ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Jaurlaritzak dio larunbatean ezingo dela desarmatzea «erabat egiaztatu»

ETAren armagabetzea apirilaren 8tik landa ere egiaztatu beharko dela uste du Jonan Fernandezek. Indarkeriaren amaiera ordenatua lortzeko xedea du Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planak

Jonan Fernandez eta Monika Hernando, atzo, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du uste etzi «erabat egiaztatu» ahal izango denik ETAren armagabetzea. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak armagabetzea «baieztatzeko eta egiaztatzeko» egin nahi duen lana ezin izango da larunbatean bertan amaitu. Prozesu baten hasiera izango da etzikoa, eta beharrezkoa izango da «egun horretatik aurrera ere lanean jarraitzea», nabarmendu duenez. Jaurlaritzaren «kezka nagusia» da larunbata bitartean «gauzak ongi egitea» armagabetzea burutu dadin, baina oraingoz «diskrezioari» eutsi nahi dio.

Nolanahi ere, Jaurlaritzaren egitekoa armagabetzea «babestea, bultzatzea eta egiaztatzea» izango da, Fernandezek ziurtatu duenez. Eta helburu hori idatziz jaso du Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berrian. «Plan honek apirilaren 8tik harago doan lana finkatzen du», azaldu du Fernandezek. Zehazki, datozen lau urteetarako lan ildoak bildu ditu planak, aurreko legealdian egindako lanari jarraipena emanda. Hemendik aurrera, hiru hilabeteko epea zabalduko du talde parlamentarioen, gizarte erakundeen eta herritarren ekarpenak jasotzeko.

Indarkeriaren amaiera ordenatua erdiestea da plan horrek finkatu dituen helburuetako bat. ETAren indarkeriaren amaiera behin betikoa izanik ere,gobernuak ezinbestekotzat jo du «blokeatuta» jarraitzen duten hiru esparrutan lan egitea: ETAren armagabetzea eta erakundearen desegitea, espetxe politika eta iraganari buruzko gogoeta kritikoa. «Plan honen asmoa da beharrezko giltza guztiak biltzea bizikidetza normalizatu eta memoriadun bat finkatzeko», azaldu du Fernandezek. Indakeriaren amaiera antolatua lortu nahi bada, beharrezkoa da ETA armagabetu eta desagertzea, eta «terrorismoaren» eta indarkeriaren inguruko «gogoeta kritiko eta partekatua» egitea, planak jasotzen duenez. Hori hala, ETAren «benetako amaieran» laguntzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, eta, horretarako, beharrezko ikusten du ETAk «legezko, behin betiko eta trukerik gabeko» armagabetzea gauzatzea. Prozesu hori legebiltzarreko taldeekin eta eragile instituzionalekin, nazioartekoekin, politikoekin eta sozialekin lankidetzan garatu nahi du.

Presoak gerturatzea

Horrekin batera, iraganari buruzko gogoeta kritikoa egitea eta iragana argitzea ere ezinbestekotzat jo ditu Jaurlaritzak. Planak jasotzen duenez, zoru etikoan oinarrituta lan egingo du gobernuak, iraganan hurbilean izandako giza eskubideen urraketei eta horien biktimei buruzko txostenak garatzen jarraitzeko. Besteak beste, argitu gabeko «atentatu terroristei» buruzko lana eta torturari buruzko ikerketa osatuko ditu.

Espetxe politikari dagokionez, Jaurlaritzak proposamen berria landuko du, eta akordioa lortzen saiatuko da euskal alderdiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Planak zehazten duenez, «bestelako norabidea» izango duen espetxe politika bat lortu nahi du Jaurlaritzak, printzipio hauei jarraituta: indibidualizazioa, gizatasuna, eragindako mina aitortzea eta gizarteratzea. Horren ondorioetako bat litzateke presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea.

Fernandezek azaldu duenez, ordenamendu juridikoan aurreikusitakoa errespetatuta eta Zuzen bidean dokumentuan oinarrituta landuko dute proposamen berria, eta 2017ko bigarren seihilekorako prest egongo da. Jakinarazi duenez, presoak gizarteratzeko politika publikoak arautzen duen dekretu bat ere onartu nahi du Jaurlaritzak 2019. urtea baino lehen.

Bestalde, biktima guztiei aitortza eta ordaina emateko prozesuak osatzen lagunduko du Jaurlaritzak, aurreko legealdiko lanari jarraipena emanez. Hala ere, «bestelako ikuspuntu» batekin landuko du biktimen gaia, eta biktimen parte hartzea sustatuko du etorkizunarekin eta bizikidetzarekin zerikusia duten jardueretan. Batera konpromisoa izeneko dokumentua oinarri hartuta egingo du lan hori gobernuak.

Biktimen politika publikoen kudeaketari buruzko irizpideak ere finkatu ditu dokumentuak. Jaurlaritzak erabaki du Gogora institutuak kudeatuko dituela frankismoaren biktimekin zerikusia duten politikak, eta Bizikidetza eta Giza Eskubideen Idazkaritzak, berriz, «terrorismoaren» biktimekin eta «motibazio politikoko» indarkeriaren biktimekin zerikusia dutenak.

Elkarrizketa eta akordioa

Ideologia politiko ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa lortze aldera, berriz, laguntza eskainiko du Jaurlaritzak. Batetik, Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetzari buruzko lantaldeari lankidetza eskainiko dio, eta, bestetik, hiru foru aldundiei eta Eudeli lanerako mahai bat sortzea proposatuko die. Espainiako Gobernuarekin ere komunikatzeko eta aldian behin koordinatzeko bideak ezartzeko ahalegina egingo du Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.