Santi Arrospide berriz atxilotu dute, 27 urte espetxean pasatu ondoren

Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du, 1986 eta 1987ko atentatu banatan ustez parte hartu izana egotzita.

Iazko abenduan geratu zen aske.

Espainiako Gobernuak txalotu egin du atxiloketa
Lasarte-Orian manifestazioa egin zuten atzo, Arrospideren atxiloketa salatzeko.
Lasarte-Orian manifestazioa egin zuten atzo, Arrospideren atxiloketa salatzeko. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Gurutze Izagirre -

2015eko urtarrilak 20
Santi Arrospide joan den abenduaren 4an geratu zen aske, 27 urteko espetxe zigorra bete ostean. Frantzian hamahiru urte egin zituen kartzelan, eta Espainian hamalau. Auzitegi Nazionaleko Lehen Atalak ebatzi zuen Frantzian betetako espetxe urteak ere aintzat hartzea, Europako zuzentarauak dioen moduan, eta aske geratu zen Arrospide —2013ko urtarrilean izan beharko zukeen arren—. Auzitegi Nazionalak, baina, berriz atxilotzeko agindu du. Europako estradizioen 1957ko ituneko 14.1 artikulua baliatu du horretarako. Aske geratu zenetik 45 egun pasatu arte itxaron beharra zeukaten Arrospideren kontra egin ahal izateko. Eta eguna bete orduko baliatu dute aukera.

Atzo goizean atxilotu zuten, Lasarte-Orian (Gipuzkoan). Zenbait lekukoren arabera, kaputxa jantzita zeukaten polizia batzuek atxilotu zuten, San Pedro elizaren alboan, kalean. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin dute operazioa, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Arrospide gaur da epailearen aurrean deklaratzekoa. Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak agindu du atxiloketa, eta hau egotzi dio: 1986an Luis Antonio Buron Barba estatuko fiskalburuaren kontrako atentatuan ustez parte hartu izana, eta 1987an atentatu batean parte hartu izana. Juan Fructuoso Gomez hil zen bonba-autoa lehertuta.

Espainiako Gobernuak pozarren hartu du albistea. Barne ministroak Dakartik hitz egin du. «Zuzenbide estatua ez dago etenda». Hauxe gaineratu du: «Atxiloketak ez du zerikusirik aske geratu berri izanarekin, baietz interpreta daitekeen arren. Bi gauza dira».

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak Bilbon hartu zuen hitza, ETAk Gregorio Ordoñez hil zuela hogei urte bete direla-eta egin zuten ekitaldian. Zigor Kodearen erreforma «terroristak estu hartzeko eta inpunitatea amaitzeko» egin dela esan zuen. Biktimen aurrean PPk sekula ez duela beste aldera begiratu esan zuen Cospedalek. AVTk, baina, ez du atzera egin. Bideo batzuk plazaratu ditu Rajoyk biktimei egindako «bost azpikeriekin» —besteak beste, Arrospide aske utzi izana egotzi diote—, eta elkarretaratzera deitu dute, Madrilen, Azpikeria gehiagorik ez lelopean.

«Estatu autokolpea»

Pernando Barrena Sortuko eledunak lehengo asteko polizia operazioen eta auzitegietako erabakien soka berean kokatu du atzoko atxiloketa ere: «Mendeku gosea». Uste du Espainiako Estatuko botere faktikoek etorkizuneko estatu eredua baldintzatu nahi dutela: «Aldaketa eragotzi nahi dute». Euskal Herrian azken egunetan egin diren mobilizazio jendetsuek erakutsi dute, Barrenaren esanetan, «bide propio bati ekiteko indarra badagoela, nahiz eta batzuek nahiago duten ostrukarena egiten segitu». Uste du estatuak ez duela inongo «agenda demokratikorik», eta aukera bakarra independentzia dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna