Albistea entzun

Biktimek adiskideei kontatzen diete erasoen berri irakasleei baino gehiago

Eskolan jazarpena jasaten duela adierazi du bost ikasletik batek ISEIren ikerketa batean: hazi egin da kopurua. Erasoen aurrean lagunek esku hartzen dute gehien. Pasibotasun handiagoa dago DBHn
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko ekainak 8

Ikasle gehiagok adierazi dute eskolako jazarpena jasaten dutela: bostetik batek. Ikerketa bat egin du ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak, eta aurreko urteetan baino ikasle gehiagok esan dute bullying-aren biktima direla askotan: Lehen Hezkuntzan, %23k; DBHn, %19k. Joera bat sumatu dute: zenbat eta gazteago, gehiagok diote erasoak jasaten dituztela. Nola erantzuten duten, badago aldea hor ere: Lehen Hezkuntzan, erasoak jasaten dituzten gehienek familian ematen dute horren berri (%78), eta gero, lagunei (%63); DBHn, lagunena da lehen heldulekua (%69), eta gero dator familia (%53). Askoz ere gutxiagok jotzen dute irakasleengana: Lehen Hezkuntzan, hirutik batek; DBHn, seitik batek. Lagunak dira, hain justu ere, bullying-aren aurrean gehien esku hartzen dutenak: bostetik lautan.

Aldian-aldian egiten du ikerketa ISEIk eskolako jazarpenari buruz. 2005ean egin zuten lehena, eta bosgarrena atzo aurkeztu zuten. Gorakada ageri da, baina, adituen arabera, horrek ez du esan nahi eskoletan indarkeria gehiago dagoenik. «Indize orokorra gora joatearen arrazoia izan daiteke tratu txarrek gero eta ikusgarritasun handiagoa izatea gizartean». Hala esan du Cristina Uriartek ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Lehen, liskar eta umeen gauzatzat jotzen ziren; orain, jazarpen kasutzat».

Ohartarazi dute ikasleekin eginiko inkesta bat duela ikerketak oinarri —13.600 ikaslerena—, ez direla kasu egiaztatuak. Ikasleetan alde handia dago: Lehen Hezkuntzako laugarren mailan %27k diote bullying-a pairatzen dutela; DBHko laugarren mailan, %19k.

Ahozko erasoen pisua

Ahozko erasoak dira ohikoenak: irain egitea, biktimaz gaizki hitz egitea eta horrelakoak. Txostenean nabarmendu dute tentuz jokatu behar dela halakoekin, maiz pisua kendu ohi baitzaie. «Oso akats handia da. Ezin da ahaztu pertsona baten kontra etengabe erabilitako hitzezko indarkeriak seriotasunez kalte egin diezaiokeela haren autoestimuari». Babesgabe bihurtzen dira. Datua: ahozko erasoak pairatzen dituztenen erdiek bestelakoak jasaten dituzte.

Eskolako ziberjazarpena «arazo larri» bihurtzen ari da, txostenean ohartarazi dutenez. Aurreko ikerketen aldean, gehiagok esan dute hori pairatzen dutela: %3 askotan dira Interneten bidezko erasoen biktima; %12, tarteka.

Halere, ikastetxean bertan gertatzen dira eraso gehienak. Baina ez leku berean. Lehen Hezkuntzan, jolastokia da gune nagusia: hamar erasotik lau han egiten dituzte. DBHn, berriz, ikasgela dute erasoleku nagusia: hirutik bat han izaten da. Bi eremuek zaintzapean egon behar dute, ISEIren arabera: Lehen Hezkuntzan, jolaslekuetan erne egon behar da, «eta arreta berezia jarri behar zaie gutxiago ikusten diren tokiei». DBHn, gelei, irakasleak eskola bakoitzean aldatzen dira eta. «Horrek ahalegin bat eskatzen du albait gutxien izan daitezen ikasleak pertsona heldurik gabe dauden tarteak».

Ikaskideen garrantzia

Bistakoa da, hala ere, irakasleek ez dutela beti modurik erasoak atzemateko. Ikasleek gehiago jotzen dute lagunengana eta familiarengana bullying-a jasaten dutela kontatzera. Lehen Hezkuntzan, sendira gehien; DBHn, lagunetara. Denek ez dute kontatzen: laurdenek batzuetan ez dute esaten jazarpenaren biktima direla; %5 inguru beti egoten dira isilean.

Erasoen aurrean biktimaren lagunek esku hartzen dute gehien: hori adierazi dute bullying-a jasaten duten bost ikasletik lauk. Atzerago daude irakasleak eta gurasoak. Eta pisua du inoren esku hartzerik ez dutenen portzentajeak: Lehen Hezkuntzan, bostetik batek dio ez duela inork esku hartzen erasoak jasaten dituenean; %29 daude egoera horretan DBHn.

Adituek maiz diote funtsezkoa dela ikaskideen rola, begira daudenena. Zer egiten dute? Rol aktiboa dute gehienek: pertsona heldu bati berri ematen diote edo eurek esku hartzen dute. Aldeak daude, baina. Lehen Hezkuntzan, handiagoa da erantzun aktiboa, batez ere helduei esatea —hirutik batek egiten du hori—. DBHn, baina, pasibotasun handiagoa dago: %38k adierazi dute ez dutela ezer egiten. Gutxi dira erasoak jakinarazten dituztenak: hamarretik bat. Adinarekin lotutako rolak daude horren oinarrian, ISEIk azaldu duenez: umeek gehiago jokatzen dutela nagusien arabera.

Eskolako jazarpena jasaten dutenen soslai bat ere taxutu dute. Aldagai batzuk nabari dira: mutilek eraso gehiago jasaten dituzte —erasotzaileak ere gehiago dira—; atzerritarrak gehiago daude jomugan, batik Lehen Hezkuntzan; eraso gehiago pairatzen dituzte dagokien adinaren ikasmailan ez daudenek ere; eta ikasmaila apaleko gurasoak dituztenek ere bai.

Datuen gurutzatze bat ere egin dute: bullying-a pairatzen dutela dioten ikasleak eta haien emaitza akademikoak —ebaluazio diagnostikoetakoak—. Eta aldagai pisuzkoa da: tratu txarrak jasaten dituztenek nabarmen emaitza eskasagoak dituzte eskolan, diagnostikoko arlo guztietan, bi irakastaldietan. Eta joera argia sumatu dute: ikasleak zenbat eta tratu txar gehiago jasaten dituela adierazi, orduan eta txikiagoa da eskola emaitzen errendimendua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Arantxa Iraola

Gainerako murrizketak irailaren 2ra arte luzatzea onartu du; hamar pertsonatik gora ezingo dira elkartu, eta jai giroko ekitaldi asko galarazita egongo dira aurrerantzean ere

Esako urtegia. ©JESUS DIGES / EFE

Esa: bi hamarkada mamuaren itzalpean

Ion Orzaiz

Hogei urte igaro dira Esako urtegia handitzeko lanak hasi zirenetik. Denbora horretan, lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Adituen ustez, lanak amaituta ere, «urtegia ez da inoiz beteko».
COVID-19a atzemateko testak, laborategi batean. ©Elvis González, EFE

Eguneko positiboak 2.000 kasuren langatik hurbil dira berriz ere

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 1.980 kutsatu detektatu dituzte asteazkeneko testetan. 57 lagun erietxeratu dituzte COVID-19ak jota.

Zaballako presondegia, artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda, FOKU

Hamalau kasu positibo atzeman dituzte Zaballako kartzelan

Uxue Rey Gorraiz

Kutsatutako guztiak presoak dira, eta aurretik hartua zuten COVID-19aren kontrako txertoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna