Jaurlaritzak ez ditu irakasleen eskola orduak gehituko, zaintzak kontatuta

Konstituzionalaren epaia beteko du gobernuak, eta eskola ordu gehiago edukiko dituzte irakasleek paperetan. Praktikan ez du eraginik izango aldaketak, eskola ordu gisa hartuko baitute zaintza lana

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Iñigo Mendez de Vigo ministroa, Carlos Urkijo gobernu ordezkaria erdian dutela. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zeharkako formula baten bitartez eragotziko du Eusko Jaurlaritzak irakasleen eskola orduak areagotzea. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak agindu dio orduen kopurua handitzeko, Espainiako Gobernuaren murrizketak ontzat jota. Sententzia horrek ataka zailean jarri du Hezkuntza Saila, noiz eta hauteskundeak ate-joka daudenean. Sindikatuek elkar hartuta ohartarazi zuten «udazken beroa» izango zela orduak igoz gero. Ez du hori egingo Jaurlaritzak, datorren ikasturterako irizpideak aztertuta ondoriozta daitekeenez. Konstituzionalaren epaia beteko du, igo egin ditu eskola orduak, baina praktikan ez du aldaketarik ekarriko, eskola ordutzat hartuko dituztelako irakasleen zaintza lanak. Iturri sindikalek BERRIAri azaldu diote postuen kopuruan ez dutela jaitsierarik ikusi oraingoz.

Aurreko agintalditik zintzilik egon da gaia, 2012tik. Hezkuntza arloan murrizketak egiteko agindu zuen Espainiako Gobernuak, eta bi bide jarri zituen. Bat, ikasle gehiago pilatzea ikasgeletan, ordura arte baino %20 gehiago. Bidehori hautazkoa zen, eta Jaurlaritzak ez zuen bere egin —Nafarroako Gobernuak, bai; orain utzi du araua bertan behera gobernu berriak—. Beste bidea zen irakasleei eskola ordu gehiago ezartzea. Ez da maisu-maistren lanaldia luzatzea, baizik eta ordu gehiago jartzea eskolak emateko, gainerako zereginetatik kenduta —eskolak prestatzea, bilerak eta halakoak—. Nafarroan neurri hori hartua zuten institutuetan, baina Jaurlaritzak uko egin zion —PSE-EE zegoen gobernuan—. Kontua da, ordea, Madrilek bete beharrekotzat jo zuela orduak igotzea, dekretu bidez. Jaurlaritzak helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean.

Apirilean eman zuen epaia auzitegiak, eta Madrilgo gobernuari eman zion arrazoi. Eskola orduak gehitzea dakar horrek: Haur eta Lehen Hezkuntzan, astean 23 ordutik 25era; eta Bigarren Hezkuntzan, 17-18tik 20ra. Irakasle gutxiago beharko lituzkete hartara.

3.000 lanpostu jokoan

Sententzia beteko zuela erantzun zuen gobernuak, baina ahaleginduko zela «ahalik eta kalte arinena» eragiten. Pisu handiko erabakia da: sindikatuen arabera, eskola ordu horiek jarriz gero, lanik gabe geratuko lirateke 3.000 irakasle Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —horietatik 2.300, sare publikokoak—. Ordezkaritza duten bost sindikatuek elkarrekin egin zuten agerraldi bat joan den ikasturte amaieran —ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk—, eta mobilizazioekin mehatxu egin zuten; lanuzteak aipatu zituzten.

Hezkuntza Saila isilik egon da denbora horretan guztian, baina ikasturte berrirako jarraibideen txostenean eman du erantzuna, murrizketak saihesteko formula batekin. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako aginduetan, zehatz aipatu du irakasleek 25 eskola ordu izango dituztela astean, Konstituzionalak agindu bezala. Ondoren dator giltzarria, ordea: «Irakaskuntza dedikazioko ordutegiak honako hauek har ditzake barnean: curriculumaren irakaskuntza, tutoretza ikasleekin, hezkuntza errefortzua, ikastetxeko hezkuntza proiektuan onartuta dauden eta ikasleekin lantzen diren proiektuetarako ekintzak, eta hezkuntza arreta».

Alegia, eskola ordutzat hartu ditu orain arte hala hartzen ez zituen jardun batzuk. Hori justifikatzeko, eskola ordu kontzeptuaren interpretazio zabala egin du Cristina Uriarteren sailak: «Ikasleekin hartu-eman zuzenean eta oinarrizko konpetentzien garapenaren bitartez ikasleen irteera profila lortzea dute helburu». Horrela sartu ditu irakasleak zaintzan egoten diren orduak ere.

Sindikatuak zain daude, hala ere. Ikasturtea hastean baieztatuko dute murrizketarik badagoen, eta orduan erabakiko dute mobilizazioei buruz. Ordezkapenen gaia dago airean, Jaurlaritzak ez baitu ezer argitu. Hau dio: «Falta diren irakasleen postuak ezarritako arauen arabera beteko dira». Hamargarren egunean egitea da Madrilen irizpidea, baina ez da derrigorra. Jaurlaritzak ez dio horri jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.