Cristina Martinez. Boss Hog musika taldeko kidea

«Rockak iraungo du, musika klasikoak eta jazzak bezala»

Urte askotako geldialdia eten, eta garai bateko indarrarekin itzuli da oholtzetara Boss Hog AEBetako taldea. Andoaingo Rock Jaialdian izango da gaur, beste hainbat artistarekin batera.
BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko ekainak 16
Boss Hog taldeak 2000. urtean argitaratu zuen Whiteout azken-aurreko diskoa, eta, 2008an kontzertu batzuk eman zituen arren, bazirudien Jon Spencer (gitarra) eta Cristina Martinez (ahotsa) senar-emazteek gidatzen duten taldeak esanak zituela esan beharreko guztiak. Orain dela bi urte, ordea, Brood Star EParekin itzuli ziren, eta, iaz, Brood X lan luzea argitaratu zuten, taldearen punk-garage-blues-funk uztarketa sutsu eta itsaskorra gordetzen duen diskoa. Hollis Queens (bateria), Jen Jurgensen (baxua) eta Mickey Finn (teklatua) kideak alboan dituztela izango dira gaur Andoaingo Nafarroa plazan (Gipuzkoa) egingo den rock jaialdian. «Disko berria joko dugu oso-osorik, eta aurreko lan guztietako aukeraketa bat ere egingo dugu. Show mugitu eta dantzagarria izango da».

Zer-nolako sentsazioekin hasi duzue bira?

Bi kontzertu besterik ez dugu egin, Sevillan eta Granadan [Espainia], baina guk izugarri ondo pasatu dugu. Eta esango nuke etorri den jendea ere pozik egon dela. Show onak egin ditugu, eta taldekide guztiak gustura gelditu gara kontzertuak amaitzean. Hori inportantea da; denok izatea egin dugunarekin pozik.

Hamazazpi urteko etenaren ostean, iaz kaleratu zenuten Brood X diskoa. Zuk zeuk sentitu duzu oholtzetara itzultzeko beharra?

Ez, denbora horretan guztian jotzen segitu dugu, nahiz eta ez dugun diskoak grabatzeko edo birak egiteko inolako planik egin izan. Baina ikaragarri atsegin dugu elkarrekin jotzea, elkarren lagunak ere bagarelako. 2008an gonbidatu gintuzten bira bat egitera, eta, berriro elkartzean, kantu berriak egiten ere hasi ginen. Azken batean, politagoa da ideia berriak izatea, eta ez beti kantu berberak jotzen aritzea. Denbora horretan 200 bat orduko grabazioak egin ditugu, eta iritsi zen une bat, zeinetan erabaki genuen garaia zela disko berri bat grabatzeko. Oso modu naturalean gertatu da dena.

Kantu asko zenituzten, beraz?

Ez ziren, agian, osatutako kantuak. Erabaki genuen estudiora joatea, eta ideia horiek kantu bilakatzen joan ziren. Lehenengo aldia da horrela lan egin duguna, eta estudioan bertan osatu dira kantuak. Estudioan hainbat gauza idatzi genituenez, erabaki genuen Brood Star EPa kaleratzea aurretik [2016], hantxe bertan idatzitako pieza arraroagoak biltzeko. Igual gehiago gustatzen zait EP hori! [barrez]. Bat-batekoa da.

Musika sorkuntzaren alderdi hori gustatzen zaizu?

Talde batek bizia izan behar du. Niri, behintzat, banda batean jotzeak gozamena eragiten dit beste ezeren gainetik. Ni horregatik nago talde batean, ez beste ezerengatik.

Brood X diskoa Boss Hogena da bete-betean, eta lot daiteke aurreko lan batzuekin. Zuek ideia jakin bat zenuten grabatu baino lehen?

Denbora luzean egindako musika denez, oso barrutik atera zaigu, eta guri jotzea gustatzen zaiguna adierazten du. Hitzak, berriz, oraingo honetan, amaieran egin ditut. Ideia baten hazia hartu eta zuhaitz bat eraikitzen joan naiz. Azken batean, disko bakoitza ipuin bat da, eta ipuin hau bi hilabeteko epean idatzi nuen. Hitzetan ari nintzen aldaketez, itzuleraz eta abarrez, eta, hain justu, AEBetako hauteskundeak baino lehen idatzi nituen hitzak. Ez dut uste Trumpen garaipena nuenik buruan, baina gero denontzat izugarri kaltegarriak izan ziren hauteskunde batzuk iritsi ziren, eta diskoko kantuek beste zentzu bat hartu zuten. Hitz pertsonalak zirenek beste esanahi bat hartu zuten, Trumpen garaipena izugarrizko kolpea izan zelako. Amesgaizto bat. Gaur egun, kokaleku horretatik abesten ditut.

90eko hamarkadan rock alternatiboak izan zuen eztanda bizi izan zuen Boss Hoggek. Zuk zeuk nola oroitzen duzu?

Bueno, Nirvanaren eztanda izan zen...

Beste talde batzuek ere izan zuten oihartzuna, ezta?

Bai, bai, esan nahi nuena da Nirvanak fitxatu zuela konpainia handi batekin, eta hortik aurrera dena okerrera joan zela. Zigilu handiak saiatu ziren taldeen kontu dirua egiten. Horrekin batera, hurrengo urteetan, Interneten agerpenarekin, musika doan entzuteko aukera zabaltzearekin, dirua irabazteko aukera galdu zuten artistek. Horrek aldatu du dena. Gaur egun, gazteek kantu bat egin eta sareratu egiten dute. Nire semeak ere egiten du! Kantu bat besterik ez dute entzuten. Gu geunden ohituta diskoak osorik eta arretaz entzutera. Hasieratik bukaerara. Bere hutsune, tempo eta abarrekin. Arte hori galdua dugu, eta nik, behintzat, nostalgiaz begiratzen diot. Ez dakit onerako edo txarrerako izan den, baina aldatu egin da musika entzuteko modua. Bizitza aldatzen da, eta bizitzarekin batera aldatu behar dugu guk ere.

Gero eta nabarmenagoa da gazteek, rock-and-rolla baino gehiago, bestelako musika batzuk entzuten dituztela gaur egun.

Bai, hala da. Baina esango nuke badagoela rock-and-rolla entzuten duen jende gaztea ere. Lagunen seme-alabak... Nire semeak ez! Nire semeak elektronika entzun eta egiten du! Baina, tira, orain dela gutxi jo dugu 17-18 urteko neska talde batekin, eta zoragarria zen nola jotzen zuten rock-and-rolla. Niri horrek itxaropena ematen dit. Nik uste dut rockak iraungo duela, musika klasikoak eta jazzak irauten duten bezala. Baina ez da garai batean izan zena.

Zer plan daukazue aurrera begira?

Irailean Jon [Spencer] bere bakarkako lehenengo diskoa ateratzekoa da, Blues Explosion gabe, eta bira bat egingo du segidan. Eta guk ere jarraituko dugu beti egin duguna egiten. Elkartuko gara jotzeko, baina plan handirik gabe. Hori bai, badakigu ezin direla beste hamazazpi urte igaro disko bat grabatzeko. Bestela gurpil aulkian grabatuko dut! [barrez]. Badakit nire denbora mugatua dela.

ANDOAINGO ROCK JAIALDIA

Artistak: Boss Hog, The Legendary Tigerman, The Kill Devil Hills, The Coal Porters, Tulsa eta Birkit.

Non: Andoaingo Nafarroa plazan.

Noiz: Gaur, 18:00etatik aurrera.

Salneurria: Doan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna