Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Bertha Gaztelumendi. Zinemagilea

«Ez dute egin biktimaren rola, inolaz: duintasuna ikusten da»

Emakunderen 'Volar' dokumentala zuzendu du Gaztelumendik: indarkeria matxista jasan duten bederatzi andreren lekukotza jaso du, euren esperientziak lehen eskutik kontatzeko.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2017ko irailak 29
Indarkeria matxistak eragindako titulu beltzei ahotsa, gorputza eta irudia eman die Bertha Gaztelumendik (Irun, Gipuzkoa, 1962) Volar dokumentalean. Gaur du azken saioa Zinemaldian, baina, astelehenean, Bilboko Azkuna zentroan izango da, asteartean Gasteizko Artiumen —bien sarrerak amaituta daude—, eta asteazkenean Donostiako Tabakaleran.

Bederatzi testigantza gogor eta, aldi berean, ausart. Erraza edo zaila izan da kamera aurrean agertzeko prest zeuden andreak topatzea?

Esan behar da ez genuela erabaki aldez aurretik pelikula bat egingo genuenik. Bestela izan zen: bederatzi emakumeok nahi izan zuten erreparazio eta errekonozimendu prozesu batean sartu. Lanean hasi ginen, biltzen. Egun batzuk oso gogorrak izaten ziren, zeren eta proposatu genien beren esperientzietatik abiatzea. Gure artean konfiantza sortu zen —behar-beharrezkoa zen hori—; sortu genuen talde bat non bagenekien babestuak ginela. Sintonia oso ona sortu zen, eta gero eta emankorragoak ziren saioak, gero eta ausartagoak ziren beraien errelatoak. Pixkanaka harilkatu genuen mezu bat, eta helburua oso argi zegoen hasieratik: gizarteak jakin dezala zer diren tratu txarrak, eta ondo jakin dezala, ez tituluetan ikusten dena. Hau da, ez beste andre bat —gaur [atzo] bezala— hil dutela, baizik eta tratu txarren prozesu horretan zer gertatzen den barruan. Dokumentala egitea erabaki genuen, eta salto hori emateak —kamera aurrean jartzeak—, noski, inposatu egiten du, baina oso-oso determinatuak zeuden hau egitera, eta ez zen hain gogorra izan aurretiko lan asko zegoelako eginda.

Soslai askotako andreak ageri dira dokumentalean, adinari, lanbideari eta jatorriari dagokionez. Indarra ematen dio mezuari, ezta?

Noski, eta, gainera, ez da bilatua izan: haiek apuntatu egin ziren. Horrek zer esan nahi du? Tratu txarrek jotzen dituztela gizarte maila guztiak, lanbide guztiak, adin guztiak... Berez sortu zen, eta oso esanguratsua da.

Dena ez da alaia: une batean, bost andre daude hizketan eta batek alde egiten du, ezinez.

Beti da oso gogorra, eta, azken finean, haiek bihotza zabaltzen dute, ez dakit zenbat urtez gordeta izan dituzten bizipenak, beti beldurrez, lotsatuta eta errudun sentituz. Hori zabaltzea oso gogorra da, zure intimitatea, zure bihotza, zure etxea... Agerian gelditzen zara, baita besteen epaien aurrean ere. Hori gogor-gogorra da. «Zergatik egin duzu hori horrela? Zergatik aguantatu duzu hainbeste denbora? Zergatik...?». Hori bizi egin behar da. Bizipenak oso azalean egoten dira, eta hautsi egiten dira une batez, gero buelta ematen dioten arren. Ez zen maiz gertatzen, baina gertatzen zen. Gu horretarako prest geunden, eta haiek esaten ziguten batzuetan: «Bueno nik honaino, ez dut jarraituko». Eta guk onartu egin dugu arazorik gabe.

Indarkeria matxista iceberg baten modukoa dela esaten da, punta baino ez dela ikusten —atzera ezinezko kasuak, maiz—. Nahiko lan egiten al da ezkutuko hori erakusteko?

Nik uste dut ahaleginak gero eta zintzoagoak direla eta gero eta gehiago egiten direla; gero eta gizarte kontzientziatuago baterantz goazela. Gauza gehiago egin daitezke, bistan da. Baina oso zaila da, mundu guztiaren inplikazioa behar baita, eta beharrezkoa da mundu guztia zintzoa izatea bere buruarekin. Zenbatetan erabiltzen dugu guk biolentzia, hainbat esparrutan? Ez gara konturatzen, baina oso egituratuta dago gure gizartean biolentzia erabiltzea gauzak lortzeko. Hausnarketa egin behar du bakoitzak, barrura begira, eta hori ez du nahi izaten jendeak: oso kontraesanezkoa da, eta beldurra ematen du. Horrelako arazoak behar du gogoeta sakon bat bakoitzarena. Eta esango dizut gauza bat: torturez hitz egiten ari gara. Eta ez da nik esaten dudalako: NBEetan, torturen aurkako errelatoreak, [Juan E.] Mendezek, askotan esaten du genero biolentzia tortura dela. Etxe baten barruan, testigurik gabe egiten diren erasoak, edo mehatxuak, urtez urte, zer izen du horrek?

Hain zuzen ere, emakumeek eurek diote dokumentalean tratu txarrak ematen dituztenek bakartu egiten dituztela andreak.

Mundutik eta gizartetik bakartu. Eta zuk, gainera, gorde egiten duzu bizi duzun hori; ez duzu nahi inork ikusi dezan kolpatua zarela.

Zertan lagundu diezaieke zineman emakume hauei?

Begira, lehengoan estreinatu genuen, eta jaso zuten txalo zaparrada hori, hori da errekonozimendua. Eta nik uste dut horrek ematen diela indar bat, sentitzea beste aldean badagoela baten bat, eta baten batek ulertu duela ze gaizki pasatu duten. Izugarria da. Eta oso beharrezkoa.

Asteburu batean elkartu dituzue bederatziak, eta ariketa hori bera baliagarria izango zitzaien zauriak pixka bat gehiago sendatzeko, ezta?

Noski. Zenbat eta gehiago hitz egin, hobe, eta, gainera, horrelako giro lasai eta babestu batean, lasaigarria da eta osagarria da. Erreparazio moduan zegoen planteatuta; gizarteratzeak askoz dimentsio handiagoa eta potentzial handiagoa edukitzea dakar.

Dokumentalarekin bigarren biktimizazio prozesu bat bizitzeko beldurra izan dute?

Helburua garbi zegoenez, gauzak modu batean aurkeztera eraman gaitu. Zintzoak izan dira [protagonistak], eta uste dut ez dutela egin biktimaren rola, inola ere ez: duintasuna ikusten dela esango nuke.

Hemendik aurrera, zer?

Proiektuak jarraitzen du: orain emakumeek eurek kudeatuko dituzte herriz herri egingo diren emanaldiak. Bi koordinatzaile aukeratu dituzte, horiek jasoko dituzte eskakizunak, eta antolatuko dute zein doan nora.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna