Oier Sanjurjo. Osasunako jokalaria

«Badirudi gustatu egiten zaigula edozer lortzeko azkeneraino sufritzea»

Autokritika egin du Oier Sanjurjok, eta «espero baino gorabeheratsuago» aritu direla nabarmendu. Hala ere, pozik dago azken partidara aukerarekin iritsi delako. Etxeko jokalarien garrantzia aldarrikatu du berriz. Uste du kluba «bide onean» dela.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Denetarik pasatu da Osasunan azken urteetan, eta gertu-gertutik bizi izan du dena Oier Sanjurjok (Lizarra, Nafarroa, 1986). 2007ko azaroaren 11n egin zuen debuta, eta, 2011-12ko denboraldian Celtan utzita jokatu zuen sasoia kenduta, inoiz ez du elastiko gorritxoa erantzi. 200 partida baino gehiago jokatu ditu. Sasoi honetan ia dena jokatu du, ligako 41 partidetatik 37. «Pozik nago, baina taldea dago guztiaren gainetik. Nahi baino gorabeheratsuago aritu gara, baina orain aukera ederra dugu mailaz igotzeko kanporaketarako sailkatzeko. Ezin dugu ihes egiten utzi».

Igoera kanporaketarako sailkatzeko asmoan partida erabakigarria jokatuko duzue gaur Valladoliden. Nola zaudete?

Ilusio handiarekin. Gure asmoa zen azken partidara sailkatzeko aukerarekin iristea. Lorcari irabazita lortu dugu, eta orain aprobetxatu egin behar dugu. Badakigu zaila izango dela, baina saiatuko gara helburua lortzen.

Honezkero oso argi izango dituzue aukerak: irabazita, ziur sailkatuko zarete; berdinduta, ia ziur; eta galduta ere baduzue aukerarik.

Kalkulu horien guztien berri badugu, baina ahaztu egin behar ditugu. Gu irabaztera zelairatuko gara, beti bezala. Ez badugu irabazten, hasiko gara begiratzen zer gertatu den beste partidetan. Baina guk gureari erreparatu behar diogu. Irabazita, sailkatuta egongo gara, beste aurkariek egiten dutenaren zain egon gabe. Beraz, helburuak irabaztea izan behar du. Konfiantzarekin gaude, behetik gora gatoz.

Nolako partida espero duzu?

Oso zaila. Valladolidek ere igoera kanporaketarako sailkatu nahi du, eta, etxean jokatuta, ez du aukera alferrik galdu nahi. Badakigu erasoan oso talde indartsua dela. Mata aurrelaria da haren erreferentzia nagusia: inork baino gol gehiago sartu ditu denboraldi honetan, 32. Gertutik zaindu beharko dugu. Baina Valladolidek baditu arma gehiago ere. Guk burua hotz izan behar dugu, eta ondo egiten dakiguna egin.

Mailaz igotzeko hautagai nagusien artean zegoen Osasuna sasoia hasi aurretik, baina gorabeheratsu aritu zarete. Sari ona litzateke gutxienez kanporaketa jokatzea, ezta?

Gure helburua zuzenean igotzea zen, baina gorabeheratsu jardun gara, eta, horren ondorioz, aukera horrek ihes egin digu. Beste aukera hau dugu orain, eta oso ona da hau ere. Meritu handia du kanporaketarako sailkatzeko lehian aritzeak ere. Kosta egiten da Lehen Mailatik jaitsitakoan txapelketa honetara egokitzea. Oso talde onak daude, eta parekotasuna muturrerainokoa da. Kanporaketa jokatzea albiste oso ona litzateke klubarentzat, bai kirol arloan bai diru kontuetan, gutxienez beste partida batean Sadar lepo beteko baita. Hori lortuta, Lehen Mailara igotzeko ametsari eutsiko genioke, gainera.

Handia litzateke duela bi urte egin bezala bi kanporaketa gaindituta igotzea.

Badirudi gustatzen zaigula edozer lortzeko azkeneraino sufritzea.

Zuk esan duzu helburua zuzenean igotzea zela, eta sasoian izan dituzuen gorabeherek eragotzi egin dizuela xede hori lortzea.

Kontraste handiko denboraldia izan da. Etxean, kosta zaigu partidak aurrera ateratzea, eta hori ez da normala, Osasuna inon indartsua izan bada beti etxean izan baita. Sadartik urrun, aldiz, Rayok bakarrik batu ditu guk baino puntu gehiago sasoi honetan. Antzekoa gertatu zaigu erasoko eta defentsako lanarekin: asko kostatu zaigu golak sartzea, baina atzean sendo aritu gara, eta Cadizi soilik sartu dizkiote guri baino gol gutxiago. Valladoliden emaitza ona lortu nahi badugu, orekari eutsi beharko diogu.

Badu azalpenik defentsan sendo aritu izanak eta erasoan pattal?

