AEB. Sexu berekoen arteko ezkontza

Berdintasunerako ariketa

AEBetako Auzitegi Gorena sexu berekoen arteko ezkontzen debekua aztertzen ari da, konstituzioa urra dezakeelakoanErabakia ez du ekainera arte hartuko, baina egunotako eztabaida garrantzitsua izango da

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gay eta lesbianek eskubideen berdintasunean urrats bat gehiago egiteko aukera eztabaidatzen ari dira atzo eta gaur AEBetan, erabaki historikoa hartzeko eztabaida erabakigarria deritzotena egiten, Auzitegi Gorenak sexu berekoen ezkontzak debekatzea konstituzioaren kontrakoa dela erabakitzeko argudioak entzuten ari baita. Auzitegi horretako bederatzi epaileek ezkontzok debekatzen dituen bi lege konkretu aztertuz—Kaliforniako 8. Proposamena eta DOMA Ezkontza Defendatzeko 1996ko Akta— erabaki behar dute gay eta lesbianek ezkontzeko eskubide berak dituzten, eta, hala bada, estatu federalak horiek onartzeko betebeharra zertan den, gaur egun ezkon daitezkeenen baldintza beretan egin behar duten. Bi legeok konstituzioa urratzen dutela erabakiko balu AEBetarako balioko luke erabakiak —tarteko beste lau erabaki ere har ditzakete—.

Bi kasuetan, eta AEBetako estatu guztiei eragiteko, auzitegiak erabaki dezake konstituzioak berak debekatu egiten duela gobernu federalak nahiz edozein estatuk erabakitzea oinarrizko eskubideen inguruan, ez direla nor, hori konstituzioari soilik dagokiola, eta, beraz, sexu berekoen eskubideak babestu beharko lituzketela ondorioztatu beharko luke. Ez du ekaina arte erabakiko, baina egunotan gertatzen dena erabakigarria izango da.

Atzo hasi ziren epaileak Kaliforniako8. Proposamenaren kontrako eta aldeko argudioak entzuten, eta gaur gauza bera egingo dute DOMA Ezkontza Defendatzeko 1996ko Aktaren inguruan. Kaliforniako 8. Proposamenak 2008an erreferendumean bozkatutako helegitearen bidez, estatu hartako konstituzioa berridatzi zuen, esanez, Kalifornian gizon eta emakume baten arteko ezkontzak bakarrik direla baliogarriak.

Kaliforniako Auzitegi Gorenak 2008ko maiatzaren 15ean erabaki zuen sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubide konstituzionala zutela, eta azaroaren 3rako sexu bereko 18.000 bikote baino gehiago ezkondu ziren. Azaroaren 4an, ordea, presidentetzarako hauteskundeekin batera egindako erreferendumean, 8. Proposamena onartu zuten —botoen %52,3 alde, %47,7 kontra—. Aurretik ezkondutakoak ezkontza legaltzat jotzen ditu, hala ere, Kaliforniako Auzitegi Gorenak, baita ezkontza legezkoa den beste estatuetakoak ere.

DOMAri buruz

Ezkontzaren Defentsarako 1996ko Legeak, berriz, gobernu federal batek sexu berekoen ezkontzak onartzea debekatu behar duela esaten du. Estatuek onartuta ere, ez dituzte estatubatuarrek dituzten betebehar eta onura federal berak, adibidez, zerga deklarazioaren onurak eta pentsioak. Ezkontza hitza definitzen du «soilik emakume baten eta gizon baten arteko batasun legal» gisara. Bill Clintonek sinatu zuen akta, presidente zela, baina hilabete honetan bertan esan du konstituzioarekin «bateraezina» dela legea.

DOMAren kasuan erabakia sinpleagoa da. Ezkontza onartzen den estatuetan eskubide fiskal berak izango lituzkete denek nazio mailan, eta pentsioa kobratzeko eskubidea. Kaliforniako 8. Proposamenak, berriz, erantzun konplexuagoa dauka, eta Kaliforniara ez ezik, debekatua dagoen beste 30 estatura zabal daiteke erabakia.

AEBetan dagoeneko herritar gehienak baiezkoan daude, ezkontzeko eskubideak berdina behar duela denontzat, eta azken hamarkadan estatubatuarren artean egon den iritzi aldaketa kontuan hartuta, aldaketarako une egokia dela uste dute adituek; inkestetako datuek ere hala erakusten dute.Washington Post-eko inkesta berrienaren arabera, estatubatuarren %58 daude sexu berekoen ezkontzen alde —historian izan den kopururik handiena da—, baina usteak erdi ustel, babes horren hazkundeak mesede egin diezaioke ezkontzak debekatzearen alde daudenei, estatu bakoitzean erreferendum bidez aukeratzea defendatzen baitute. «Gutxiena behar duguna da Auzitegi Gorenak irtenbide nazional bat aurkeztea, eta herritarrei erabakitzeko eskubidea kentzea», Austin R. Nimocks 8. Proposamenaren abokatuaren arabera.

Dena den, ekintza politiko asko gertatzen ari dira azkenaldian. Iazko abenduan erabaki zuen Auzitegi Gorenak bi kasu horiek konstituzioaren kontrakoak diren aztertzea; inoiz orain arte ez da horrelakorik gertatu. Bill Clintonen egindako adierazpena bezala, garrantzitsua izan da Justizia Departamentuak Gorenerari idatzitako eskutitza legezko arrazoiak azalduz, eta hainbat errepublikanok erakutsi dioten aldeko jarrera, besteak beste, Rob Portmanek. Hollywoodeko izar askok eta askok emandako babesak ere iritzi publikoa aldatzen lagundu du, eta joan den otsailean Barack Obamak konstituzioaren kontrakoa zela esan zuenetik hartu du martxa erabakiak.

Kontserbadoreen ahotsa

Anthony Kennedy magistratu kontserbadorea Auzitegi Goreneko taldean sartu izanak ere balantza ezkontzen aldera jar dezakete.Sexu berekoen ezkontzak maiz defendatu izan ditu, eta esanguratsua izan daiteke, atzo esandakoa: Kalifornian bakarrik 40.000 ume adoptatu dituzte, eta argudiatu duenez, ume horiek nahi dute beren gurasoek onespen osoa izan dezatela. «Haien ahotsa garrantzitsua izango da ba?».

Magistratu horrek askotan eten zuen Charles Cooperren atzoko hitz jarioa. Cooper 8. Proposamena defendatzen dutenen abokatua da, eta hark eskatu zuen Auzitegi Gorena ez izatea bitartekari «horren auzi zailean». Hark ere boto emaileek esaten dutena kontuan hartzeko eskatu zuen, Auzitegi Gorenak askatasuna murriztuko liekeela herritarrei hori galerazterakoan.

Beste magistratuetako batzuk, berriz, zalantzan jarri zuten ugalketa jartzea ezkontzak debekatzeko beste argudio garrantzitsuetako bat bezala, umerik ez duten bikote guztien ezkontzak debekatu beharko liratekeelako bestela.

Paul Katamiren ustez —Gorenean helegitea jarri dutenetako bat da—, «diskriminazioaren aurrean» neurriak hartu behar dira. Haren ustez «herrialdearen bizkarrezurraberdintasuna eta askatasuna» direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.