Itun bat lortzeko bidea abiarazi dute euskarazko komunikabideen arloan

Lan mahai bat eratu dute Hekimen elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak eta Jaurlaritzak; aztertzen ari dira aukerak. Hedabideek aitortza eskatu dute, lehen urrats gisara: «Onartu behar da egin den ibilbidea»

Estibalitz Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria. M. DEL VALLE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideen jardunerako beste esparru bat aztertzen hasi dira. Hekimen elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai bat osatu zuten iaz, eta, gobernu aldaketarekin, Eusko Jaurlaritza ere sartu da prozesu horretan. Unibertsitateak ere tartean daude. Komunikabideen arlorako «esparru berria» sortzea dute aztergai: «Diru ekarpenaz gain, helburuak eta egitekoak zehaztu beharko dira elkarrekin». Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek azaldu du hasi bakarrik egin direla prozesu horretan. «Baina bidea bera, mahai baten bueltan zintzo egotea, urrats handia da, jarrera berri bat adierazten duelako». Esparru horri forma nola eman, aukera bat baino gehiago aipatu dituzte: «Izan daiteke lege bat, izan daiteke itun eredu bat, izan daiteke kontratu programen antzeko adibide bat».

Euskal hedabideei buruzko jardunaldiak egin zituzten atzo Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Euskal hedabideak itun bila izenburupean. Hedabideetako ordezkariekin batera, erakundeetakoak ere izan ziren; besteak beste, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria eta Gotzon Egia Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara alorreko zerbitzuburua. Bizkaiko Aldundiko ordezkaririk ez.

Itunak aztertzea izan zuten helburu, eta, hain justu, hiru adibide aztertu zituzten horretarako. Batetik, hezkuntza alorrekoa: ikastolen ituntze sistema nolakoa den. Bestetik, euskaltegiak: AEK-k esplikatu zuen nolako finantzaketa sistema eduki duen eta egonkortasun bidean nolako urratsak egiten ari diren; moduluen sistemara jo nahi dute. Azkenik, Iparraldeko irratiak: Frantziako Gobernuak badu laguntza eredu bat.

Euskarazko hedabideen arloan itun bidea urratzea posible dela adierazi zuen Alkortak. Bi baldintza jarri zituen: batetik, abiapuntu egokia jartzea —«euskal hedabideek egindako ibilbidea eta gaur egungo eskaintza aitortu»—; bestetik, helburuak adostea. Hori eginda, adosteko gehiago: itunean zer sartu eta zer ez, forma juridikoa landu... «Badaukagu lana».

Eskuz esku aritzeko nahia azaldu zuen Alkortak: «Bada garaia zubi berriak eraikitzeko; amildegi batzuk zeharkatu nahi ditugu, garai bateko mesfidantzak eta gaizki-ulertuak alde batera utziz».

Publikoa eta herri ekimena

Hedabideak aldaketa garai betean direla ohartarazi zuen Barandiaranek; kontsumo ohiturak aldatzen ari dira. Hain justu, EITBri buruzko eztabaida ireki du Eusko Legebiltzarrak. «Zergatik ez aprobetxatu eta euskal hedabideen egoeraren eztabaidari ere heldu?». Euskal komunikazio esparruari buruzko eztabaida, finean: publikoa eta herri ekimenekoa. «Onartzen baldin badugu biek betetzen dutela bakoitzak bere funtzioa eta bien artean osatzen dutela halako ekosistema bat, zergatik ez abiatu eztabaida integral bat bi ereduen inguruan?». Hekimenek aitortza eskatu du horretarako. «Onartu behar da euskal hedabideek egin duten ibilbidea».

EAEko euskararen legeak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela euskarazko hedabideak izateko, eta, Barandiaranen arabera, horretan ari dira herri ekimeneko hedabideak ere. «Funtzio publikoa betetzen dute, hiztun komunitateak sumatu duen behar bati erantzuten diotelako». Hutsuneak daude, ordea: «planifikazio falta» izan da komunikabideak hedatzerakoan, eta horrek dakar «gune ilunak» egotea, euskarazko hedabideetarako sarbidea ez baita bera eskualde guztietan. Hor pausoak eman behar direla dio Barandiaranek. «Adostasuna behar da esparru berriak konkistatzeko. Adostasuna eta konplizitatea sektorea osatzen duten eragileen eta administrazioen artean. Elkarrekikoa».

Arnasguneen ideiari heldu zion hitzaldian Hekimeneko buruak: «Hedabideetan posible da euskaraz bizitzea». Arnasgune geografikoak ahultzen ari diren honetan, komunikabideek rol hori daukatela uste du: «Euskaldunak elkarren artean harremanetan jarri, elkarren berri eman, kultur kezkaz elikatu, ekoizpena zabaldu, kanpotik eta barrutik datozen hotsak transmititu». Zailtasunak daude, baina. Komunikazio esparruan, adibidez: «Euskara hutsean funtzionatu nahi duen hedabidea etengabeko desabantailan dago. Euskal hedabideak ez dira euskal hedabideekin lehian sartzen, erdal hedabideekin baizik». Publizitatean ere aldea handia da.

Aitortza eta ausardia

Jauzi bat eman nahi dute, beraz: esparru berri bat. Hedabideek eurek ere aldatu beharko dutela dio Barandiaranek —«hedabideek sinetsi behar dute elkar hartuta eraginkorragoak izango direla, elkar elikatzen dutela»—, eta administrazioaren laguntza beharko dutela «ausardiaz» jokatzeko.

Aitortza eskatu dute lehen pauso gisa, «baldintza minimoak» ezartzeko konpromisoa: «Produkzio gutxienekoak, lan baldintzak hobetzeko urratsak, proiektu berriak abiatzeko estrategiak». Oraingo hedabide sarea «mapa minimoa da», Hekimenen ustez. Esparru berri horretarako gai gehiago aipatu dituzte: «laguntza logistikoa» hedabideak zabaltzeko, «plangintzaz» hitz egitea eta emaitza neurtzea, esate baterako.

Testuinguru berrian «euskalgintzaren konplizitatea eta alderdien laguntza» beharko direla dio Barandiaranek. Hortik aurrera, hobetzeko asmoak: «Kirol egunkari bat? 24 orduz berriak emango dituen atari digital bat? Zergatik ez Bilbo osorako eguneroko bat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.