Hobekuntza bai, baina eskasagoa

Hazkunde tasa globalak joan den urtekoa gaindituko du aurten, baina aurreikuspenak jaitsi ditu NDFk.Txinako BPGaren igoera azken 25 urteetako txikiena izan da iaz

Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ekonomia globalaren hazkunde aurreikuspenari bi hamarren kendu dizkio NDF Nazioarteko Diru Funtsak 2016. eta 2017. urteetarako. Funtsak ez du aldatu bere tesi nagusia, hau da, hazkundeak iazkoa —finantza krisia hasi zenetik txikiena— gaindituko duela, baina hobekuntzaren erritmoari buruzko baikortasuna mugatu du, eta ohartarazi du okerrera egiteko aukerak gehiago direla hobera egitekoak baino. Kalkulu eguneratuen arabera, mundua %3,4 haziko da aurten —iaz baino hiru hamarren gehiago—, eta %3,6 datorren urtean.

Asko laburbilduta, bi faktorek gidatu dute aurreikuspenak murrizteko erabakia. Batetik, AEBetan ekonomiaren emaitzak espero zirenen azpitik geratuko dira. Ekonomia aurreratuen artean motorra izango dira oraindik ere AEBak, baina erritmo apur bat motelagoarekin. Balantzaren beste aldean, gorabidean diren herrialdeei gehiago kostatuko zaie iazko motelalditik ateratzea, bereziki Brasilgo eta Errusiako atzeraldiak luzatuko direlako.

NDFren zuhurtasuna kontrajarri egiten zaio urte hasieran finantza merkatuetan nagusitu den ezinegonari. Maurice Obstfeld NDFko kontseilari ekonomikoari iruditzen zaio merkatuek «neurriz kanpoko erreakzioa» izan dutela Txinaren egoera eta petrolioaren jaitsiera dela eta. Txinak iazko BPGari buruz emandako datua —%6,9 hazi da, azken mende laurdeneko tasa txikiena— funtsaren kalkuluekin bat datorrela azpimarratu du, gainera.

Txinako ekonomia aurten %6,3 eta datorren urtean %6 haztea espero du NDFk, eta ez ditu aldatu joan den urrian iragarritako zenbakiak. Edonola ere, espero gabeko efektu batzuk gertatzen ari direla aitortu du Obstfeldek. Esaterako, oso handia izaten ari da merkataritzaten uzkurtzea.

Euroguneari dagokionez, aurretik iragarritakoaren gainetik ibiliko dela uste du funtsak, 2016. eta 2017. urteetan BPGa %1,7 handituta. Alemaniaren eta Espainiaren hazkunde tasak hobetu ditu. Frantziarenak, aldiz, okerrera egin du.

Txina, helburua beteta

Pekingo agintariek espero zuten moduan, Txinako ekonomia erritmoa galtzen aritu da urtean zehar: %7ko erritmoan hazi zen 2015eko lehen bi hiruhilekoetan, %6,9koan hirugarrenean eta %6,8koan laugarrenean. Txinako Gobernuak ontzat jo du datua, eta lortutzat jo du duela urtebete finkatutako helburua —hazkundea %7aren inguruan geratzea—. «Hazkundea moderatua izan da, baina egonkorra eta sendoa», azaldu du Wang Baoan estatistika bulegoko zuzendariak. Aurten barne produktu gordina %6,5 haztea espero du Pekinek.

Ekonomiaren eraldatze prozesu bete-betean dago Txina. Industria esportatzailean eta inbertsioan oinarritutako ekonomia izateari utzi, eta batez ere kontsumoan oinarritutako ekonomia bihurtu nahi du. Aurreko hazkunde eredua agortzen ari dela diote azken estatistikek. Aspaldiko partez jaitsi egin da altzairu ekoizpena (-%2,3), eta energia produkzioak ere hazteari utzi dio, industria ez ezik, etxebizitzen eta azpiegituren eraikuntza ere geldotzen ari den seinale. Zerbitzuak bilakatzen ari dira ekonomiaren indargunea: industria %6,1 hazi da, eta zerbitzuak, berriz, %8,2. Horri esker, lehen aldiz, Txinak urtebetean sortutako aberastasunaren erdia baino gehiago zerbitzuek eragin dute (%50,48).

Askok zalantzan jartzen dituzte Txinak argitaratzen dituen datu ofizialak. Azken gertakariek susmo horiek handitu dituzte. Abuztuan lehenik eta urtarrilaz geroztik bigarrenik, Shenzengo eta Shanghaiko burtsak amildu egin dira. Azken urteotan neurrigabe puztutako burbuilaren leherketa dago balio galera horren atzean, baina benetako arrazoia egoera ekonomiko uste baino pattalagoa den irudipena zabaldu da. Datuak manipulatzen direla ukatu du Wangek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.