Kataluniako erreferenduma

Generalitateak Gorenera jo du esku hartze finantzarioa ezeztatzeko eske

Montorok hartuko du Kataluniako kontu publikoen gaineko kontrol osoa gaurtik aurrera. «Kolapso erabatekoa» eragitea egotzi dio Junquerasek. PSOEk ez du baztertzen 155. artikulua erabiltzea

Carles Puigdemont, Kataluniako Generalitateko presidentea Kataluniako Zibersegurtasun Agentziaren egoitzan, atzo, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE.
Jon Fernandez - Mikel Rodriguez
2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Kataluniako gastu publikoa ez du Generalitateak kontrolatuko gaurtik aurrera, Espainiako Gobernuak baizik, Ogasun ministroak joan den ostiralean egindako mehatxua betez. Iraileko ordainketak jada Madrilek egingo ditu, Bartzelonak beharrean. «Estatuak 155. artikulua aplikatu du, aurrekontuen egonkortasunerako legea erabilita», salatu zuen atzo Oriol Junquerasek, Kataluniako Generalitateko presidenteordeak. Bartzelonako gobernuak helegitea jarri zuen atzo bertan Espainiako Auzitegi Gorenean, aurrekontuen egonkortasun legearen «legez kanpoko erabilera» egin duela iritzita, salatuz gobernuaren benetako asmoa Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzea dela. Artikulu horrek Madrili ahalbidetzen dio autonomia erkidego bati eskumenak kentzea, eta zuzenean esku hartzea.

Auzitegiak hamar egun ditu Madrilen neurriak eten ala ez erabakitzeko, baina dagoeneko jakina da Gorenak datozen egunetan ez duela geldiaraziko esku hartze finantzarioa, auzitegiko iturriek Efe berri agentziari iragarri diotenez. Hortaz, gaurtik aurrera Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroaren esku egongo dira Carles Puigdemonten gobernuaren kontuak. Auzitegiko iturriek azaldu dutenez, Generalitateak jarritako errekurtsoak neurrien «kautelazko etetea» eskatzen du, eta ez «guztiz kautelazko etetea»: kautelazko etetearen kasuan, auzitegiak hamar egun ditu erabakia hartzeko, behartuta dagoelako alde bakoitza abisatzera alegazioak jar ditzaten; aldiz, guztiz kautelazko etetearen kasuan, auzitegiak 48 orduko epean hartu behar du erabakia.

Gaur goizean amaituko daMontorok Puigdemonti emandako 48 orduko ultimatuma. Joan den ostegunean Junquerasek Montorori iragarri zion ez diola gehiago bidaliko asteroko txostenik, azaltzeko Generalitateak zertan gastatzen duen aurrekontuen dirua. Montorok berehala erantzun zion, biharamunean, eta Kataluniako finantzen esku hartzea iragarri: aurrerantzean Espainiako Gobernuak pagatuko ditu, zuzenean, Generalitatearen oinarrizko zerbitzuak —soldatak, hezkuntza, osasuna, eta zerbitzu sozialak, nagusiki—, eta, behin ultimatuma amaituta, izoztuta geratuko dira aurrekontuko gainontzeko sailak ere, Montororen erabateko kontrolpean. Gainera, kredituak eskatzea ere debekatuko dio Bartzelonari, eta goi kargudunen kreditu txartelak ere kontrolatu egingo ditu. Hori guztia, ziurtatzeko ez dela diru publikotik euro bakar bat ere erabiliko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko beharretarako.

Junquerasek iragarri duenez, esku hartzeak «erabateko kolapsoa» eragingo du Kataluniako instituzioetan. Izan ere, ordaindu Espainiak egingo du, baina fakturak Generalitateak ditu, eta, beraz, banaka-banaka eskatuko dizkio ordainketak egiteko, eta baita funtzionario bakoitzaren datuak ere, soldatak pagatzeko. Kolapsoa eragingo duen «jarrera axolagabea», Junquerasen aburuz. Ohartarazi du, halaber, kontuak izozteak arriskuan jarriko dituela aurrekontuetako oinarrizko atal asko: besteak beste, oinarrizko errenta, etxebizitzarena, nekazaritzarena, gazteriarena, kulturarena eta kirolena.

Kontuak kudeatzeko ahalmenik gabe, «autonomia ezerezean geratuko da», Pere Aragonesek salatu duenez, Generalitateko Ekonomia idazkariak. Hain zuzen, autonomia kentzen duen 155. artikuluaz mintzatu zen atzo PSOE. Oscar Puente bozeramaileak azaldu zuen «desiragarria izan ez arren», ezin dutela baztertu hura erabiltzeko aukera. Adierazpen hori nahikoa izan da PPren txaloak jasotzeko, harentzat poztekoa baita sozialistek «ez deabrutzea» 155. artikulua.

Ikerketa alkateen aurka

Espainiak abian jarritako erreakzio judiziala pausoz pauso ari da aurrera egiten egunero. Fronte nagusietako bat udalerrietan zabaldu du. Atzo jakin zenez, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia Neus Lloveras AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko presidentea eta Miquel Buch Kataluniako Udalerrien Elkartekoa ikertzen hasi da «desobedientzia» egotzita. Auzitegiak aintzat hartu du Fiskaltzak joan den astean bi ordezkarien aurka aurkeztutako kereila. Prebarikazioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea ere leporatu zien, baina auzitegiak ez du delitu horiengatik ikerketarik hasi. Joan den astean fiskaltzak 700 alkate baino gehiago deklaratzera deitu zituen erreferendumerako lokalak uzteko dekretua sinatu zutelako, eta gaur igarotzekoa da horietako lehena —Miquel Sala, Lleidako Oliana herriko alkatea—. Datozen egunetarako 37 deitu ditu.

Trabak handiak badira ere, erreferendumerako kanpainari eutsi diote ordezkariek eta eragileek. Puigdemont Gironan izan zen atzo, eta Podemosi eskertu egin zion Madrilen proposatutako neurria —kargudun publikoen batzar bat sortzea PPren neurriei aurre egiteko—, nahiz eta zehaztu zuen ez duela parte hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.