Joseba Fernandez. San Juaneko entrenatzailea

«Nire lehentasuna beti izan da San Juanen jarraitzea»

Beste hiru denboralditarako luzatu du kontratua bere herriko taldean. Laugarrena bete du aurten. Datorren denboraldian talde ia osoak segituko duela-eta, pozik da entrenatzailea.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2015eko urriak 8
Hego haizeak astintzen ditu Pasai Donibaneko bazterrak. Alda haizea ere deitzen zaio. Baina San Juanen, aldaketarik ez da izango datorren denboraldian entrenatzaileari dagokionez: Joseba Fernandezek (Pasaia, Gipuzkoa, 1974) jarraituko du. Haize lasaia nagusitu da klubaren inguruan.

Norbait harritu da San Juanen jarraituko duzulako?

Ez zait iruditzen. Normaltasuna azaldu nahi izan dugu. Gauza batzuk baziren finkatu beharrekoak, eta hitz egin ditugu. Denok ez dugu berdin pentsatzen, eta normala da lotu beharreko gauzak egotea, baina ez dira izan aparteko garrantzia dutenak.

Gauza horiek jarri dute arriskuan kontratua berritzea?

Ez dut uste arriskurik egon denik. Zuzendaritzak nik jarraitzea nahi zuen.

Zuk garbi izan duzu San Juanen jarraitu behar zenuela?

Bai. Oso garbi. Nire lehentasuna izan da beti. Kluba orain egoera onean dago, herria gainean dugu laguntzen, eta aukera ederra da San Juanen jarraitzea.

Beste talde batzuen eskaintzak izan dituzu?

Garai honetan beti izaten da mugimendua. Baina gauza ezberdinak dira zertan nabilen galdetzea eta eskaintza bat proposatzea. Beti egoten da lehendabizikotik, eta norberak ematen badu aukera eskaintza jasotzeko, jakin egiten da zenbateko eta nolako eskaintza den. Ez gaude entrenatzaile nahiko, eta normala da klubak galdezka ibiltzea.

Orduan, eskaintza zehatzik ez duzu jaso?

Bat izan dut. Baina urtero izaten dut aukera hori. Bestelakoan, hiruzpalau taldek galdetu didate zer asmo dudan; besterik ez.

Poza emango du deiak jasotzeak, ezta?

Egia esanda, duela urte batzuk sentitzen nuen poz hori. Baina azken urteetan ez hainbeste, oso garbi dudalako zer nahi dudan. Lasai hartzen ditut deien kontu horiek.

Taldearen gehiengoak jarraituko du?

Ez dut guztiekin hitz egin, baina uste dut ia denek jarraituko dutela. Gure asmoa da Oiartzungo Itsaslapurrekin bat eginik lan egitea. Elkarlanean aritu gara aurten ere, baina sakondu egingo dugu. Bigarren ontzia aterako dugu, eta Oiartzun izango da hori. Arraunlari gazte asko dauzkagu, eta Oiartzunen aritzea aukera polita da guretzat, arraunlarientzat eta oiartzuarrentzat.

San Juan taldearentzat arraunlari ia guztiak segitzekotan egotea oso berri ona da.

Hala da. Hemen diruagatik ez da arraun egiten. Kopurua esanda ez dut uste inor haserretuko denik, eta hemen 3.000-3.500 euro artean jasoko du arraunlari bakoitzak denboraldi honetan, estropadetako sarien dirua barne. Diru kopuru horregatik ez dut uste inork bere bizitza aldatuko duenik; arraunean egingo du gustura delako eta ilusioa egiten diolako. Gure filosofia duten klubek urtero garai honetan borroka bera izaten dugu: arraunlari askok ez uztea eta taldeak segida edukitzea. Zorionez, azkeneko bi denboraldietan segida eman ahal izan diogu egitasmoari, eta poztekoa da.

Laugarren urtea bete duzu San Juan entrenatzen, eta beste hiru egingo dituzu lan berean, okerrik ezean. Zein da azkeneko helburua?

Irabaztea. Aurreneko egunetik nuen garbi irabaztea dela helburua. Egunen batean irabazle izatea. Horren atzetik gabiltza. Gero, beste helburu batzuk ere ari gara lortzen. Irabaztearena klubaren historiak eskatzen digu; esate baterako, Kontxako 11 bandera daude hemen. Badakigu erronka zaila dela, baina segida ematen badiote arraunlariek egitasmoari erraztu egingo digu irabaztearen helburura gerturatzea.

Lagako duten arraunlarien inguruan zerbait esaterik bai?

Ezin dut ezer esan, inork ez didalako ezezko biribilik esan. Badakit zalantzan daudela lau bat, baina horietako bik edo hiruk jarraitzea espero dut. Bestelakoan, batek edo bik ez dutela jarraituko uste dut, baina ez dut beraiekin hitz egin; hala ere, esango diet jarraitzea nahi dudala. Oso garbi daukat talde honekin topera heldu nahi dudala.

Talde honetako arraunlari izandako batzuk itzul daitezke?

Baliteke. Gari Tolosa, Beñat Korta, Antton Sistiaga bera, Beñat Eizagirre… aurten ez dira taldean egon; Alex Agirretxe ere ez da egon aurten. Horietakoren batek itzuli nahi izango balu, ateak irekita edukiko lituzke.

Kanpoko arraunlariek ere irekita edukiko dute atea?

Bai, jakina. Postua irabazteko aukera denek izango dute, baina ez ditu klubak ekartzen propio. Aurten, adibidez, Gabi Bedia izan da gurekin, Pedreñako arraunlaria, nire taldekide izana lehen, eta laguna. Berak deitu zidan etorri nahi zuela, Gipuzkoan arraun egiteko ilusioa zuela, eta horrela aritu da gurekin. Pedreñak talde handia egin nahi du datorren urterako, eta Carlos Rodriguez fitxatu du entrenatzaile, Kaikuko arraunlaria urteetan izandakoa. Bada, Bediari deitu diote, baina gurekin geratzea erabaki du.

Harrobitik zenbat arraunlari igoko dira?

Lauzpabost gazte dira pausoa ematekoak, eta berriren bat ere hastekoa da. Oiartzuarrak ere hor daude. Kopuru polita elkartuko gara, eta beste entrenatzaile baten laguntza izango dut; B taldearen burua ere izango da. San Juango klubekoa izango da ziurrenik pertsona hori.

Entrenatzaile batentzat arraunlarien atzetik ibili beharreko garai hau izaten da gogorrena?

Normaltasunez hartzen dut nik. Hemengo nire lehen bi urteak gogorrak izan ziren, arraunlari asko zirelako uztekoak eta utzi egin zutelako azkenean. Orain ez dut ibili behar baten edo bestearen atzetik. Animoz baxu samar daudenak animatzen ibiltzen naiz orain; esate baterako, Kontxan arraun egin ez dutenak aurten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna