Euroa salbatzeko aterki juridikoa

EBZk zor publikoa erosteko eskumena duela uste du EBko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak.

Draghiren tesia nagusitzeak bidea erraztuko die ezohiko neurri gehiagori

Ivan Santamaria -

2015eko urtarrilak 15
Lehen garaipen juridikoa Mario Draghirentzat. Euroa salbatzeko asmoz EBZ Europako Banku Zentralak diseinatu zuen estrategia bat dator EBko legediarekin. Hala uste du, gutxienez, Europako Batasuneko Justizia Auzitegian kasuari buruz iritzia eman behar izan duen abokatu nagusiak. EBZren neurri nagusia zen arazoak zituzten herrialdeen zor publikoa erostea. Abokatuaren aburuz, helburu«zilegi eta diru politikarekin bateragarriak» ditu programa horrek.

EBko justizian abokatu nagusiaren zeregina da auziari buruzko iritzi independente bat ematea, epaileek ebazpena prestatu baino lehen. Abokatuaren iritzia ez da bete beharrekoa, baina kasu gehienetan horri jarraitzen diote epaileek ebazpena oinarritzeko.

2012. urteko irailaren 6an onartu zuen EBZko gobernu kontseilua OMT (Outright Monetary Transactions) izeneko programa. Horren helburua zen merkatuetan finantzaketa geroz eta garestiagoa zuten herrialdeei interes tasak murriztea —bereziki, Espainiari eta Italiari—. Horren truke, herrialdeek baldintzapeko erreskate bat onartu beharko zuten, troikaren gidaritzapean.

OMT programa ez da sekula praktikan jarri. Iragarpena egin ondoren, euroguneko zor subiranoaren krisia leundu zen, eta, horrekin batera, interes tasak merkatu ziren. Haatik, halako neurri bat hartzeko prest egote hutsak zalaparta handia sortu zuen, bereziki Alemanian.

Alemaniako eragile ugarik esan zuten gobernuak atzeko atetik finantzatzearen pareko zerbait zela, EBZk propio debekatua duen zerbait. Hainbat eragilek Auzitegi Konstituzionalera jo zuten neurriaren aurka, eta epaileek, auzia aztertu aurretik, legezkotasuna zalantzan zegoen puntuei buruzko galdera igorri zioten EBko Justizia Auzitegiari.

Argudioak eta baldintzak

Pedro Cruz Villalon da auziko abokatu nagusia. Abiapuntu gisa, argudiatu du auzitegiek «tarte zabala» utzi behar diotela EBZri, diru politikari buruzko kontuetan auzitegiak berak baino «esperientzia eta espezializazio handiagoa» duelako.

Oro har, programan dauden neurriak hartzeko —tartean, zor publikoa erostea— eskumena onartu dio abokatuak EBZri, ñabardura batzuekin. Ezohikoa bada ere, diru politikaren barruan dagoen zerbait dela uste du. Helburuak «zilegi» direla argudiatu du abokatu nagusiak, eta ez hori bakarrik: interes tasak murriztea lortzeko «egokiak» ere badirela azpimarratu du.

Programa ez denez inoiz erabili, ezin da jakin EBZk baldintza horiek urratuko lituzkeen, baina bankuaren zuhurtzia joerarekin bat datoz. Hasteko, EBZk ez luke zuzenean parte hartu beharko eragindako herrialdearen laguntza programan. Bigarrenik, neurria ondo argudiatzea eta proportzioarekin jokatzea. Azkenik, erosketa gauzatzeko kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak ezarri ditu EBko abokatuak.

Kontrako iritzi batek zailago bihurtuko luke EBZk aurrez aurre duen ataka. Deflazioa uxatzeko, herrialdeen zor publikoa eskala handian erosteko asmoa du bankuak, eta aukera hori eztabaidatuko du astebete barru egingo duen bileran. Bide hori leundu dio, oraingoz, EBko justiziak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna