Lizzie Borden. Zinema zuzendaria

«Gauzak zalantzan jartzeko baliabide bat da zinema»

Zinema feminista, 'queer' eta lesbiko militantearen aitzindaria da Lizzie Borden estatubatuarra. Heteroarauak zalantzan jarri ditu etengabe, zinema akzio politikorako tresna hartuta.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Linda Elizabeth Borden izenarekin jaio, baina 11 urterekin hartu zuen bere izen artistikoa Lizzie Bordenek (Detroit, AEB, 1958), XIX. mendearen amaieran aita eta amaordea hiltzeaz akusatuta egon zen emakumearen omenez.Born in Flames filmarekin (1983) egin zen ezagun, eta film hori erakutsi du —baita Re-grouping ere (1976)— asteburuan Donostiako Tabakaleran egin duen saioan.Martxoaren 11n Working Girls (1986) dokumentala emango dute. Donostian baino lehen Bartzelonako Macban izan da, eta han elkarrizketatu du BERRIAk.

Noiz, nola eta zergatik hasi zinen zinemagintzan?

Jatorriz margolaria naiz, eta txikia nintzenean hori zen nire ametsa. Baina, koxkortzen ari nintzela, irakasle batek arte aldizkari batean idazteko zutabe bat eskaini zidan. Orduan jabetu nintzen idazteko ere nuen botereaz. Arteaz gehiegi jakiteak bultzatzen ninduen margolanez harago joatera, eta marrazkiren bat egiten nuenean artelanaren jatorrizko autoreaz gehiago jakin nahi izaten nuen. Denborarekin ikusi nuen Jean-Luc Godarden filmen atzera begirakoa, eta orduan konturatu nintzen ez zitzaizkidala gustatzen film horiek banan-banan, baizik eta guztiek elkarrekin lortzen zutena. Emaitza bikaina zen, gai zirelako irudia eta kontakizuna uztartuz emaitza perfektua lortzeko.

Detroiten jaio zinen, baina gurasoek New Yorkera joan behar izan zuten zu txikia zinela. Zein eragin izan zituen aldaketak zure ibilbidean?

Tira, ikaragarria izan zen. Garai hartan, New Yorkeko hirigunea esperimentazioaren habia zen. Gauza desberdin asko egiten zituen jende interesgarri asko zegoen, artistak, dantzariak, musikariak, antzezleak... Hori zen nik egon nahi nuen tokia, eta, hein batean, giro hark bultzatu ninduen filmak egitera. Testuinguru hark erakutsi zidan performancea egiten zuten emakumezkoak ez zituztela errespetatzen eta bigarren mailan ezartzen zituela gizarteak. Horrek bultzatu ninduen arteaz idatzi eta filmak egitera.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Guztia zalantzan jartzen nuen, sexualitatetik hasi eta klasera bitarte. Born in Flames filmaren harira, emakumeak eta haien ahotsak ezagutu nahi nituen, eta prozesu luzea izan zen. Guztira, bost urte inguru eman nituen. Izan ere, ez nuen dokumental bat egin nahi; jakin nahi nuen filma zenbateraino aberasten zen besterik gabe emakumeen ahotsak entzuten banituen. Eta horregatik erabaki nuen ez nuela zinema eskola batera joan nahi. Filmak ikusiz ikasi nahi izan dut zinema egiten, eta gaur egun argi dut: zinema eskolara joan izan banintz ez nuen Born in Flames egin izango.

Zinema militante lesbikoaren aitzindaria. Baina zeintzuk izan dira zure erreferente nagusiak?

Artearen bitartez iritsi nintzenez zinemagintzara, hastapenetan ez nuen erreferentziarik.Zerbait aipatzekotan, esango nuke Got Art-a, edo Bertolucci agian, eta La battaglia di Algeri filma. Born in Flames, esate baterako, azken lan horretan oinarrituta dago. Bestalde, New Yorken ezagutu nituen artista guztiak ere ezinbestekoakizan dira. Originaltasuna miresten dut, eta esango nuke nire erreferentziak zaharrak baino gehiago egungoak direla.

Zure erronketako bat da filmen bitartez ideiak zalantzan jartzea, pantaila handian nagusi diren lan komertzialak zureekin kontrajarriz.

Ezinbesteko ariketa da. Ez naiz sekula identifikatu Hollywoodekin, horrexegatik, Hollywood askoz ere handiagoa eta desberdinagoa delako nik egiten dudanaren aldean. Zinemagintza, niretzat, gauzak zalantzan jartzeko baliabide bat da. Eta hori egin dut, gehienbat Born in Flames eta Working Girls filmetan. Nire erronka da ikusleengan hainbat galdera sustatzea, eta haiek gai izatea pelikulan azaltzen dudanaren bitartez arrazoibide propioa eraikitzeko.

Erronka hori betetzea, hala ere, ez da lan erraza gaur egun. Are gutxiago Hollywooden.

Zailegia da. Horregatik behar izaten dut hainbeste denbora filmak sortzeko. Esate baterako, borrokan ari naiz abortuaren inguruko pelikula batez erditzeko. Baina oso zaila da babesa eta dirua lortzea. Hollywoodek ez du apusturik egiten gisa horretako filmen alde. Duela hamar urte hasi nintzen Hollywooden ate-joka. Baina denek esaten dizute «bai, bai, bai», eta, ondoren, «ez». Hori gertatzen da Ameriketako Estatu Batuetan abortuaren kontrako mugimendu indartsu bat dagoelako, eta Hollywood ez da bustitzen halako filmak egiteko. Horregatik, nire aldetik egiteko bideen bila hasita nago.

Feminista zara. Zinemagintza emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunen arteko adibiderik argiena da. Emakume zuzendari gutxi aurki daiteke oraindik.

Uste dut arazoa zenbaketa egiteko modua dela. Tira, egia da, gaur egun gutxi dira pelikula handiak egiten dituzten emakumeak. Baina zenbaketa horretatik at gelditzen dira, urtero-urtero, argia ikusten duten lan zoragarri txiki guztiak. Emakumeok zuzendutakoak. Horregatik diot arazoa dela zenbaketa hori zertan oinarritzen den. Sortu, sortzen dugu, arazoa da banaketarik ez dutenak zuzenean isilarazten dituztela.

Amaitzeko, ba al duzu bertze proiekturik esku artean orain?

Abortuarenaz gain, Ana Mendieta artista kubatarraren inguruko film batean lanean ari naiz. Senarrak hil zuen, eta sail bat egiten ari naiz haren istorioarekin. Oraindik idazten ari naiz, baina espero dut hurrengo bi urteetan argia ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.