Nire ustez, arrazoia da denboraldi honetan jokoaren alorren batean bereziki buru-belarri lan egin badugu defentsan egin dugula. Aurreko sasoian gol asko sartu zizkiguten, eta horri buelta eman nahi genion, talde sendoagoa izan nahi genuen atzean. Eta lortu dugu. Baina hori egiteko agian pixka bat deskuidatu dugu erasoko jokoa.

Denboraldi honetan behin baino gehiagotan egin dizuete txistu zaleek. Azken partidetan, ordea, babes handia erakutsi dizuete, eta, azkenekoan, sekulako agurra egin zizueten. Gaur, berriz, haien babesa izango duzue Valladoliden. Zenbateraino da garrantzitsua zaleak taldearekin egotea?

Oso-oso garrantzitsua da. Haiek gurekin daudela ikusteak sekulako hauspoa ematen digu. Egia da denboraldi honetan zenbait partidatan txistu egin digutela, baina normala ere bada; haien desadostasuna adierazteko modu bat da, eta errespetatu egin behar da. Nik, behintzat, barruan daukadan guztia eman dut eta emango dut talde honek gora egin dezan.

Zaleek Diego Martinezi egin diote kritika gehien. Haren lana ezbaian izan da zenbait unetan.

Lehenik eta behin, esan beharra dago Diegok egiteko zaila zuela:taldeak kolpe handia jaso zuen maila galduta, jokalari dezente joan ziren... finean, ia hutsetik hasi beharra zuen. Nahiko genuke lan hori urtebetean egitea, baina halako aldaketek denbora eskatzen dute. Askotariko iritziak egongo dira Diegoren lanaren inguruan, baina nik uste dut lan txukuna ari dela egiten. Jokalariok gustura ari gara harekin lanean, ikusten dugulako haren mezua iritsi egiten zaigula.

Luis Sabalza buru duen zuzendaritzak jarraitzen du agintean, eta Braulio Vazquez da kirol zuzendaria orain. Norabide zuzenean dago kluba?

Baiezkoan nago, baina nik neureari eusten diot: uste dut etxeko jokalari gehiago egon beharko liratekeela taldean. Kostata iristen dira etxeko jokalariak lehen taldera. Belaunaldi kontua dela pentsatu nahi dut, Osasunaren harrobia oso oparoa izan baita beti; makina bat jokalari eman ditu. Badakit hori hala izan dadin lanean ari direla klubean. Ea lan horrek fruitua ematen duen; berriro gora egiteko oinarri sendoa litzateke.

Taldean etxeko jokalari gutxi daudela azpimarratu duzu. Beste bi gutxiago izan daitezke aurki. Miguel eta Javier Flañori sasoi honen amaieran bukatuko zaie kontratua, eta oraindik ez dute berritu. Zer erabaki hartu beharko luke klubak?

Ni ez naiz inor klubari esateko zeinek jarraitu behar duen edo ez. Horretarako dago kirol zuzendaria eta zuzendaritza bera. Esan dezakedana da etxeko bi jokalari oso garrantzitsu izan direla eta direla, eta beti dela ona haiek bezalakoak taldean egotea.

Unai Garciak eta Roberto Torresek, ordea, 2020ra arte berritu dute. Osasunarentzat funtsezko jokalariak dira?

Bai. Uste dut ona dela taldearen bizkarrezurra etxeko jokalariz osatuta egotea edo, gutxienez, ahalik eta jokalari nafar gehienez osatuta egotea. Lehen esan dudan bezala, gora egiteko oinarri sendoa da.

Zuk ere 2020era arte duzu kontratua. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Ni oso pozik nago Osasunan. Niretzat ohorea da nire betiko taldean jokatzea, eta gustatuko litzaidake urte askoan hemen egotea. Oso eroso nago, baina lasaikerian erori gabe. Oso argi dut entrenamenduetan eta partidetan barruan daukadan onena eman behar dudala. Alde horretatik, saiatzen naiz eredu izaten.

Sasoi honetan kexa handirik ez duzu izango. Funtsezkoa zara Diego Martinezentzat. Ia dena jokatu duzu. Konfiantza hartzeko balio izan dizu?

Asko. Oso pozik nago asko jokatu dudalako, 31 partida ligan. Kontuan hartzeko kopurua da. Hala ere, gustatuko litzaidake gutxienez denboraldi honetan beste bost partida gehiago jokatzea, eta azkenekoan igoera ospatzea.

Defentsaren erdian jokatu dituzu ia neurketa guztiak. Badirudi finkatu egin zarela postu horretan. Hor aritzen zara gustukoen?

Askotan egin didate galdera hori, eta inoiz ez dut erantzuten jakin. Denboraldi honetan defentsaren erdian aritu izan naiz ia beti, eta ondo ikusi dut neure burua. Baina, Clercen lesioa dela eta, defentsaren ezker hegalean jarri nau entrenatzaileak azken partidetan, eta postu horretan ere gustura ari naiz. Nire ibilbideari erreparatuta, argi dago inoiz ez dudala toki zehatzik izan zelaian. Hainbat tokitan jokatu dut, eta gustura aritu naiz guztietan. Guztiek dute bere xarma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.