Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Mobilizazio dinamikarako deia

Publizitatea

Gizartea

Mobilizazio dinamikarako deia

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hezkuntza sistemaren gabeziez ohartarazi dute: «onartezina» da egoera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sare publikoan grebarako deia egin dute martxoaren 22rako
Xabier Irastortzak, Iker Garinek eta Edurne Ugartek egin zuten grebarako deia; argazkian, mahaian.
Xabier Irastortzak, Iker Garinek eta Edurne Ugartek egin zuten grebarako deia; argazkian, mahaian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Arantxa Iraola

«Azken urteotan, Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek guztiz kontrako noranzkoan kokatu gaituzte». Salaketa hori egin zuten atzo Donostian ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek. Noranzko horren ordez nahi dutena da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak hezkuntzaren inguruan onetsitakoa —hezkuntza publiko, euskaldun, plural eta laiko bat jasotzeko eskubidea aldarrikatzen du—, haien ustez horrexek izan behar lukeelako jomuga. Ohartarazi zuten, ordea, xede horretatik urrun ikusten dutela egun hezkuntza sistema, eta mobilizazio dinamika bateratua iragartzeko elkartu dira horregatik. Hain justu, martxoaren 22an greba egitera deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako langileak. «Eta gobernuak adierazitako bidean pausorik ematen ez badu, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu». Nafarroan, zain daude, gobernuarekin abian duten negoziazioak zer emango.

Iker Garinek (LAB), Xabier Irastortzak (ELA) eta Edurne Ugartek (Steilas) hartu zuten hitza. Datuak eman zituzten «murrizketek» urteotan lagatako arrasto ilunez ohartarazteko. Esan zuten, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lanpostuen zerrendak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar direla; Nafarroan, 900etan. Behin-behinekotasunaz ohartarazi zuten —%40koa da—, eta konpontze aldera, ia 8.000 lanpostu egonkortu behar direla esan zuten. Eskoletan martxa egokia izateko gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar dela uste dute. Horretarako ezinbestekotzat dute hezkuntzara zuzenduriko inbertsio publikoa handitzea; esan zuten EAEn %3,5ekoa dela, Nafarroan %3,1ekoa. %6raino igo nahi lukete, progresiboki.

Baliabideekin lotutako aldarrikapenez harago, ordea, hezkuntza eredua bera aldatzea nahi dute sindikatuek. LOMCEren eta Heziberriren —Espainiako legearen «moldaketa hutsa» dela uste dute— harira egindako eraldaketak baztertzea nahi dute, eta hezkuntzaren «merkantilizazioa» ere alde batera uztea. Ildo berean, euskarazko murgiltze eredua garatu behar dela aldarrikatu dute, egun indarrean «euskararen ezagutza nahikoa bermatzen ez duten politika eta hezkuntza» ereduak daudela gaitzetsi dute, eta kaltea besterik ez dakartela.

Horiek guztiak aintzakotzat hartuta egin dute mobilizazio dinamika bat hasteko deia. «Sindikatuok, gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean mobilizazio fase bat garatu nahi dugu Iruñea eta Gasteizko gobernuei orain arteko politikak alde batera utzi eta adierazitako puntuak ardatz izango dituen hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko». Oroitarazi dute gizarte bidezkoago baterako funtsezkoa dela hezkuntza: «Berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizkoa da». Hobetze aldera, «herri hausnarketa ariketa bat» landu behar dela uste dute: «Herri mailako eragile guztiekin».

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak