Hezkuntza. Ziburuko ikastolaren aurkako epaiketa

Hitzarmena baliogabea zen, baina kaleratzearen presa zalantzan dago

Paueko Administrazio Auzitegian egin dute Ziburuko ikastolaren aurkako bigarren epaiketa.

Hitzarmenaz, urgentziaz eta alternatibez eztabaidatu dute.

Astelehenean emanen dute deliberoa
Ezkerrean, atzean, Ziburuko Herriko Etxearen abokatuak eta ordezkariak, eta, eskuineko besaulkietan, Ziburuko ikastolakoak eta Seaskakoak.
Ezkerrean, atzean, Ziburuko Herriko Etxearen abokatuak eta ordezkariak, eta, eskuineko besaulkietan, Ziburuko ikastolakoak eta Seaskakoak. BOB EDME

Maddi Ane Txoperena Iribarren, Berriemaile berezia -

2014ko abuztuak 30
Ziburuko Kaskarotenia ikastola bigarren aldiz epaitu dute. Oraingoan, Paueko Administrazio Auzitegian iragan da epaiketa, Guy Poulou Ziburuko auzapezak hala eskaturik. Gaur egun Ziburuko ikastolak erabiltzen duen Marinela eskola publikotik joatea eta 1.500 euroko isuna eskatzen ditu herriko etxearen akusazioak.

Atzo iragan zen epaiketa, goizeko hamarretan hasita, eta ia bi orduz aritu ziren eztabaidan herriko etxearen zein Ziburuko ikastolaren abokatuak. Abokatuek ez ezik, herriko etxetik Isabelle Dubarbier Hezkuntza hautetsiak eta Ziburuko Zerbitzuen zuzendariak ere hitz egin zuten; Seaskaren alde, berriz, Paxkal Indo lehendakariak hartu zuen hitza. Bertzeak bertze, lurraren publikotasuna, komertzio hitzarmena, kanporatzearen urgentzia eta ikastolaren alternatibak aipatu zituzten bi aldeek epaiketan. Auzia bukatuta, atzo arratseko bortzak arte eman zien epaileak bi abokatuei dokumentu gehigarriak helarazteko aukera. Astelehen goizean emanen dute deliberoa, «bazkalordua aitzin».

Hitzarmen «ilegala»

Epaiketaren lehendabiziko zati luzea Marinela eskola publikoko lur eremuaren publikotasunaren ingurukoa izan da. Hain zuzen, leku publikoa edo pribatua den argitu nahi izan du epaileak ezer baino lehen, eremu pribatua balitz gaia ezinen bailitzateke administrazio auzitegian aztertu. Horretarako, Marinela eskolako planoak azaltzen aritu dira, bertzeak bertze. Azkenean, epaileak erabaki du eremua herriko etxearen jabetza pribatua izan arren, Hezkuntza Nazionalarena denez, eremu publikoa dela. Hartara, auzia segitu ahal izan da.

Argipena ez da alferrikakoa gertatu. Izan ere, Ziburuko ikastolak eta herriko etxeak elkarrekin izenpetutako hitzarmena komertzio hitzarmena zen —Baionan agorrilaren 12an iragandako lehen epaiketan, hitzarmen hori hartu zuten oinarri gisa—. Eremua publikoa izanik, alta, hitzarmena baliogabea dela erran du epaileak. Izan ere, eremu publiko batean ezin da komertzio hitzarmenik egin, legearen arabera. «Maiz gertatu ohi da, baina inorantziaz egiten da», azaldu du epaileak.

Hartara, orain arte Baionako epaitegian errandako guzia gibelera bota du auzitegiak: ikastolak ez du bederatzi urtez eskolan gelditzeko baimenik izanen, bi urte hauetan ere ez baitzuen halakorik. Herriko etxeak egindako hitzarmena «ilegala» dela gaineratu du epaileak, eta, hortaz, hitzarmena ez, baizik eta «okupazio prekariorako baimena» izanen litzateke izenpetutakoa. Beraz, epailearen arabera, hitzarmena baliogabea da, eta herriko etxeak bidali egin dezake ikastola Marinelako eskola publikotik. Hala ere, gaiak aldagai gehiago dituela nabarmendu du epaileak, eta bertze hainbat galdera egin dizkie ikastolako eta herriko etxeko abokatuei, ikastola kanporatu ala ez erabakitzeko.

Urgentzia ezbaian

Ziburuko Herriko Etxeak, bertzeak bertze, eskatzen zuen ikastolak «urgentziaz» alde egiteko Marinelako eskola publikotik eta, hain zuzen, presa horren inguruan galdetu du epaileak. Akusazioaren arabera, ikastolak Marinelan ezarritako bi bungalowek trabatu egiten dute eskola publikoaren obrak denboraz bukatzea eta, beraz, eskolako haurren sartzea ere bai. Omiasainduko bakantzetatik landa itzuli behar dira eskolako haurrak Marinelara, hau da, azaroan, baina data hori baino lehen dena «ikuskatu» behar dutela jakinarazi du herriko etxearen abokatuak.

Ikastolaren bertsioa bertzelakoa da. Hain zuzen, Alain Astabie abokatuak ohartarazi du ikastolako hamabi haurrek ez dutela inolako trabarik egiten obrak aitzina joan daitezen. Gainera, gaur egun ikastolaren bungalowak dauden lekuan belarra bertzerik ez litzake egongo. Bestalde, Seaskak Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin izenpetua duen hitzarmena oroitarazi du abokatuak.

Bertze presa bat da ikastolak duena, alegia, astearteko sartzetik aitzina izena emana duten hamabi haurrekin zer egin. Eta hori izan da, hain justu, epaileak bi aldeei egin dien hurrengo galdea.

Herriko etxearen aldetik, Dubarbier hautetsiak Piarres Larzabal kolegioaren aukera aipatu du berriz ere, eta Donibane Lohizuneko edo Urruñako ikastoletara joatea ere proposatu du. Bestalde, Ziburuko eskola publikoko ateak zabaldu dizkie hamabi haur horiei, kontuan hartu gabe bertan ezin dela osoki euskaraz ikasi.

Seaskak, ordea, argudiatu du ez duela zentzurik ondoko herrietara joateak, eta nabarmendu du badaudela bertze alternatiba batzuk, adibidez, gaur egun eskolako haurrek erabiltzen duten Sokoako Jules Ferry eraikina.

«Sartzea eginen da»

Maialen Tapia irakaslea eta Jon Bergara gurasoa Paueko epaiketara joan dira, Ziburuko ikastolari babesa helaraztera. Haurren geroak kezkatzen ditu bereziki, eta herriko etxearen jarrera gaitzetsi dute. «Guraso frantsesdunak gara, eta badakigu haurrak euskaraz ikasteko aukera bakarra erabateko murgiltzea dela», erran du Bergarak. Tapiak, berriz, adierazi du «deus ez balitz bezala» eginen dela sartzea: «Herri guzietan bada harategi bat, okindegi bat, agentzia bat... Beraz, zergatik ez ikastola bat?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna