Irak. Estatu Islamikoaren erasoaldia

Lehen pausoa, batasun ahula

Estatu Islamikoaren aurkako estrategian, AEBek betetzat jo dute lehen helburua: Irakeko gobernu batasuna.

Diputatu kurduek oroitarazi dute Bagdadi emandako babesa «baldintzapekoa» dela
Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroa, gainerako ministroen zain, gobernu berriaren aurkezpenean, herenegun, parlamentuan.
Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroa, gainerako ministroen zain, gobernu berriaren aurkezpenean, herenegun, parlamentuan. ALI ABBAS / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 10
Barack Obama AEBetako presidenteak gaur arratsean azalduko du Iraken IS Estatu Islamikoaren aurka aplikatuko duen estrategia. Horren lehenbiziko pausoa izan da Iraken hiru fakzio nagusiek adostutako gobernu bat osatzea —arabiar xiitek, arabiar sunitek eta kurduek—. Argi gelditu denez, Obamak bere bide orrian markatutako lehenbiziko pausoa zen Iraken batasuneko gobernu bat ezartzea, horri ISren aurka militarki lagundu behar badio gutxieneko legitimitate itxura izan dezan. John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren arabera, «mugarri» bat izan da Irakek gobernua eratzea, eta Mendebaldeko gobernuek batak bertzearen gibeletik zoriondu dute Bagdad. Baita Mendebaldeak mehatxutzat daukan Iranek ere. Hala ere, batasuneko gobernua, egiazko batasun baten ondorio baino gehiago, muturreko egoera baten eta presio diplomatikoen emaitza izan da, eta fakzio batek, kurduenak, ohartarazi du oinarriak oraindik paratzeko dituela. «Baldintza batzuen truke eman diogu botoa gobernu honi, eta kurduenganako konpromisoak argitu behar ditu astebeteko epean», adierazi du Muthana Amin Kurdistango Batasun Islamikoko diputatuak.

Kurdistango Rudaw kazetaren arabera, Aminek erran du diputatu kurduek batasuneko gobernuaren alde egin dutela AEBen, Iranen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen presioengatik, baina Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentetzako bulegoak ukatu egin du hori. Hain zuzen, diputatu kurduak izan dira Haidar al-Abadi lehen ministroa buru izanen duen gobernuari oniritzia eman dioten azkenak. Kurdistango Eskualde Autonomoak zenbait desadostasun ditu konpontzeko Irakeko Gobernuarekin. Horien artean hauek dira nagusiak: lurraldetasunarenak —Estatu Islamikoaren aurkako borrokan, kurduek eskualde autonomotik kanpo hainbat lurralde hartu dituzte kontrolpean, historikoki aldarrikatutakoak—, petrolioarenak —Kurdistango petrolioa Bagdaden baimenik gabe saldu nahi dute— eta Arbilek Bagdadi exijitutako ordainketenak. Massud Barzani Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak independentziari buruzko erreferendum bat egiteko asmoa ere agertu zuen uda hasieran. Batasuneko gobernua hautatu berritan, Al-Abadi lehen ministroak adierazi zuen prest dagoela auzi horiez eztabaidatzeko, baina solasak ez dira aski ordezkari kurduak lasaitzeko.

Gobernuak eduki dezakeen egonkortasuna zalantzan badago ere, Kerryk baikortasuna saldu nahi izan du. «Irakeko komunitate guztiak biltzeko gaitasuna dauka, Irak azkar eta batu bat sortzekoa eta komunitate horiei aukera ematekoa irakiar guztiek nahi duten etorkizuna eraikitzeko». Antzeko adierazpenak egin ditu Marzie Afjam Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak: «Espero dugu Bagdadek adiskidetze nazionalaren bidez lehenbailehen gainditzea segurtasun arazoa».

Karguak, zehazteko

Dena den, gobernu batasunari dagokionez, dena ez dago eginda, parlamentua ez baitzen ados paratu Barne eta Defentsa ministroak hautatzeko; hau da, Poliziaren eta armadaren ministroak. Bi postu erabakigarri, Estatu Islamikoaren aurkako borrokan. Al-Abadik erran du astebetean hautagai berriak aurkeztuko dituela. Kurdistango Alderdi Demokratikoak —eskualde autonomoan agintean dagoenak—, berriz, adierazi du gobernu berriaren kidetzat aipatu diren politikari kurduen zerrenda ez dela behin betikoa eta Kurdistango bortz alderdiek eztabaidan segitzen dutela. Suniten eta kurduen ordezkariek eta AEBek ere Nuri al-Maliki lehen ministro ohiari egotzi zioten gobernu krisia, «sektarioa» zelakoan. Al-Malikik gobernuan segituko du, presidenteordeetako bat izanen baita. Kargu sinbolikoa da, praktikoa bainoago.

Lehen pausoa betetzat emanda, AEBek bigarrenari helduko diote bihar. Saudi Arabian Persiar golkoko estatuekin elkartuko dira, Estatu Islamikoaren aurkako koalizioa handitzeko asmoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna