Ebolaren hedapena Afrikan

Izuaren epidemia Afrikan

Osasunaren Mundu Erakundeak gaur jakinaraziko du «nazioarteko larrialdi egoera » ezarriko duen ebola dela eta.

Hildakoak 900 baino gehiago dira

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko abuztuak 8
Ebola izurriteak gogor jo du Afrika mendebaldea. Nigeria, Ginea, Sierra Leona eta Liberia dira gaixotasunak harrapatutako herrialdeak, eta birusak 900 lagun baino gehiago hil ditu jada, eta 1.700 inguru infektatu. Sendabiderik ezean, segurtasun neurriak martxan jarri dituzte hedapena geldiarazteko, baina egoera ezin kontrolatu dabiltza. Atzo, OME Osasunaren Mundu Erakundeak Larrialdi Komitearen bilera bat antolatu zuen, «nazioarteko osasun larrialdiko egoera» ezarri edo ez zehazteko. Gaur goizean emanen dute erabakiaren berri. Sierra Leona eta Liberia larrialdi egoeran daude jada.

Martxoan baieztatu ziren lehen ebola kasuak, Ginean. Ordutik, hildakoen kopuruak etengabe egin du gora, gaitzak inoiz eragindako epidemia larriena izateraino. Orain arte atzemandako bost Ebola birus moten artean arriskutsuena da oraingoa: Zaire-Ebola birusa, alegia. Horrek eragindako hilkortasun tasa %90era irits daiteke. Gainera, gaixotasuna herrialdeetako hiriguneetara heldu da, aurrekoetan ez bezala, eta horrek birusa atzematea eta bakartzea zailtzen ditu. Nazioartean oihartzun handia hartu du izurriteak, asteotan asko ugaritu baita kutsatutakoak. Margaret Chan OMEko zuzendariak iragan astean jakinarazi zuenez, «birusa azkarrago zabaltzen da, hura kontrolatzeko ahaleginak baino». «Egoera okerrera badoa, hondamenezko ondorioak izanen dira».

Liberian jarduera guztiak geldiarazi dituzte: haurrak ez doaz eskolara, kirol ekintzak bertan behera utzi dituzte, eta mugak partzialki itxi. British Airways hegazkin konpainiak Liberiarako eta Sierra Leonarako hegaldiak eten zituen abuztuaren 5ean, «osasun egoera arriskutsuagatik». OMEk aurreko astean jakinarazi zuen ebolak kutsatutako herrialdeak «pertsonen zirkulazioa etetera behartuak» egon daitezkeela, kutsatzea gelditzeko.

Izua eta larridura hedatu badira ere, Peter Piot zientzialariak ikuspuntu kritiko bat eman du egoeraz —Ebola birusa aurkitu zuten zientzialarien taldekoa da Piot—: «Ez litzaidake axolako ebola gaitza duen baten ondoan esertzea metroan; kontaktuak oso estua behar du izan kutsatzeko». Haren iritziz, izurritea zabaldu izanaren arrazoia deskolonizazioaz geroztik Afrikak izan duen egoera da: gerrak eta baliabide falta: «Herrialde horiek urteak eman dituzte gerra zibiletan. Orain, berreraikitzen saiatzen ari dira, baina jendeak ez du konfiantzarik agintariengan. Horri txirotasuna eta osasun zerbitzu eskasa gehitu behar dizkiote. Horra izurritea sortu izanaren azalpena».

Izan ere, aintzat hartu behar da herrialdeetako egoera sozioekonomikoa. Baliabide eskasiak birusaren zabalkundea geldiaraztea eragozten du. Pasteur zentroko kide Ana Maria Burguierek Eferi emaniko elkarrizketa batean erran bezala, «gaixotasuna kontrolpean hartzeko zailtasun nagusia azpiegitura falta da». Horrez gain, nabarmendu du gaixotasunaren sendabidea aurkitzeko nazioartea egiten ari den ahalegina ez dela nahikoa: «Ez dago tratamendurik hemorragia sukarrentzat —ebolak eragiten duen gaixotasuna da—, eta posible da hori interes faltagatik izatea, kutsatutako herrialdeak txiroak direlako».

Melvin Korkor bizirik ateratako medikuak salatu zuen gaixoei ematen zaizkien otorduetan ez zegoela beharrezko osagai nahikorik. Ur aski ere ez dago. Higienea gordetzea oso garrantzitsua da prebentzioan; eskuak garbitzea hil edo biziko kontua izan daiteke.

Bestalde, gobernuz kanpoko hainbat erakundek esan dute birusa hedatu den herrialdeetako tradizio batzuek ebolari kontra egitea zailtzen dutela. Ehorzketa usaiek, esaterako, birusa transmititzea errazten dute, senideek gertuko kontaktua baitute gorpuarekin. Liberiak ebolak hildakoen gorpuak erretzea agindu zuen. Era berean, OMEko zuzendari Chanek arriskuen artean aipatu du «hango jendeak osasun langileekin konfiantzarik ez» duela. Sierra Leonan eta Liberian soldaduak bidali dituzte berrogeialdian daudenen eremuak zaintzera.

2.500 hildako, orotara

Birusa lehenengo aldiz 1976an atzeman zuten, Sudanen. Urte berean, Ebola ibaiaren ondoko herrietan 500 pertsona hil zituen birusak. Izena hortik datorkio, tarte horretan lortu baitzuen zientzialari talde batek birusa bakartu eta izendatzea. Harez geroztik, ebolaren 30 bat agerraldi jazo dira Afrikan, eta 2.500 pertsona hil ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna