Albistea entzun

Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Batasunari eusteko argi printza bila

Kataluniako galdeketaren aldekoek bilera egingo dute gaur hurrengo pausoak erabakitzeko.

Begi bistakoak dira desadostasunak; ERCk, CUPek eta ICVk estu hartuko dute Mas, kanpaina eteteagatik
Artur Mas Kataluniako presidentea eta Oriol Junqueras ERCkoa, kontsultarako dekretua sinatu ostean.
Artur Mas Kataluniako presidentea eta Oriol Junqueras ERCkoa, kontsultarako dekretua sinatu ostean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 3

Egunotan aldi baterakoa da Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako guztia. Lehenbizi, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen erabakia: behin-behinean balio gabe lagatzea Kontsulta Legea eta azaroaren 9ko galdeketara deitzeko dekretua. Kataluniako Gobernuaren hautua etorri zen gero: bozketa egunerako kanpaina ofiziala etetea, «badaezpadako neurri gisa». Aldi baterakoa dirudi, halaber, kontsultaren aldeko alderdi politikoen batasuna.

Debekuaren aurka zer egin erabaki eta hurrengo urratsak adosteko bileraren bezperan, hausturaren lehen sintomak azaleratzen ari dira. Batasun horrek, behintzat, ez dirudi orain aste batzuk bezain sendoa. Kataluniako hainbat kazetaren arabera, ERC, ICV-EUiA eta CUPekoak ez ziren batere kontent irten herenegun Mas presidentearekin izaniko bileretatik. Bozak aurreratzeko aukerak «lehentasun» bihurtzerainoko indarra hartu duela ikusirik, Generalitatearekin kexu daudela diote. Hala ere, gaur bilduko dira debekuari zelan erantzun hitzartzeko. ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek estu hartuko dute Mas.

Desadostasunak ez dira berriak galdeketa egitea babesten duten indar politikoen artean. Tirabirekin hasi zituzten iaz kontsultarako eguna eta galderak erabakitzeko bilkurak. Oro har, tinko eutsi diote geroztik, ustelkeria kasuak eta desobedientziarako deiak gorabehera. Dena dela, Masek azaroaren 9rako prestaketa lanak bertan behera uzteak piztu du sua berriro, eta azaleratu dira aurreneko pitzadurak. CiUk ez, galdeketaren aldeko beste hiru alderdiek «traiziotzat» dute erabakia «aldebakartasunez» hartu izana. Masek konpromisoa bete ez duela deritzote. Haren esanetan, ordea, aldi baterako baino ez du eten kanpaina, konstituzionalak debekuari buruzko ebazpen bat eman arte.

Masen bide orrian, «bozak»

«Nahiko ezkor» irten ziren herenegungo bileretatik ERCko, ICV-EUiAko eta CUPeko ordezkariak. Masek esanikoak eztabaidatzeko bildu ziren atzo alderdi horietako buruak. Jomuga berdina dute denek: herritarrei hitza ematea. Generalitatearen noranzkoa, baina, ez dator bat «bidelagun» dituenenen xedeekin. ICV-EUiAko koordinatzaile nagusi Joan Herrerak, adibidez, bozak egiteko zantzuak atzeman ditu Masen bide orrian: «Azaroaren 9az haragoko kalkuluak dauzka». Hain justu ere, horixe da oposizioko taldeek nahi ez dutena. Herrerak adierazi du «irmo» eta «batuta» segitu asmo dutela, baina ez dutela erabakirik hartuko «era inozoan». Bozik ez, azaroaren 9ko galdeketa prestatzen jarraitzeko eskatu dio Masi: «Kontsulta da batzen gaituena. Ez du zentzurik beste aukerak aztertzea». Tentsioa nabari da, eta ohartarazpen argia egin du CUPeko bozeramaile David Fernandezek: «Espero dut bileran B planez ez hitz egitea; bestela, aulkitik altxatu eta alde egingo dut».

Bat dator Fernandezekin ERCko buru Oriol Junqueras. Kezkatuta dago Masek egunotan hartu dituen zenbait erabakiren gainean, eta argi utzi du bileran gai bakarra jorratzea besterik ez dutela onartuko: «Soilik A-9az hitz egitea dagokigu. Ezinbestekoa da».

Galdeketarik gabeko aukerak alboratzen dituzte Junquerasek eta Fernandezek: hauteskundeak aurreratzea, bozetara batera aurkeztea eta Madrilekin negoziazioak hastea. Kontrara, desobedientzia zibilaren alde dira. Ez, ordea, CiU eta ICV-EUiA. Herrera: «Erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu, baina ez edozertarako».

Arazoa beste bat dela uste du CiUko diputatu Josep Rullek, eta oraindik ere «sendo» ikusten du galdeketaren aldekoen batasuna: «Haustura arriskurik ez dut ikusten. Madrilen jarrera da arazoa». Dena den, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Hitzarmen Nazionalak batasunari eusteko eta zintzo jokatzeko exijitu die alderdiei.

Masek izendatu ditu galdeketa behatuko duen batzordeko kideak, baina Madrilek «uzkur» segitzen du; haien kontrako neurriak aztertzeari ekin dio. Kontsultaren aldekoek, berriz, agiri bat aurkeztu dute parlamentuan, konstituzionaleko presidente Francisco Perez de los Cobos auzitik kentzeko eskatuz: «Ez da inpartziala».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...