Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Altsasuko auziko defentsaren «ia froga guztiak» atzera bota dituzte

Publizitatea

Politika

Altsasuko auziko defentsaren «ia froga guztiak» atzera bota dituzte

Auzitegi Nazionalak ez ditu onartu abokatuek aurkeztutako iazko gertaeren irudiak eta lekukotzak. «Bi aldeen arteko berdintasun printzipioa» eta bidezko epaiketarako eskubidea urratu direla deritzote

2017-11-15 / Joxerra Senar

Urtebete geroago, babesgabetasun judizialak ez du etenik. Atzo urte bat bete zen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaile instruktoreak Altsasuko zortzi gazte atxilotzeko agindu zuenetik. Urteurren horretan, atzo Madrilen egindako prentsaurrekoan, defentsa abokatuek «erabateko babesgabetasuna» salatu zuten. Oraindik ez dago zehaztuta ahozko saioa noiz hasiko den, baina epaiketara begira abokatuek eskatutako «ia froga guztiak» atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen aretoak. Erabaki hori irmoa da, defentsak ezin dezakeelako aurkako helegiterik aurkeztu. Horregatik, abokatuek salatu dute zortzi auzipetuei bidezko epaiketa izateko eta euren defentsa berme guztiekin egiteko eskubideak urratu dizkietela.

Iazko urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko taberna batean bi guardia zibil eta haien bikotekideak kolpatu zituzten. Hasieran Iruñeko epaitegia hasi bazen ere gertakariak ikertzen, Auzitegi Nazionala sartu zen tartean. Hala, iazko azaroaren 14an Carmen Lamela epaileak zortzi gazte atxilotzeko eta haietatik zazpi espetxeratzeko agindu zuen, nahiz eta haiek aurretik deklaratzeko borondatea agertu. Oraindik, hiru gazte espetxean daude —Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno—. Guztiek ere mehatxu handi bati aurre egin behar diote: fiskaltzak guztira 375 urteko espetxe zigorra eskatu du.

Joko «zikina»

Auzia bere gain hartzeko, Auzitegi Nazionalak funtsezkoa zuen gertaerak terrorismoarekin lotzea, eta, horregatik, abokatuek «zikin» jokatu izana aurpegiratu diote Carmen Lamela epaile instruktoreari. «Mutil hauentzat ETA historia da», diote.

Hasieratik, Lamelak eta fiskaltzak argudiatu dute Alde Hemendik mugimenduaren eta ETAren aldarrikapenaren artean balizko lotura dagoela. Bertsio horren arabera, lotura hori gertatu zen 1976an, segurtasun indarren presentziaren aurkako mugimendua sortu zenean. Alabaina, defentsa abokatuek gogorarazi dute garai hartan gazteetako bat bera ere ez zegoela jaiota. Balizko erlazio hori Altsasuko gertakariekin lotzeko, akusazioak Guardia Zibilaren txosten bat hartu du oinarri, eta nabarmendu du erasoaren helburua guardia zibilak zirela.

Defentsak beste behin azpimarratu du gertaerak taberna giroko liskarrak baino ez direla, eta akusazioari dagokiola frogatzea kontrakoa. Jose Luis Galan gazteetako baten abokatuak nabarmendu du auzipetuak ez direla Alde Hemendik mugimenduko kide. Dena den, ETArekin egiten den lotura zalantzan jartzen duten hainbat froga eskatu dituzte, baina atzera bota ditu auzitegiak: hala nola segurtasun indarrak Euskal Herritik irtetea aldarrikatu duten mugimenduetako kideen deklarazioak, antzeko kasuetan akusatuak errugabetu dituzten epaiak eta Alde Hemendik mugimenduari buruzko aditu baten txostena.

Instrukzioarekin ere kritiko azaldu dira. Sumarioa «azkarregi» itxi zen, eta Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiak ez zituen onartu defentsak ikertzeko eskatutako ekinbideak. Horrez gain, instrukzioaren garaian, Lamelak auzipetuak identifikatzeko erronda bat antolatu zuen. Defentsak aditu txosten bat aurkeztu nahi izan du erronda horren prozedura zalantzan jartzeko, baina Auzitegi Nazionalak atzera bota du hori ere.

Defentsak, gainera, urriaren 15eko goizaldean gertatutakoari erreparatu dio, eta tabernan eta inguruetan grabatutako bideoak, argazkiak, mapak eta akusatuetako batek gau hartan grabatutako irudiak aurkezteko eskaera egin du. Defentsaren arabera, zigor arloko lehen aretoak ez du aintzat hartu «defentsarenak» zirelako. Egun hartako gertaeren lekuko zuzenen deklarazio eskaerak ere atzera bota ditu epaitegiak. Kontrara, akusazioak aurkeztutako lekuko guztiak onartu ditu, eta urriaren 15a «baino geroagokoak» diren irudiak ere onetsi ditu. «Horien bermeak ez ditu zalantzan jarri».

Bi aldeen arteko berdintasun printzipioa hautsi dela salatu dute. Horri guztiari zigor eskaeren neurrigabetasuna eta delitu kalifikazioaren proportzionaltasun falta gaineratuz gero, gazteak hasieratik epaiketara bitarte babes gabe daudela ondorioztatu dute.

Elkarretaratzea, ilunpean

Polizia operazioaz geroztik Altsasuko gazte auziperatuek bizi duten egoera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Altsasun, argiak itzalita. Hona elkarretaratzea, bideoan jasota.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak