Barkosek uste du AHTak ez duela zentzurik «inondik inora ez badoa»

Espainiako aurrekontuetan trenerako 36,3 milioi jaso arren, obrak berrikusteko «konpromisoa» berretsi du.EH Bilduk salatu du diru hori Nafarroak dagoeneko aurreratu duena itzultzeko dela

AHTaren egitasmoarekin kritiko agertu zen atzo Uxue Barkos, elkarrizketa batean. JUANJO MARTÍN / EFE.
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria «kritiko» agertu zen atzo AHT abiadura handiko trenaren inguruan RNEirratian emandako elkarrizketa batean. «Une honetan, Nafarroan, ez du zentzurik inondik inora ez doan tren bat eraikitzeak». Espainiako Gobernuak herenegun aurkeztutako 2016ko aurrekontuetan 106,32 milioi euro aurreikusi ditu Nafarroarentzat; horietatik 36,3 milioi Castejon eta Iruñearen arteko AHTa egiteko izango dira. Inbertsio hori auzitan jarri zuen Barkosek, Espainiako Gobernuak Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko korridorea atzeratzea erabaki duela kontuan hartuta. «Mediterraneora iristeko beharrezko konexiorik ez du». Geroa Baik eta akordio programatikoaren gainerako sinatzaileek AHTaren obrak berrikusi eta zentzurik ba ote duten aztertzeko «konpromisoa» dutela berretsi zuen lehendakariak.

Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko bozeramailea ere ez dago ados aurrekontuekin. AHTa egiteko bideratutako dirua «Nafarroak dagoeneko aurreratu duen dirua itzultzeko» dela argudiatu du.

Geltokiak, adostu gabe

Oraindik ez dago garbi Euskal Y-a nola lotuko den hiriburuetako geltokiekin. Hori adosteko, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak irailean biltzeko eskatu dio Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroari. Oraindik datarik ez duen bilera horretara Juan Maria Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran hiru hiriburuetako alkateak ere joango lirateke. Bileran erabakiko dute AHTarentzat geltoki berriak egingo diren edo trena geltoki zaharrekin lotuko den. Oregik uste du erabaki horri «lehentasuna» eman behar zaiola; hiriburuetako sarrera zehaztu ezean zaila izango delako «adostutako epeak» betetzea. 2016ko aurrekontuetan Euskal Y-arentzat 290 milioi euro bideratu nahi ditu Madrilek. Zifra hori «nahikoa ez» dela uste du Oregik, «trena 2019rako amaituta egon dadin». «Inplikazio handiagoa» eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du Euskal Y-ak gobernutik jaso duen inbertsioa PPren eta EAJren «apustu eta akordioaren isla» dela. «Porlana pertsonen aurretik jartzen dute, betikoen negozioa gehiengoaren beharrizanen aurretik». Euskal Herriak bere baliabideen inguruko «erabakimen osoa» behar duela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.