Maialen Hegi-Luku. idazlea

«Enetzat, eleberri honek funtzio katartiko bat ukan du»

'Girgileri anderea' eleberriak nahasmendu bipolarra duen protagonista bat dauka. Maialen Hegi-Lukuren lehena da,Gazteluma bekaren bederatzigarren deialdian argitaratua.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko martxoak 23
Nahasmendu bipolarra zuen lagun bati jarri zion izengoiti hori. Girgileri anderea. Orain, Maialen Hegi-Luku hazpandarrak (Baiona, 1987) eleberri baten izenburu egin du. Hegi-Lukuk Gazteluma bekaren bidez eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du lehen eleberria: Girgileri anderea.

Girgilak polit egiteko ezartzen diren apaingarriak dira. Baina, oraingo honetan, badu lotura zuzenago bat nahasmendu bipolarrarekin, hain zuzen: «Eritasunaren fase gorenetan, krisialdietan, eriek girgileriak ezartzen dituzte usu. Edo janzkera aldatzen dute». Aldi berean, girgileria hitzak badu bigarren zentzu bat ere: hau da, inportantea ez dena, hutsala dena adierazteko erabiltzen da: «Eta maite nuen bitariko zentzu hori». Molde bat nolabait azaltzeko eri bai, baina eritasuna ez dela drama bat bakarrik. Edo, beste gisa batez errateko, nahasmendu bipolarra izanik ere, azkenean pertsona bat, oroz gainetik pertsona oso bat dela. Eritasunak ez duela definitzen. «Azkenean, pentsatzea eritasuna duena ez dela bipolar bat. Gaitz bat duen pertsona bat dela. Beste pertsona batek minbizia ukan dezakeen bezala, edo diabetesa», dio Hegi-Lukuk.

Kontua da hari ere nahasmendu bipolarra diagnostikatu ziotela. «Eta horrek behar handi bat sortu zuen ene baitan. Horri buruz bilatzeko beharra, zer zen ulertzeko. Eta pentsatu nuen interesagarria izan zitekeela eritasun psikiatrikoaren gaia aipatzea gaur egun; gero eta gehiago aipatzen dira eritasunak, baina oraino badira ezjakintasun anitz horri buruz. Bada aurreiritzi anitz: filmetan-eta, eroak dira hiltzaileak, adibidez». Hegi-Luku aurreiritziak hausteko nahiarekin aritu da, preseski, bere lehen eleberri honetan. Gaia beste gisa batez kontatzeko nahiarekin; barnetik, nolabait. «Azkenean, gai hori egunerokotasunean kokatzeko». Irakurleei ulertarazteko «zer gogoeta izan ditzakeen horrelako pertsona batek». Bai eta bere inguruak ere: «Haren inguruko lagunek, ahaideek, artatzaileek ere bai». Hegi-Lukuk azpimarratzen du horrelako eritasunak ez direla soilik eritasuna duenarenak, «baizik eta bere ingurumen guztiarenak. Horrek harremanetan eragin nabarmenak ditu, eta horretarako nahi nituen beste ikuspegiak landu».

Horretarako, bi narrazio mota erabili ditu: «Bada bat hirugarren pertsonan. Haren inguruko ezagunen ikuspegitik kontatua. Eta badira eszena batzuk lehen pertsonan idatziak, non protagonistak hartzen baitu hitza, non haren boza entzuten den». Horiek erranik, Hegi-Lukuk argi utzi nahi du liburua ez dela autobiografikoa; ez lekukotasun huts bat ere. Idazleak distantzia bat markatu nahi izan du. «Gertatutako bizipenek inspiratuz asmatu fikzio bat da istorio hau» abisatu du liburuko aitzinsolasean bertan. «Nahi nuen urrundu. Nahi nuen zerbait berria sortu. Ez nuen nahi gelditu ene biziaren kontaketan», argudiatzen du. Horretarako, justuki, irakurri eta entzun gauza batzuetan inspiratu da: «Ikuspegi orokorrago bat nahi izan dut eman. Entretenigarria den istorio bat asmatzea zen ene helburua».

«Idazketaren jokoan sartu» dela azaldu du, «irakur erraza» izateko xedearekin. «Gogoa ematen duena irakurtzeko. Horretarako erritmo zalu bat eman nahi izan diot eleberriari, azkenean irakurleak istorio bat bezala irakur dezan, eta ez dezan irakurri liburu didaktiko bat eritasunari buruz». Baina, hori bai, mamia sakon. Eritasunaz gehiago ikasi nahiagatik irakurtzen hasia zela, egin ikerketa guztiez jabetzen hasia zela —gehien-gehienak frantsesez— damutu da idazlea; orduan ukan zuen Gazteluma bekaren berri. Egitasmoa aurkeztu, eta irabazi.

Epaimahaiak haren lana hautatu eta idazketa lanetan sarturik, idatzi arau distantzia hartzen hasi zen eritasunarekin berarekin: «Enetzat, obra honek funtzio katartiko bat ukan du, hori argi da. Egia da onarpenean ere lagundu nauela. Idazketak berak beste norabait eraman nau, eta hori biziki baikorra da».

Hegi-Lukuk Gazteluma bekaren bederatzigarren deialdia du irabazi. Liburua aurkeztearekin batera, bekaren hamargarren deialdia iragarri dute Baionako Elkar liburu dendak, Elkar Fundazioa eta Euskal Kultur Erakundeak. Urriaren 15era arte luzatu dute egitasmoak aurkezteko epea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna