Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola «Multzoa erraza dela? Gu ez gaitu inork engainatuko»

Publizitatea

Kirola

Iago Herrerin. Athleticeko atezaina

«Multzoa erraza dela? Gu ez gaitu inork engainatuko»

Athletic defentsan nabarmendu da denboraldi hasieran. Europa ligan aurrera egiteko giltzetako bat izango da atzean sendo egotea. Atzealde horretako azken zutarria izango da Herrerin.
Argazkia: LUIS TEJIDO / EFE

2017-09-13 / Haritz Gallastegi

Iago Herrerinen (Bilbo, 1988) ametsa Athleticeko lehen atezaina izatea da. Oraingoz, baina, ez du lortu. Gorka Iraizozen itzalean egon da luzaroan, eta, egun, Kepa Arrizabalaga dauka aurretik. Hala ere, Lezamako teknikariek badute fedea harengan. Horregatik, bai Ernesto Valverdek, bai Jose Angel Ziganda Kuko-k Europa ligan eta Espainiako Kopan lehiatzeko aukera eman diote. Okerrik ezean, bihar berak zainduko du zuri-gorrien atea Berlingo olinpiar estadioan. Hertha Berlinen kontra izango da, taldekako ligaxkako lehen partidan. Zigandak atzo jakinarazi zuen deialdia, eta atseden eman die Beñati, Iturrasperi, Sabin Merinori eta Unai Nuñezi.

Europa ligako ligaxkako lehen partida ate joka daukazue. Azken urteotan ohitu egin zarete gisa horretako lehiak jokatzera. Baina, hala ere, ilusioa ez da galduko, ezta?

Ilusio handia daukagu. Finean, neurketa hauek jokatzeko lehiatzen gara. Gu pozik gaude, baina uste dut txarto ari garela ohitzen ingurukoak. Lan ona egiten ahaleginduko gara.

Lehen neurketa ustez indartsuena den aurkariaren etxean jokatuko duzue.

Izenez, Hertha Berlin da aurkaririk gaitzena, baina inoiz ez da jakiten. Sufritu barik, Europan ez dago emaitza on bat lortzeko aukerarik. Beraz, badakigu zer daukagun. Ligaxka laburra denez, lehen jardunalditik hasi gura dugu puntuak pilatzen.

Nolako partida espero duzue bihar?

Gogorra. Badaukagu Alemaniako taldeen izaeraren berri. Ondo jokatzen duten taldeak izateaz gain, indartsuak eta zuzenak dira Bundesligako taldeak. Baina prest gaude. Ondo ari gara lehiatzen, eta neurketen analisi egokia ari gara egiten.

Hertha al da multzoko lehen postua lortzeko kontrario nagusia?

Ez da erraza jakitea. Lehiaketak aurrera egin ahala, baldintzak aldatu egiten dira. Ez dakigu zer aurkituko dugun Suedian eta Ukrainan. Aurkari nagusiari arreta berezia jartzen zaio, eta, gero, beste kontrario bat izaten da min handiena egiten dizuna. Berlinen emaitza on bat lortzea da guk buruan daukagun gauza bakarra. Ondo hasi beharra daukagu ligaxka.

Herthak seigarren postuan amaitu zuen aurreko sasoian Bundesliga; Athletic, berriz, zazpigarrena izan zen Espainiako Ligan. Zein taldek dauka meritu handiagoa?

Bi taldeak gara indartsuak. Bundesligan diru asko inbertitzen dute urtero. Nire ustez, guk egindakoak zailtasun handiagoa dauka.

Ligaxkako zozketan Athleticek zortea izan zuela aipatu zen. Baina ezin duzue lo hartu, ezta?

Kontu horiek zuenak [komunikabideenak] dira. Gu ez gaitu inork engainatuko. Europan ez dago lehia errazik. Suediara sei orduko bidaia egin eta izoztuta dagoen zelai batean jokatzea ez da samurra. Gu onenari aurre egiteko gai gara, baina guri ere talde askok egin diezagukete aurre.

Liga ondo hasi izanak lasaitasuna ematen dizue Europako erronkari aurre egiteko?

Bai. Ondo hastea talde guztientzat da garrantzitsua. Lasaitasuna ematen du. Hala ere, futbolean ez da asko behar izaten zuritik beltzera pasatzeko. Burua bere lekuan izatea oso garrantzitsua da.

Zigandak zure aldeko apustua egin du aurreko bi kanporaketetan. Pentsatzekoa da bihar ere hamaikakoan egongo zarela. Olinpiar estadioan jokatuko duzu. Bada zerbait halako zelai batean jokatzea.

Azken denboraldiotan, Europan aritzeko aukera izan dut. Horri esker, zelai garrantzitsuetan aritu naiz. Olinpiar estadioa zerrenda horretako beste bat da. Estadioa ezagutzen duten lagunak ditut, eta ederra dela esan didate.

Athleticentzat garrantzitsua da Europan aurrera egitea, baita zuretzat ere. Lehiaketa honetatik kanpo geratuz gero, jokatzeko aukerak murriztu egingo zaizkizula uste duzu?

Ez dakit. Niri Kukok ez dit esan zein asmo duen. Ez dakit zein lehiaketetan zelairatu behar nauen; ez eta zelairatu behar nauen ere. Bost denboraldi daramatzat Athleticen, eta guztietan ikasi dut. Orain arte kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan zelairatu naute. Atezain batentzat garrantzitsua da astero jokatzea, baina nire kasuan denbora gehiago igarotzen da neurketa batetik bestera. Ahalik eta gehien gozatzen saiatuko naiz. Ondo aritzen bagara, sasoi osoan hogei partida pasatxotan aritzeko aukera izango dut.

Kepa Arrizabalagaren etorkizuna zeresan handia ematen ari da. Nola bizi du hori harekin lehiatzen ari den atezainak?

Kontu hori Kepari dagokio. Egun guztia harekin pasatzen dut. Haren ondoan aldatzen naiz, harekin entrenatzen naiz... Bai klubari, bai jokalariari, lasai utzi behar zaie. Izan behar duena izango da. Kepa goi mailako atezaina da. Etorkizun aparta dauka, eta, horregatik, Athleticek taldean izatea gurako du. Kepa onentsuen artean dago. Ez da presarik izan behar.

Keparen maila aparta izan da, baina zu ere egonkortzen ari zara gorengo mailan.

Bai. Aurreko denboraldian Leganesen utzita egin nuen egonaldiak mesede handia egin dit. Astero lehiatzeko aukera eman zidaten, eta nabaritu egin dut. Aurrera egin dut. Athleticen ere 50 partidatik gora jokatu ditut, eta gero eta gehiago hartzen naute kontuan. Pozgarria da.

Udan Athletic lagatzeko tentazioa izan al zenuen?

Klubarekin elkartu nintzen nigandik zer gura zuten jakite aldera. Ligako zein kanpoko eskaintzak izan ditut, eta zein egoeratan nengoen jakin gura nuen. Zigandak hasieratik argi esan zidan bere konfiantza neukala. Hori entzun nuenean, ate guztiak itxi nituen. Athleticen jokatu eta arrakasta izatea dut xede.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak