Asisko Urmeneta. Komikigilea

«Sinesten dut marrazkiaren errealismo magikoan»

'Eusklabo alaiak' eleberri grafikoan, euskaldunen egunerokoa «kronika satiriko» bihurtu du, Robinson eta Ostiralen istorioa hona ekarriz, kolonizazio kontuari amaiera zoriontsua erantsiz.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Hozta
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Behin batean, Robinson Crusoe eta Ostiral. Bat zibilizatua omen. Bestea zibilizatu nahian. Azkenean, kolonizazio kontu bat. Hemen, Euskal Herriaren bihotzera ekarriak. Bidasoko Intzura Handia uhartera. Munduko kondominio txikienera. Sei hilabetez Frantziako armadak kudeatzen duena, sei hilabetez Espainiakoak —eta hori ez da txantxa bat—. Eta horra nola Robinson eta Ostiralen arteko harremanek euskaldunek egunerokoan dituztenen eite handia hartzen duten.

Eusklabo Alaiak (Gure berriak) eleberri grafikoan Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) komikigileak marrazkiak ekartzen duen gibelapenarekin begiratzen dio istorio horri: «Eguneroko zurrunbiloan semiotika ministerioek bonbardatzen gaituzte kontzeptuez: bizikidetza, edo enpatia, edo sinergia ez dakit zer... nik nahi nuen irudien bidez irudikatu egoera zein den». Ohartaraziz usteak ustel direla: «Ttipiak eta gatazkatsuak garela —gatazka, kalapita txikiaren zentzuan—? Ez. Hemen injustizia ikaragarri bat dago», horra komikiak argira ekarri nahi dituen baieztapenetako bat. «Espainiako presidente batek erraten badu gu garela ordena publikoko afera bat, ez dezagun sinets. Ni ez naiz inoren barne problema. Hemen bada konflikto bat. Nazioarteko konflikto bat. Bi inperio handik irentsi dutela estatu neutral bat».

Hots, Robinson eta Ostiralen artean, azken finean, gezur bat badagoela. Horretaz ere ohartarazi nahi du liburuak. Sarhitzetik bertatik. Mireille Fanon-Mendes-France, Frantz Fanon fundazioko buruak idatzi duena, non hauxe dioen: «Robinsonek gezur polita eraiki du, paternalista, jesuitakerien mailegu, baina batez ere zinikoa, eta errotik bortitza. Jomuga du eredu bakar bat aurkeztea, berorrena nonbaitik ere, eta besteari sinetsarazi ez duela izaterik hura gabe».

Karikatura debekatua

Orri bakoitzean aurkitu daitezke injustizia horren adibideak. Bat hartzekotan, karikaturen atala izan daiteke. ETBk atera zuen Euskalduna naiz eta programa du oinarri kapituluak. Emankizun horretan euskaldunek espainolak nola ikusten zituzten azaltzen zen. Batzuek zintzurretik ezin izan zuten irentsi. «Nafarroako Gobernua, Gasteizkoa, hainbeste jende atera ziren erranez iraingarria zela». Komikian bildu epitetoak egun horietan adierazi zirenak dira denak. «Zer pasatzen da hor? Crusoek irri egiten ahal diola menekoari. Ocho apellidos, Fe de Etarras, horri irri egin behar zaio. Sanoa dela bere buruari irri egitea. Hori erraten ziguten. Baina hori bera ere ukatzen zaio Ostirali. Menekoaren atrebentzia nagusiak ez du onartzen. Programa ezabatu zuten!» Gertakariari grazia zerbait ere aurkitu dio Urmenetak: «Espainolak gehien mindu zituena izan zen euskaldunok kokatzea gure burua espainiartasunetik kanpo». Hori kritikatu, eta bizkitartean, horra non «beren aipu guztietan oso argi ikusten zen zein gaizki ikusten gintuzten eta ezberdinak ginela! Euskaldunek ez dakite harriak altxatzen besterik, eta aizkorarekin mozten dutela kopetako ilea...». Nork manatzen duen berresteko adibide bat besterik ez, Urmenetarentzat. Nork dituen legeak finkatzen.

Halako «kronika satiriko» bat, beraz, liburuaren lehen zatia osatzen duena. Bigarren partean, berriz, geroari begira gerta daitekeen bukaera zoriontsu bat du asmatu nahi izan komikilariak. «Marrazki batetik abiatuta, ari zara ikusarazten mementoan ez dagoen zerbait. Niretzat oso inportantea zen irudikatzea Espainiako tropak erretiratzen Castejongo zubitik beheiti edo frantsesak Baionako San Izpiritu zubitik goiti. Hori niretzat plazer bat da, eta, aldi berean, sinesten dut marrazkiaren errealismo magiko horretan». Esther Jean Langdon antropologoaren ikerketak ditu horretan erreferente. Baita Serra da Capivarako marrazkiak ere (K.a. 7.000 - K.a. 10.000). Oraingo Brasilen direnak —Daniel Defoek Robinson kokatu zuen uhartetik ez biziki urrun-.

Bidelagun baita, hainbat gizon, emazte eta populuren esperientziak ere. «Gure gatazka bera dago munduan hainbat lekutan. Lekukotasunak eman nahi izan ditut zein soluzio onak eman zaizkien batzuetan, eta nola lortu duten libertatea». Erreferentzia horien artean daude Frantz Fanon psikiatra, idazle eta iraultzailea, Thomas Sankara Burkina Fasoko presidente ohia, eta Os Palmareseko kilonboak. Azken horiek kolonietatik eskapatu esklaboek eratuak ziren. Oihanera jo, eta hor antolatu zituzten hiriak. Hiri antolatuak euren libertatearen defentsarako.

Marrazkien bidez, azkenean, «ikusi egiten dugu independentzia berreskuratua». Ukazio guztien gainetik, «imajinazioa ere ukatzen digutela ausart gaitezen irudikatzera. Irudikatuz ikusten dut haztatzen ahal dugula kasik».

Horretarako, Lituaniako egiazko independentzia aldarrikapenaren testua berriz hartu du Urmenetak, baina irudietan ez du Lituaniarik erakusten. Euskal Herrira du ekarri testua. «Iruñea. Zubiak Aturri eta Ebrotik, Pirinioetako herri idealizatu bat, eta boterea gure».

Eta horra eleberri grafikoko planteamendua: «Erresistentzia aktibo bat. Erresistentzia horrek jakin izan du erakartzen sektore desberdinetako jendea. Eta momentu batez Robinsonek dioenean estatua izanen dela eskuzabal zimarroi horiekin. Ja, ezetz ihardesten diote: 'Gure estatua ja badugu. Eta hemendik agintzen dugu'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.