Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. Igor Elortza. Bertsolaria

«Baneukan gogoa tonu umoretsuan asmatzeko»

«Gabonetako ilusioa» ez zion zapuztu nahi izan Igor Elortzak alabari, eta kartzelako ariketa buruan zuen bigarren ideiarekin osatu zuen igandean Donibane Lohizunen jokatutako saioan. Bertso onak bota arren, ez zen eroso aritu. Beste ariketetan, ordea, «gozatu» egin zuen.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Miren Garate

2017ko azaroak 28
Aurreko txapelketan baino beranduago hasi du prestaketa aurten Igor Elortzak, ez baitzuen nahi behar baino lehenago puntutik pasatzerik. Bastidatik Donibane Lohizunera, igarri du gora egin duela, eta beste koska bat igotzeko aukera ere izango du. Herenegungo finalaurrekoa irabazita, esku-eskura du BECen kantatzeko aukera. Matematikoki oraindik ez da sailkatu, baina durangarra kanpoan geratzeko aukera bakarra da Iruñeko saioan kantatuko duten sei bertsolariek berak baino puntuazio handiagoa lortzea. Txapelketan bezala, herenegun saioan ere txukun hasi zen, eta handik aurrera distiratsu aritu zen.

«Bastidako agurrean/ hitza eman ondoren/ Donibanen nire goia/ jo nahi dut ahalik goren», esanez hasi zenuen saioa. Aurreko finalaurrekoan baino gusturago geratu zinen?

Bai, neure burua orokorrean ondo ikusi nuen, sendo, argi, erraz bertsoa egiteko orduan. Gozatu egin nuen. Orain lau urte, kanporaketetan hasi nintzen, eta lehen finalerdira puntu-puntuan iritsi nintzen; gero, ordea, igarri egin nuen. Finalerako nekatuta nengoen, bai aurreko asteetako lanerako, bai finalerako grina aldetik. Aurten, prestaketa espezifikoa beranduago hasi dut, eta banekien horrek arrisku txiki batzuk bazituela, Bastidara ez nindoala puntu-puntuan. Azken astean lan zorrotzagoa egin dut, eta Donibanera konfiantzarekin joan nintzen.

Maialen Lujanbiorekin hasi zinen zortziko handian. Txukun aritu zinen, baina distira gutxieneko ariketa huraxe izan zenuen.

Eseri nintzenean neuk ere neure buruari hori esan nion: ondo, baina hurrengoan gehiago estutu behar nuela, batzuetan, bizpahiru ariketa pasatzen utziz gero, eguna joan egiten baita. Gero, zortziko txikian, gogotsu eta kontzentratuta atera nintzen. Iñaki Apalategirekin nintzen, eta neu hasten nintzen. Lehen ideia azkar etorri zitzaidan. Tenple onarekin nengoen, eta beste bietan ere erantzunez eta nire ideiak erantsiz, gustura geratu nintzen. Baneukan gogoa tonu umoretsuan asmatzeko. Bastidan, neurri batean, hori falta izan zitzaidan agian.

Umorera eta ironiara jo zenuen hurrengo bi ariketetan ere. Puntukako eta hamarreko txikiko ariketak berriak ziren zuretzat.

Neurri txikiko ariketa asko daude fase honetan, eta, normalean, ondo moldatzen naiz horietan. Neu gusturen hamarreko txikiko lanarekin geratu nintzen.

Agin Labururekin zinen, eta gaiak zioen alderdi bereko zinegotziak zinetela eta epe laburrean alderdiko hirugarren kidea auziperatu zutela ustelkeriagatik. Lekuko, indulto, korrupto... Oinak pare-parean etorri zitzaizkizun.

Agin zen hasten, eta itxarotea pentsatu nuen, ea gaiztoaren edo onaren rola hartzen zuen ikusteko. Desiatzen nengoen onarena hartzeko, nik gaiztoarena egiteko. Zalantzekin zabiltzanean, rol errazetara gehiago jotzen da, baina batzuetan, gaizto rolak interesanteagoak dira, joko handiagoa ematen dute. Eta egun ona duzunean, eta gai batekin sentsazio ona duzunean, oinak eta beste guztia errazago etortzea ohikoa izaten da.

Saioaren ostean, Twitterren idatzi zenuen ez zinela gustura geratu kartzelako lanarekin. «Gezurra erran duzu, baina merezi izan du», zen gaia, eta bortxaketa baten epaiketan esan zenuen gezurra zuk. «Gezurra ere, esan liteke/ egia ez bada sinesten», amaitu zenuen lehen bertsoa.

Gaia entzun nuenean, beste ideia bat etorri zitzaidan burura, baina alabak saioa entzuten zeuden, txikiena ere bai, eta etorri zitzaidan ideia atera izan banu, Gabonetako ilusioa apurtuko nion. Azken urtea izango du ilusio horrekin, eta ez nuen nahi. Ikusi egiten nuen eszena, baina beste bide bat hartzea erabaki nuen. Kontua zen lehen ideia horrekin denbora dezente joan zitzaidala. Bigarren ideia erabili nuen. Saiatu nintzen ahalik eta finen egiten, baina bortxaketa kasu baten epaiketan gezurra esan izana zuritzea nahiko nahaspilatsua da. Azkenengo bertsoa ere amaitu nuen: «orain biktima babestea da/ guk egin behar duguna». Berez, ordea, bortxatuari laguntzea neukan pentsatua. Bertsoei dagokienez, lan txukuna egin nuela uste dut, baina ez nintzen eroso aritu.

Itsaso hori dago zatarra edo Naufragoaren doinua erabili zenuen kartzelakoan.

Banekien Maialen ere finalaurreko berean zela, eta haren bertsokerak eta metrikak nolakoak izango ziren intuizioa banuen. Nik beste aukeraketa bat egin nuen, eta kartzelara ere konbentzituta joan nintzen, doinu horretan egiteko gogoz.

Saio bizia izan zen, eta iraupena ere beste finalaurrekoek baino laburragoa izan zuen. Hori bai, potoren batzuk ere joan ziren.

Neurri batean lotuta daude bi kontu horiek. Plazan, puntutan, askotan egiten da poto, eta txapelketan ere, bizi arituz gero, arriskua hor dago. Beldur horrengatik, askotan, lotuta bezala aritzen gara txapelketan. Amurrioko finalaurrekoarekin konparatuta, uste dut alderantzizko saioak izan zirela: Amurrion, txikian eta puntuka joan zen motelago, eta kartzelan lan oso onak izan ziren. Donibane Lohizunen, kartzelara arteko tarte hori politagoa izan zen, puntukakoa adibidez, baina bakarkakoetan ez zen egon Amurrion besteko bertsoaldirik.

Txanponaren beste aldea Agin Labururi egokitu zitzaion. Finalerako aukerekin iritsi zen, baina ez zen aurreko finalaurreko mailan ibili.

Txapelketako fase batetik besterako jauzietan beti egoten dira sentsazio gazi-gozoak. Neuri ere denetik tokatu zait Euskal Herrikoetan. Norberarentzat gogorra izaten da, lan asko eta ilusio asko jartzen direlako txapelketan, eta bene-benetan sufritzen da gaizki ateraz gero.

Giroak ez zuen aitzakiarik. 2.280 pertsonak bete egin zuten Jai Alai.

Niretzat, esanahi berezia zuen han kantatzeak, azkenengo urteetan, Durangoz aparte, paraje haietan pasatzen dudalako denbora gehien, bikotekidea hangoa baita. Gainera, jendea halaxe kokatzea gustatzen zait gehien: zabaletara, agertokia inguratzen, eta, aldi berean, itogarria izan gabe. Herenegun ere jende asko zegoen, baina zabaletara ondo, pilotalekuko harmailak ere nahiko malda suabekoak ziren... Oso leku atsegina zen bertsotarako.

Larunbatean izango da azken finalaurrekoa, Iruñean. Han jakingo dugu zein zortzi bertsolari ariko zareten finalean. Itxura guztien arabera, ordea, aurpegi berri bakarra izango da. Eta litekeena da aurpegi hori ere ez hain berria izatea, Jon Maiak ere badituelako aukerak oraindik. Ez dago erraza zuei finaleko lekua kentzen.

Plazan beste belaunaldi batek lekua hartu duen arren, eta indartsu datorren arren, guztiok nahi izaten dugu BECen egon. Eta seguru asko eskarmentuaren faktorea ere garrantzitsua da. Aurrez pasatuta bazaude hortik, seguru askoz hobeto kudeatzen dituzula momentu on eta txarrak. Baina oraindik auskalo zer gertatzen den Iruñean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria