.

Batzuek esango dute ez dela bidezkoa finalerdietan galdu zuen pilotaria txapeldun izatea.

Tira... Nik ez diet buelta askorik ematen kontu horiei. Pilotan jokatzea da nire lana; ahalik eta mailarik onena ematea aukera daukadan guztietan. Ez da gustagarria finala kide baten lesioagatik jokatzea, baina ezin da ezer egin horrelako egoera baten aurrean.

Orain ez zara nahastuko armairutik elastiko gorria hartu beharrean urdina hartuta, ezta?

Arraroa izango da urtea, urdinez jokatzera ohituta nagoelako, baina oso polita izango da.

Mapan agertuko da Zaratamo aurrerantzean. Turismo agentziei irabazien ehunekoren bat eskatzen hasi beharko duzu...

[Barrez] Niretzat eta herriarentzat oso gauza polita da oihartzun hori lortzea, baina pilota eskolarengatik pozten naiz bereziki, neska-mutikoek ilusio horri eusten laguntzeko balio dezakeelako.

Buruz burukoan goia jota, orain zer?

Orain arte bezala, umil-umil jarraituko dut nik lanean. Binakakoa iritsiko da laster; baina, bitartean, ahalik eta ondoen jokatzen jarraituko dut, herriz herri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna