Milioi erdi bat lagun kanpoan

Foessa txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 475.000 pertsona inguru bazterketa egoeran daude, herritarren %16,7.

Ipar Euskal Herrian 32.000 bat lagun daude pobrezian, Caritasek dioenez
Pertsona batek janari bila, merkataritza gune bateko zaborrontzian.
Pertsona batek janari bila, merkataritza gune bateko zaborrontzian. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2014ko azaroak 7
Euskal Herrian, milioi erdi lagun inguru bizi dira bazterkerian. Foessa txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian 475.000 bat pertsona daude bazterketa egoeran, hau da, populazioaren %16,7. Horietatik, 162.000 bazterketa egoera larrian daude (% 5,7), eta 312.000 bazterketa moderatuan (%11). Horrek ez du esan nahi gainerakoak guztiz integraturik daudenik: Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako biztanleen %43,3 —1.127.000 pertsona inguru—, behin-behineko integrazio egoeran daude: integraturik dauden arren arazo ekonomiko, sozial edo harremanen arlokoak dituzte, eta bereziki «kaltebera» suertatzen dira, batez ere krisi egoera luzatzen bada.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziako Caritas elkarteak pobreziaren inguruko datuak plazaratu ditu. Datuok departamenduka eman badituzte ere, kalkulatu dute Ipar Euskal Herrian 32.000 bat lagun daudela pobrezia egoeran, biztanleen %11,1. Bi ikerketa desberdin dira, bi kontzeptu desberdin —esklusioa eta pobrezia— neurtzen dituztenak, baina, datuen argitara, ondoriozta daiteke Euskal Herrian milioi erdi bat lagun baino gehiago bizi direla sistematik kanporatuta.

Joan den astean aurkeztu zituzten Foessa fundazioak landutako txostenak Espainiako egoeraz dakartzan datu eta ondorioak. Atzo, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegokoari dagozkion datuak eman zituzten, eta Nafarroakoak datorren astean aurkezteko asmoa dute.

Krisia baino gehiago

Bilbon egindako aurkezpenean, Francisco Lorenzo Foessa fundazioko eta Espainiako Caritaseko ikerketa arduradunak esan zuen krisiak «gogor» jo duela gizartea, baina oraingo egoera ez dela soilki krisiaren ondorio: bazterketa egoeran dauden hirutik bik antzeko egoera pairatzen zuten krisiaren aurretik ere.

Edozein modutan, Lorenzoren ustez, ukaezina da krisiaren eragina, eta nabarmendu du eragin hori giza multzorik ahulenetan nabaritu dela gehien. «Austeritarearen aldeko politikek ere herritarrik pobreenak zigortu dituzte».

Egoerari buelta emateko moduen inguruan, Lorenzok esan du hazkunde ekonomikoa ez dela nahikoa, eta aberastasuna banatzeko politikarik ezean, krisiaren ondorioz sortutako egoera larriak «betikotzeko» arriskua dagoela.

Bizkaiko Caritaseko azterketa eta garapen saileko arduradun Ana Sofi Telletxeak hainbat proposamen egin ditu Foessa txostenean ageri diren ondorioen aurrean. Pertsonen garapena «hazkunde ekonomikoa baino gehiago» dela gogoratu ondoren, nabarmendu du gogoeta egin behar dela gizarte ereduaz, etikaren ikuspegitik egin ere. Hala, gizarte babesa garatu eta zerbitzu publikoak sendotzearen aldeko deia egin du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna