Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe. Artistak

«Ez gara identifikatuta sentitzen artista bakarti eta jenialaren irudiarekin»

Duela hamabost urte sortu zuten Sra. Polaroiska bikotea Arenzanak eta Ibarretxek, eta arte diziplinak gainditzeko duten era saritu diete orain, Gure Artea sariarekin.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2017ko ekainak 27
Botila oso bat edalontzi bakar batean husten saiatzerakoan bezala, kutxatilaren ertz guztietatik egin ohi du gainezka Sra. Polaroiska bikotearen jardun artistikoak: antzerkiegi da dantza izateko, zinemegi antzerki izateko, arteegi zinema izateko, antzerkiegi arte izateko, eta horrela etengabe. Alaitz Arenzanak (Bilbo, 1976) eta Maria Ibarretxek (Bilbo, 1977) osatzen dute Sra. Polaroiska bikotea, eta diziplinak gainditzeko modu hori izan da hamabost urteko ibilbidean haien nortasun ikur nagusietariko bat. Ezaguna da haien izena Euskal Herrian, eta nazioartean ere harrera ona izan dute. Gainera, sortze lanari dagokion Gure Artea saria jaso dute aurten, eta pozik daude horregatik. Legitimaturik sentitzen dute beren lana. «Sariak berretsi egiten du gure apustua».

Erdi dantza, erdi antzerki, erdi zinema, erdi arte instalazio... Esango nuke eroso sentitzen zaretela indefinizio horretan...

ALAITZ ARENZANA: Hori da Gure Artea sariketako epaimahaiari eskertu dioguna: mugaldeko espazioetan aritzen garenon lana baloratu dute. Erakundeekiko harremana zailagoa izaten da diziplinen arteko bidegurutzean zabiltzanean, diziplina identifikagarrietan aritu beharrean.

MARIA IBARRETXE: Urte luzez, bazirudien sari horiek arte plastiko eta ikus arteentzako bakarrik zirela, eta, horregatik, hortik kanpo gelditu dira gurearen moduko sorkuntza hibridoak. Esparruak irekitzen gabiltza, eta bide berriak bilatzen, eta halakoen bidez doa arte mundua transformatuz. Noski, hori dena gu hasi baino lehenago ere martxan zegoen.

Maiz aldarrikatzen da gaur egun diziplinartekotasun hori, eta badoa hitza pixkanaka erakundeen ordezkarien hiztegian ere txertatuz. Hasi zinetenean baino aldeago igartzen duzue haizea orain?

M. I.: Baietz uste dut.

A. A.: Erakundeei gustatzen zaie hitza aipatzea, baina gero...

M. I.: Hasi ginenean, zailtasunak izan genituen gure lana programatzeko, adibidez, eta baita diru laguntzak jaso ahal izateko ere. Aurrera egin ahala, ordea, hain justu ere, kutxatiletatik kanpo egote hori izan da gure indargune nagusia. Proiektu berri bat hasterakoan geure buruari galdetzen diogu ea egiten ari garen hori non sentitzen dugun: arte bizietan ikusten dugun, dantza egingo dugun, pelikula bat egingo dugun...

A. A.: Eta askotan nahasi egiten ditugu batzuk eta besteak.

Eta esku artean hainbeste karta izanik, nola erabakitzen duzue zein erabili?

M. I.: Pelikula batekin lanean denbora luze daramagunean, oso polita izaten da antzezlan bat hasteko sekulako gogoa dugula onartzen dugun momentua. Eta berdin eszena ikuskizun batekin denbora daramagunean; berehala hasten zaizkigu pelikula bat egiteko ideiak pilatzen. Hala gertatzen da beti! Oso sorpresa handia izan da guretzat lekuan lekurako piezak sortzen hastea. Sekula ez genuen izan buruan halakorik, eta oso polita izan da formatu berriekin lan egitea, eta jende taldeekin ere lan egitea.

A. A.: Hori izan da Andrekale proiektuaren kasua, adibidez. [Hernaniko Andrekale kalean ehunka emakume batu zituen ekintza bat egin zuten, emakumezko hiru figura mitologiko asmatu zituzten, eta koreografia eta bideoa uztartzen zituen pieza bat ere sortu zuten].

M. I.: Lotura afektibo indartsuak sortu ziren proiektu hartan, eta diziplina artistikoa bera zen topagunea. Oso ezustekoa eta oso aberatsa izaten da jendearekin lan egiteko prozesua.

Gehiagotan ere egin izan duzue lan jendearekin, ezta?

M. I.: Alaitz, gogoratzen zara Varsoviaz? Egiten ditugu casting-ak, eta beti mundu guztia hartzen dugu azkenean!

A. A.: Bai, oso gauza arraroa da guk norbait ez hartzea; denak hartzen ditugu!

Enkarguzko lanak ere egiten dituzue tarteka.

M. I.: Ez ditugu Sra. Polaroiska izenez sinatzen halakoak, baina oso ongi daude, pila bat ikasten duzulako halakoetan, eta horrek laguntzen du ondorengo lanetarako. Hala sortu zen Pilota girls pieza, esaterako [Bilboko eraikin publikoen aurka esku pilotan jokatzen jarri zuten emakumezko pilotari bat, eta bideoz grabatu zuten ekintza]. Orduko hartan, museo etnografikoak eskatu zigun pilotari buruzko lan bat, enkarguzko lan bat zen, baina sorkuntza ere pizten dute halakoek, eta ariketa interesgarria izaten da hori ere.

A. A.: Gogoan dut oso harrituta gelditu ginela museorako egin genuen pilotari buruzko lan harekin. Geure buruari galdetzen genion, «baina non daude emakumeak pilotan?». Eta hortik sortu zen Sra. Polaroiskaren bideoa egiteko ideia. Patri Espinar pilotariarekin jarri ginen harremanetan, eta ikaragarri gustatu zitzaion berari ere ideia. Erreferente bat bilatu nahi genuen. Horregatik, bideoa asko mugitu da arte munduan, baina baita eskoletan ere. Hori ere bada gure helburua: emakumezko erreferenteak egotea.

Zuek izan dituzue emakumezko sortzaileen erreferentziak?

A. A.: Guk bai. Profesionalki bai, noski, baina gustura hartu izango nituzkeen kaleko erreferente gehiago ere: bestelako bizitza eredu batzuk ere badaudela erakusteko. Eta hori izan zen Andrekale proiektuaren asmoa: beste emakume ereduen pare egongo diren bestelako emakume eredu batzuk sortzea. Alor horretan oso gaizki gaude, ez? Oso gutxi dira neskatoentzako erreferenteak.

M. I.: Rihana, adibidez, bideoklip batean zainak mozten agertzen bada, zer erreferentzia klase da hori neskato eta mutikoentzat? Bizi zaren inguruaren arabera, gauza horiek ikaragarrizko eragina izan dezakete.

Zuen lanetan bada igartzen den beste elementu bat ere: gozamenarena. Zuen ikuskizunetatik irribarrez ateratzen dira maiz ikusleak.

A. A.: Aldatuz joan da hori denborarekin, nik uste. Hasieran gozamen hori ironikoagoa eta estetikoagoa zen, beharbada. Lady Jibia lanean oso ironikoak izan ginen geure buruarekin. Bideo lan hartan kritikatzen genuen nor garen, eta baita non kokatzen garen ere, zeren eta, ez badugu ikasten geure konfort eremutik ateratzen, kritikatzen dugun horren parte bilakatzen baikara gu geu. Gu geu presente izaten ginen hasierako lan haiek laborategi modukotzat hartzen ditugu maiz. Laborategi horretan bi arratoi daude, eta Maria eta biok gara arratoi horiek. Eta gu geu aritzen ginen geure buruari probak egiten.

M. I.: Sasoi hartan hala egiten genuen lan. Kamera piztu, enkuadre barruan jolasten hasi, irudiak ikusi, zer gustatzen zitzaigun eta zer ez aztertu, eta berriz itzultzen ginen kamera aurrera. Oso metodikoa zen lana.

A. A.: Eta hortik aurrera bai, hasi ginen errebantxa eta sabotaje modukoak bilatzen, eta hor hasi ginen gozamena gehiago erabiltzen; ikuslea piezarekin identifikatu eta barrura sartzeko. Ongi dago, gainera, piezarako sarbide bat baino gehiago eskaintzea. Alderik sakon eta muturrekoenera sartu nahi baduzu, hor dago. Ez da bilatzen dugun zerbait. Hala sortzen dira.

Hamabost urte daramatzazue bikote artistiko modura lanean. Agian kolektiboki lan egiteko modu hori ere baloratu dute Gure Artea sariarekin?

M. I.: Bai. Eta guretzat oso pozgarria izan da saria Azala espazioarekin batera jasotzea.

A. A.: Batzuetan, suertatu zaigu kolektibo izaera hori defendatu beharra. Lan asko bataren edo bestearen izenean aurkeztu behar izan ditugu diru laguntzen deialdi eta sariketetara. Baina zergatik, zergatik ezin da modu honetara sortu? Ez gara identifikatuta sentitzen artista bakarti eta jenialaren figura horrekin. Niri berdin zait zenbaitek hala sortzen jarraitzen badute; kontua da bestelako sortzeko moduak ere kontuan hartu behar direla.

Esan duzue: Azala espazioa ere saritu du aurten epaimahaiak. Idoia Zabaleta dantzari eta koreografoa da haren sortzaileetariko bat, eta hark sintomatikotzat zuen aitortza arte mundutik heldu izana, haren hitzetan proposamen hibridoek nekez lortzen baitute aitortzarik beste diziplinetan. Ados zaudete?

A. A.: Adierazgarria da, bai. Arte mundua itxia da, baina agian gogoetarako tarte handiagoa hartzen du; ez dakit, baina, edozein kasutan ere, garrantzitsuak dira halako sariak, erakusten dutelako gurearen moduko proiektuek badutela aitortza bat. Erreferente bat ezartzen dute.

M. I.: Epaimahaian dagoen jendearen araberakoa da hori, noski. Bertan dagoen jendearen sentsibilitatearen, arte ikuspegiaren eta abarren araberakoa izaten da beti. Oraingoan kosmosa alde izan dugula dirudi, ezta?

Aitortzaz gain, 18.000 euroko saria ere jaso duzue. Pentsatzen dut sortzen jarraitu ahal izateko lagungarri izango dela hori ere.

A. A.: Laguntzen du, bai. Zaila da egiten dugunari esker bizitzea.

M. I.: Honi esker irauten dugu, eta super kamikazea da hori. Egiten ditugu enkargu batzuk, baina hor ere erradikalizatuz joan gara, eta sariak berretsi egin du gure apustua. Gainera, aitortza bat da hau, eta, kolektibo bat garen neurrian, sekulako laguntza izan da hori. Presio momentu ikaragarriak izaten ditugu, eta izan ditugu dena pikutara bidaltzeko moduko uneak. Eta, horregatik, sari honek esan nahi du bagaudela zoro samar, baina agian ez dela hainbesterako.

Edo hori, edo bestela...

M. I.: ...edo bestela, gu gaizki egongo gara, baina badaude gu baino okerrago daudenak: saritu gaituztenak! Ba, oso ongi, aurrera orduan! [Barreak].

A. A.: Halere, uste dut inbertsio handiagoa egin behar litzatekeela kulturgileok bizitza duinago bat eduki ahal izan dezagun. Gainera, jendea kulturgintzan aritzea nahi baduzu, hori da egin behar duzuna, bestela jende askok erdi hobby gisa uzten baitu sorkuntza, azkenerako. Jan egin behar delako, eta oso zaila delako honi esker jatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna