Xabier Zabala. Musikaria

«Ematen du musikak hitza behar duela osoagoa izateko»

Zaila egiten zaio Zabalari aitortzea bakarkako lehen lana egin duela, 30 enkargutik gora sortuta. Sentipen «arraroa» omen da, baina pozik dago. Lehen lan «pertsonala» kaleratu du: 'Brisa'.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko otsailak 13
Joan den urteko Korrikako Zirkorrika kantuaren sortzailea, Korrontzirentzako hainbat lanen zuzendaria, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen diskografiako musikaren egilea, Donostiako 61. Zinemaldiaren musika konpositorea... Hogei urtez ezagun egin diren hamaika lanen atzean egon da Xabier Zabala musikaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1967). Lehen aldiz «biluztu» da, ordea, publikoaren aurrean, bakarkako lana argitaratuta. Urte horietan guztietan konposatutako kantuak bildu ditu Brisa diskoan.

Hogei urtez besteentzako lanak eginda, Xabier Zabala-go sentitzen zara bakarkako lehen lan honetan?

Besteentzako lanak eginda ere, kanpokoek igartzen dute nire sinadura dagoela. Nire zigilua nabari da beti. Hogei urteotan, besteentzako 30 disko ekoitzi ditut, eta guztiak sentitzen ditut nireak izango balira bezala. Brisa, nirea izateaz gain, pertsonalagoa da. Urteotan denbora apur bat nuenean, inolako premisarik gabe konposatu ditut abestiak.

Beraz, lehen aldia da publikoan biluzten zarela?

Musikalki bai. Hasieran, kantu horiek egiten nituen niretzat; musika terapia da niretzat. Ez nuen asmorik argitaratzeko, baina aitzakia ona izan da hogei urte bete direla lehen ekoizpena egin nuenetik. HikHasi-rentzat izan zen lehen lan hura.

Ordutik, nola hazi zara musikari moduan?

Urteotan, denetarik egin dut. Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat egiten ditut kantuak, eta azkenaldian ikus-entzunezko munduan esperimentatzen ari naiz. Bestelako enkargu musikalak ere egin izan ditut, baita orkestretarako eta txistu bandentzako zenbait konponketa eta konposizio ere. Eta aitortu behar dut oso eroso sentitzen naizela. Niri gustatzen zait horrelako lanak egitea, sentitzen dudalako beti ari naizela ikasten. Beti bada erronka bat, eta hori ederra da.

Bitartean prestatu duzu diskoa?

Hala da. Denbora apur bat izan dudanean sartu izan naiz estudiora nire kantuak grabatzeko; horregatik daude diskoan hainbat estilotako abestiak, hogei urtetan sentsazioak ere ez direlako berak izan. Edonola, hainbat kantu gaurkotu ditut. Oinarrian garai hartako egitura nabari da, baina moldatu egin ditut zenbait kantu.

Brisa du izena diskoak. Freskotasuna eta lasaitasuna adierazten ditu. Zer aurkituko du entzuleak zure lanean?

Kanpotik jaso dudana da erlaxatzeko balio duela, eta jendeak gustura entzuten duela. Uste dut norberak interpreta dezakeela diskoa nahi eran. New age-ak ematen du aukera hori. Egiten dudana musika deskriptiboa da, zerbait marraztu nahi dudalako musikaren bidez. Nobela bat irakurtzean, idazleak iradokitzen du, baina, gainontzean, irakurleok sortzen dugu istorioa. Gauza bera gertatzen da musikarekin; hori ere hizkuntza bat da, eta grafia eta akorde propioak ditu. Horren bidez ahalegintzen gara gauzak transmititzen. Ni erosoago sentitzen naiz abestien bidez barruan dudana adierazten. Eta horixe da Brisa. Izenburuak berak iradokitzen du norbera bere buruarekin aurkitzeko une bat dela.

Kantu guztiak dira instrumentalak. Uste duzu estilo horrek baduela txokoa Euskal Herrian?

Aitortu behar dut hemen ez dela gehiegi entzuten. Badirudi musikak behar dituela hitzak osoago izateko, baina, musikak badu osotasuna, hori da gure hizkuntza. Europan entzuten da gehiago, baina moda kontua izango da. Ea aurrekaria jartzen dugun.

Hala ere, uste duzu lortu duzula disko heterogeneo bat?

Diskoan badira hainbat estilo. Bada soilik sokaz eta pianoz osatutako kantu bat, beste batzuk elektronikoagoak dira, eta badira joera etnikoa dutenak ere. Baina bada hari eroale bat; entzuteko erraza eta lasaia den musika bat egin nahi nuen. Hala ere, urte horietan guztietan gertatu dira gauzak kanpoko eta barneko munduan, eta hori ere islatu nahi nuen, koherentzia galdu gabe.

Mundu horiei erreferentzia eginda, 1989-XI-09 kantuaren data ez da ausazkoa, ezta?

Barne eta kanpo munduaz hitz egiten dut kantuetan, eta, data hori jarrita, nahi nuen jendeak Interneten bilatzea egun horretan zer gertatu zen. Jendeak, ordea, galdetu dit ea zer pasatu zitzaidan niri. Noski, oker zebiltzan, Berlineko harresia erori zen egunak ematen dio izenburua kantuari. Oso bisuala izan behar du musikak niretzat, eta irudiak asko laguntzen du kokatzen; halaxe izatea nahi nuen. Gainontzeko abestien izenburuak ere nahiko deskriptiboak dira, eta kantuz adierazi nahi dudanaren izaera azpimarratu nahi izan dut: Argi-itzalak, Joan zinen, Itsasontzia... kokatu egin nahi nuen entzulea, baina nahi eran interpretatzeko aukera kendu gabe.

Ihes egin diozu egun sortzaileek darabilten erritmo biziari?

Informazioa geroz eta azkarrago pilatzen dugu, eta musika ere, entzun bai, baina ez dakit behar bezala entzuten dugun. Gure garaian disko bat erostea berezia zen, denbora eskaintzen genion. Gaur egun, hori desagertzear dago. Gehien kontsumitzen diren bideoak bat-batekoak dira, laburrak. Uste dut ez goazela norabide egokian. Pentsatu nuen beste era batera bizi nahi nuela, horregatik ari gara guztia poliki egiten.

Zuzenekorik ez duzu egingo?

Prestatzen ari gara, eta udazkenean abiatzea espero dugu. Bideoez ere baliatuko gara kontzertuei osotasuna eman ahal izateko. Prozesuaren une bakoitza disfrutatu nahi dut; disfrutatzeko egiten ari naiz guztia.

Gainera, Min musika independenteen sarietarako izendatua izan zara.

Ez nago horrelako gauzetara ohituta. Normalean, besteentzat egiten dut lan, eta beste horiek izaten dira sarituak. Oraingoan, aldiz, ni neu naiz protagonista. Ez dut oraindik gehiegi pentsatu horretan. Hilaren 16ra arte entzuleek aukera dute bozketan parte hartzeko, eta, ondoren, epaileek erabakiko dute nor den saritua. Hala ere, niretzat, garrantzitsuena da aukera eman didala nire lana ezagutarazteko, eta hori oso garrantzitsua da, batez ere, autoekoizpen moduan kaleratu dudalako Brisa. Eta, oraingoz poza besterik ez dut jaso diskoarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna