'Handia' Goya sarietan. Eneko Sagardoi. Aktorea

«Kontatzeko moduarekin asmatu dugula erakusten dute sariek»

Aktore gazterik onenaren Goya saria jaso du Eneko Sagardoik, eta bereziki pozgarria zaio 'Handia' filmak orotara hamar garaikur lortu izana. «Pelikula saritu dute», azaldu du.
DAVID HERRANZ

Iñigo Astiz -

2018ko otsailak 6
«Jarrai dezagun zinema egiten euskaraz, katalanez eta galizieraz, hizkuntza txikiek erraldoi egiten gaituztelako». Zehatz gogoratzen du esan gabe geratu zitzaion esaldia Eneko Sagardoi aktoreak (Durango, Bizkaia, 1994). Aktore gazterik onenaren Goya saria jaso zuen larunbatean, Handia filmean egindako lanagatik; oholtzako mikrofonora gerturatutakoan, senideak izan zituen gogoan lehenik, eta esaldi bana eskaini zien gero Joseba Usabiaga aktoreari, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariei eta lan talde osoari; baita bere lehen antzerki irakasleari ere. Baztertutako nortasunak eta gorputz arraroak ere aldarrikatu zituen, baina esan gabe gelditu zitzaion hizkuntza txikiei buruzko esaldia. «Baina pentsatzen dut aldarrikapen hori filmean bertan doala», dio orain.

Hamahiru saritarako zen hautagai filma, eta hamar jaso zituen guztira. Sagardoirena tartean.

Euskarazko lan batengatik Goya saria jaso duen lehen aktorea zara. Irudikatu ere ez zenuen egingo halakorik.

Buruan sariak dituzula lan egitea toxikoa izan daiteke. Kontzentrazio eta energia handia eskatzen du lan honek, eta, sariak espero badituzu, zerbait galtzen da bidean. Gainera, helburu aldaketa bat ekarriko luke horrek, zeren, pelikulari edo obrari mesede egin beharrean, zeure buruari mesede egin nahian hasiko baitzinateke, eta uste dut talde lan batean hori beti dela okerra. Bukatu genuenetik hona, ingurukoek errepikatu izan didate aukera asko genituela, eta nik neuk ere banituela. Saiatzen zara hori burutik kentzen, besteek jartzen dizuten motxila bat baita, eta gainera badirudielako horren arabera baloratuko zaituztela. Eta hori oztopo bat da, aktoreok daukagun ezegonkortasunarekin.

Eta halere jaso duzu.

Ikusten nuen Goyaren bustoa nire eskuetan, eta ez zitzaidan iruditzen nirea zenik. Ilusio handia egin zidan, egia da, gure lanbidea oso ongi ezagutzen duen jendeak egindako aitorpen bat delako, baina gero kazetariek nolabaiteko presioa sartzen dizute. Oso ezberdina da kazetariek sariari ematen dioten esanahia eta nik ematen diodana. Badirudi hemendik aurrera ez naizela geldituko, bizitza konpondu didala. Baina Goya sariek ez daukate matematikarik; ezerk ez dit lana ziurtatzen, eta saiatzen naiz hortik ihes egiten, pozari lekua uzten, noski, proiekzio handia izan dela pentsatzen. Baina horraino.

Zureaz gain, beste bederatzi heldu ziren gero Handiarentzat.

Ilusioa egin zidan horrek, nolabait filma bera saritu zelako; horrek erakusten du asmatu dugula pelikula kontatzeko moduarekin, eta heldu garela jendearengana. Poz handia da hori.

Eskerrak emateko hitzaldian aipa zenitzakeen guztien artean, zure lehen antzerki irakasle izan zen Jose Martin Urrutia Txotxe aipatu zenuen, eta furgonetak kargatzen erakutsi izana eskertu zenion zehazki. Zergatik?

Iruditzen zaidalako halako ekitaldiek beti izaten dutela puntu surrealista bat. Zer gertatzen da egun horretan alfonbra gorrian dauden aktoreekin urteko gainontzeko egunetan? Non daude? Existitzen dira? Furgonetarena besteentzat esan nuen, baina niretzat ere bai. Hori delako nire errealitatea. Datorren asteburuan Donostiara noalako Heriotza bikoitza antzezlana ematera, eta deskargatu eta muntatu egin beharko dugulako. Eta, gainera, hala izatea nahi dudalako. Eskuak ez zikintzeak baditu bere alde onak, eta oso erosoa da, baina egiten duzunarekiko pertenentzia falta bat dakar.

Larunbat gauean sari banaketan aipatu zenuen Txotxe, eta igandean hil zen. Gaixo zegoen, baina badakizu zure eskerra heldu ote zitzaion?

Ziur nago nolabait jaso zuela esker ona. Antzerkira ekarri ninduen lehen pertsona izan zen, eta antzerkiak daukan botererik handiena erakutsi zidan. Oholtza da leku bat non zure beldurrak oso modu biluzian ikusten diren. Ispilu lan handia egin zuen nirekin eta beste gazte guztiekin. Begietara begiratu, eta bazenekien oso ondo irakurriko zintuela. Niretzat errespetu falta handia litzateke esatea nire lehen antzerki irakaslea izan zela: lagun handia izan da, artista handia, euskaltzale amorratua, eta antzerkizale handia. Topikoa da, baina bizitzen erakutsi zidan. Akordatzen naiz antzezlan bat amaitutakoan furgoneta kargatzen ari ginela. Oso nekatuta nengoenez, garagardo bat hartu eta banku batean eseri nintzen. Etorri zitzaidan, eta esan zidan: «Eneko, ez ahaztu inoiz titiritero bat zarela». Altxatu eta kargatzen hasi nintzen. Ez zuen inoiz ezer inposatzen, baina beti gogorarazten zuen zertara igotzen garen oholtzara.

Zertara igotzen zara zu?

Ipuinak kontatzera. Gero publikoan nagoenean jaso nahi dudan hori sortzeko igotzen naiz. Errealitatetik aterako nauen zerbait sortu nahi dut, gero errealitateari beste leku batetik ekiteko; ez munduaz isolatzeko, baizik eta kalekoarekin are gehiago konektatzeko. Oso polita iruditzen zait hori. Niretzat bada jendeari ematen diogun deskantsu bat, baina ez deskantsu pasibo bat; deskantsu hori, gero, are aktiboago bilakaturik aterako da aretotik. Asko gustatzen zait neure buruarekin harritzea ere, eta ohartzea noraino hel gaitezkeen. Bizitzan antzerkirik gabe ere gerta daiteke hori, beldur bati aurre egiten diozunean, edo esan gabeko zerbait esatera heltzen zarenean. Baina antzerkiak asko inplikatzen du gorputza, eta antzezterakoan azal berria aurkitzen diozu zeure buruari. Opari handia da hori, gero kaleko Enekorengana eraman baitezaket. Eta ahalik eta gauza gehien aurkitu nahi ditut nik bizitzan, neure baitan eta kanpoan, eta horretarako aukera ematen dit antzerkiak. Hunkigarria da hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna