Isabel Ferreira. Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren zuzendaria

«Berezko izaera izan behar du gurea bezalako jaialdi batek»

Naturaren bioaniztasuna eta komunitatea ditu lan ildo nagusi Isabel Ferreirak. Nafarroako Dantza Garaikidearen bigarren aldia amaitu berritan, «pozik» dago izandako harrerarekin.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroan dantza garaikidea estimatzen duen publikoa eratzea da Dantza Garaikidearen Jaialdiaren helburu nagusia. Bigarren jaialdia egin berri dute, eta baikor agertu da Isabel Ferreira jaialdiaren zuzendaria (Iruñea, 1970). Aurrera begira, jaialdiko eskaintza egonkortu eta izaera propioa izan dezan lanean jarraitu nahi duela azaldu du. Salatu du azken urteetan dantza garaikidea «zokoratuta» egon dela Nafarroan. Halako proiektuen bitartez, egoera apurka hobetzen laguntzea da asmoa, haren esanetan.

Orain dela gutxi amaitu da Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdia. Zer-nolako harrera izan du?

Aurreikuspenak bete ditugula esango nuke. Egia esan, ikusle kopuruaz hitz egitea ez zait gustatzen, batez ere dantza garaikidearen eremuan. Urte luzez ahaztua egon den arte diziplina da; Nafarroan, bereziki. Hala ere, jaialdiaren bigarren aldiak oso harrera ona izan duela iruditzen zait. Gure helburua da dantza garaikidea atsegin duen publikoa eratzea, eta hori ez da egun batetik bestera lortzen, pixkanaka baizik. Gainera, eskaintza ez dugu Iruñera soilik mugatu, eta hori oso interesgarria dela iruditzen zait.

Jaialdiko programazioa askotarikoa izan da. Ahalegin handia egin duzue jatorri ezberdinetako artistak programatzeko?

Argi genuen jaialdia kulturen arteko topaketa izatea nahi genuela. Ez dugu ikuspuntu eurozentristatik programatu. Beste herrialde batzuetan zer egiten den erakutsi nahi izan dugu. Zortea izan dugu, bost kontinentetako proposamenak ikusi ahal izan direlako. Adibidez, oso garrantzitsua da Faustin Linyekularen moduko artistak gurean izatea. Afrikako koreograforik miretsienetakoa da, eta Iruñeko Gaiarre antzokian eskainitako More, more, more... future [Etorkizun... gehiago, gehiago, gehiago] ikuskizuna urratzailea da, egiten dituen musika eta dantza proposamenengatik.

Sektorean aritzen direnen arteko sinergiak bultzatzen ere jardun duzue.

Jaialdia eragile moduan ikusten dugu. Artistak eta publikoak bat egiteko espazioak sortu nahi ditugu. Gainera, sektorean aritzen diren profesional ezberdinen arteko elkarguneak eraiki nahi ditugu. Barañainen, Uharten, Lesakan eta Agoitzen egin ditugu egonaldiak, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Gaur egun, hizkuntza artistiko ezberdinen arteko fusioak egiteko joera hedatzen ari da. Horri esker, beste hizkuntza artistiko horietako publikoa ere erakarri nahi dugu. Dantza garaikidea atsegin duen jende kopurua txikia da.

Datozen jaialdiei begira, zeintzuk dira helburuak?

Nik uste dut etorkizunari begira erronka nagusia publikoaren heziketan lanean jarraitzea dela. Horrekin batera, ezinbestekoa da publikoaren interesguneak zeintzuk diren ezagutzea, eta programatzen aritzen garenokin zein elkargune egon daitezkeen antzematea. Izan ere, gurea bezalako jaialdi xume batentzat, interes komunak topatzea oso garrantzitsua da. Egia esan, datorren urterako, hasi dugun bidearekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Hori bai, beharrezkoa da aurrerantzean ere kalitatezko ikuskizunak eskaintzea. Aniztasunaren aldeko apustua egin nahi dugu, horrek nortasuna ematen diolako jaialdiari. Ez dugu beste jaialdien kopiarik egin nahi.

Hamahiru urte igaro dituzu Brasilen bizitzen. Denbora horretan, dantza garaikidearen egoera aldatu dela uste duzu?

Brasilen hasi nintzen dantza garaikidearen alorrean. Batez ere, performance eta arte garaikidearekin lotuta. Nafarroan bizi nintzenean, ez nuen ia harremanik dantza garaikidearekin. Beraz, zaila egiten zait Nafarroan dantza garaikideak izan duen ibilbideaz mintzatzea. Jaialdia amaitu dela aprobetxatu nahi dut gurean dantzak izan duen ibilbidea hobeto ezagutzeko. Gainera, zuzendari izendatu nindutenetik jaialdia hasi zen arte oso denbora gutxi igaro da, eta ez dut sektorea ikertzeko denbora gehiegi izan. Hala ere, errealitatea ondo ezagutzea oso garrantzitsua dela pentsatzen dut, horrela, sektorearen beharrei hobeto erantzun ahal izango diegulako.

Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoek jaso dute aurten Vianako Printzea saria. Aurtengoa dantzaren urtea da?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Jose Lainezek esan zuen, saria jasotzeko momentuan, urte hau gozoa izaten ari dela; zoriontsua dantzagaraikidearentzat. Alde batetik, ni buru naizen jaialdiko zuzendaritza artistikoa independentea delako. Eta, beste alde batetik, Lainezek eta Martinezek Nafarroako dantza garaikidearen alde egin duten lan eskergagatik. Hain justu, Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdian parte hartu duten dantzari asko bi koreografo horien ikasleak izan dira noizbait.

Ekopolitika eta komunitatea dira zure taldeak aurkeztutako proiektuaren bi ildo nagusiak.

Inolako zalantzarik gabe, berezko izaera izan behar du gurea bezalako jaialdi batek. Horregatik, proiektuak bi ildo nagusi zituen: ekopolitika eta komunitatea. Atzerrian bizi izan naizen denboran, naturaren eta bioaniztasunaren falta sumatu dut. Gainera, alor artistikoari dagokionez, ekologiaren egoera txarra salatzeko gero eta joera handiagoa dago. Proposamen horiek programazioan sartzeko interes handia daukat. Bestalde, lan ildo garrantzitsua da komunitateari dagokiona ere. Lehen aipatu dudan bezala, sinergiak eragin nahi ditugu, arte adierazpen ezberdinen artean, bereziki. Dantzak beti lan egin izan du musikarekin, eta, horregatik, bestelako apustu bat egin nahi izan dugu. Esperimentazioaren bidez, musika eta dantza aldi berean sortuz garatzen diren ikuskizunak ekarri nahi ditugu heldu den urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.