Burbuila akustiko erraldoi bat

Musikeneren eraikin berriak datozen bi ikasturteotan hartuko ditu ikasle eta irakasleak pixkanaka.

588 metro koadro dituen eta 420 lagun bil ditzakeen auditorium bat da eraikinaren muina
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak prest du eraikin berria, Donostiako EHUko unibertsitate campusean.
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak prest du eraikin berria, Donostiako EHUko unibertsitate campusean. ARGAZKIAK: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2015eko abenduak 31
Donostiako unibertsitate campusak beste egoitza bat dauka dagoeneko; beltzez eta urre kolorez sortutako eraikin ponposo eta handi bat, burbuila akustiko erraldoi bat. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak eraikin berria dauka Donostiako Europa plazan. Parean, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea dauka, eta, alboetako batean, Eskola Politeknikoa. Oraindik, barrena hutsik du, baina datozen asteetan beteko dituzte ikasgela, bulego, auditorium, praktika gela eta gainerakoak. Gaur-gaurkoz, Musikenek Donostiako lau egoitzatan ditu kokatuak bere espazioak. Ikasturte honetan eta hurrengoan mudatuko dira eraikin berrira ikasle, irakasle eta beharrezko materialak. Eraikin berriaren kostua 20,7 milioi euro izan da. Egun, 310 ikasle eta 170 irakasle batzen ditu Musikenek.

Eraikin berria Bilboko GAZ estudioak landu du. Aitor Gurtubai, Asier Atxurra eta Unai Zelaieta arkitektoek osatzen dute estudioko lantaldea. Ezaugarri estetiko nagusi bat eta ezaugarri tekniko nagusi bat ditu eraikinak. Beltza eta urrea ditu kolore nagusi kanpoko fatxadak, eta akustikotasun baldintza zorrotzak ditu eraikinak, oro har, eta baita barruko auditorium, gela eta korridoreek ere. «Burbuila akustikoak dira; gune batetik bestera zarata zabal ez dadin izan da erronka nagusia, barruan musikariak ariko baitira lanean, nor bere musika tresnarekin askotan».

Behe solairua eta beste lau

Fatxada guztia aluminiozko xafla modulatuz jantzirik ageri da, eta eraikinaren geometria berezi horretan kokaturik dauden lekuaren arabera, modu bateko edo besteko aurpegia erakusten dute xaflok: eraikinaren kanpo azala xafla beltz, itsu eta leunek janzten dute; ebakitako guneetan, berriz, xafla horiek urreztatuak, zulatuak eta estanpatuak dira. «Koloreen kontraste hori, musika tresna askok izaten duten akaberari eginiko keinu gisa» uler daiteke, arkitektoen esanetan.

Eraikinak orotara 13.096 metro koadro ditu, eta, beheko solairuaz eta sotoez gain, beste lau solairu ditu. Eraikinaren muina beheko solairuan izanik, lehen solairura arte iristen den auditoriuma handia da. Orkestra, talde nahiz bakarlarien prestakuntzarako gunea izaki, azpimarratzekoa da auditoriumeko agertokiak hartzen duen espazioa publikoari eskainitakoa adinakoa edo handiagoa dela. Auditoriumak berak 588 metro koadro ditu, eta 420 pertsona biltzeko adinako gaitasuna. Agertokian berrehun lagun bil daitezke, orkestrako ehun lagunentzat eta abesbatzako ehun kantarirentzat pentsatua baitago. Gainera, hiru areto independentetan banatzeko modua eskaintzen du, manpara mugikor batzuei esker.

Auditoriumaren inguruan antolaturik, eraikin berriak teilatu beraren azpian batzen ditu mediateka-liburutegia, artxibo musikalak, hainbat neurritako ikasgelak (akustikoki ondo egokituak guztiak), bakarkako entsegurako kabinak... guztiak ere lau solairu nagusitan banaturik. Irakaskuntzarako guneak 55 ikasgela instrumental eta teoriarako beste hamar ikasgela biltzen ditu. Horrez gain, bakarkako entseguetarako 39 kabina, gela elektroakustiko bat eta grabazio gela bat ere baditu, liburutegi eta mediateka handi batez gain (765 metro koadro).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna