Laura Perez Ahal Dugu-tik apartatu dute, «kode etikoa urratzeagatik»

Kargu guztietatik kendu dute Perez, eta parlamentari akta itzultzeko eskatu diote. Kanporatzea ez, «militantziaren behin-behineko etetea» izan dela dio alderdiak. Perezek ukatu egin ditu akusazioak

Laura Perez legebiltzarkidea eta Eduardo Santos idazkari nagusia, iazko maiatzean eginiko agerraldi batean. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ez dute kanporatu —oraindik ez, behintzat—, baina ez dute barruan nahi. Nafarroako Ahal Dugu-ren zuzendaritzak bertan behera utzi du Laura Perez legebiltzarkidearen militantzia, eta ordezkaritza kargu guztietatik kendu du. Horrek esan nahi du Perez aurrerantzean ezinen dela alderdiko bozeramaile gisa aritu parlamentuko ezein batzordetan, ezta Ahal Dugu-ren izenean hitz egin ere. Iazko maiatzera arte idazkari nagusi izandakoa bakartu egin dute alderdi barruan.

Ahal Dugu-ren Berme Demokratikoen Batzordeak «ustezko irregulartasunak» antzeman ditu parlamentariaren jardunean. Are: alderdiaren kode etikoa «larriki urratu» duela azaldu du Ahal Dugu-k ohar batean. Bertan, egungo zuzendaritzak gogor kritikatu du Perez, zuzenean nahiz zeharka: «Ahal Dugu-ren izenean kargu publikoak dituzten zenbait pertsonak ahaztu egin dituzte alderdiaren oinarrizko printzipio etikoak; horiek urratuta, zikindu egiten dituzte Ahal Dugu-ren irudia eta izen ona, eta kolokan jartzen dute gure proiektu politikoaren sinesgarritasuna».

Eta kritikaren ostean, eskaera: alderditik kaleratzeko neurria baieztatzen bada, bere ekintzen «ardurak eta ondorioak» bere gain har ditzala eta «koherentziagatik» parlamentari aktari uko egin diezaiola galdegin diote Perezi, «beste pertsona batzuei bide emateko».

Oharrean, Ahal Dugu-k ez du esplizituki azaldu zeintzuk diren ustezko irregulartasun eta arau urratze horiek, baina alderdia polemikaren begian egon da abendutik, afiliatu batek Perezen eta beste hamalau militanteren aurkako salaketa aurkeztu zuenetik. «Ahal Dugu-ren kontra azpijokotan aritzea, gerra zikina sustatzea eta alderdiari akabera ematea» egozten zien. Segituan, Berme Demokratikoen Batzordeak espedientea ireki zien Perezi eta Fanny Carrillo legebiltzarkideei, alderdiko Koordinazio Kontseiluak hala eskatuta. Perez alderditik apartatzea izan da espediente horren lehen ondorioa.

Nafarroako Ahal Dugu-ren barne gatazkak, ordea, erro sakonak ditu. Iazko maiatzaren 21ean, Eduardo Santos Perezi gailendu zitzaion, oso gutxigatik, idazkari nagusi izateko hauteskunde primarioetan. 28 botok erabaki zuten lehia. Alderdia bitan zatituta egonagatik, zuzendaritza berrian ez zen sartu Perezen sektoreko inor. «Maiatzeko batzar hartan aukeratuak izan ginenok Herritar Kontseiluan gaude, baina zuzendaritzan ez. Han hartzen diren erabakietan ez dugu parte hartzen», azaldu zuen Perezek BERRIAk egin zion elkarrizketan.

Azaroaren 30ean, ordea, sektore kritikoa berriro altxatu zen, eta Orain Mugituz adierazpena aurkeztu zuten. Laura Perezen izena ageri zen sinatzaileen artean, eta alderdiaren ildo ofiziala kritikatu zuten; besteak beste, Kataluniako prozesu konstituziogileari dagokionez. Ildo berria sortuta, Ahal Dugu «barrutik suntsitu nahi izatea» leporatu zieten zenbait alderdikidek.

Perez: «Ez da egia»

Laura Perezek atzo goizean izan zuen kautela neurrien berri, eta akusazio guztiak ukatu zituen: «Ez da egia alderdiaren kode etikoa urratu dudanik», adierazi zuen, Nafarroako Parlamentura iritsi zenean. «Esan diezadatela zein puntu urratu dudan. Nik oso lasai dut kontzientzia», gaineratu zuen.

Perezek adierazi zuen ez duela parlamentari akta itzultzeko asmorik, berme batzordearen ebazpena ez delako irmoa. Alderditik kanpo ote dagoen galdetu zioten kazetariek, eta berak ezetz erantzun zien: «Kanporatzea, izatekotan, nire defentsa eskubidea aitortuko duen prozesu baten ondorengo emaitza izanen da». Hori heldu bitartean, Ahal Dugu taldeko bozeramaile gisa aritzeko debekua errekurritu ala ez aztertzen ari da idazkari nagusi ohia.

Ahal Dugu-ko legebiltzarkide Tere Saezek ere auziaz hitz egin zuen atzo. Perezen kargugabetzea «ofizialki komunikatu gabeko erabaki bat» dela esan zuen, eta alderdiaren jokabidea salatu: «Gisa honetako diziplina neurriak, hartzekotan, informazio prozesu garden baten bukaeran hartu behar dira, eta ez horrela. Edonola ere, ez dut pentsatu nahi [Laura Perez] ildo batekoa ala bestekoa izateak eragina izan duenik. Ez nuke egon nahi halako neurriak goitik behera hartzen dituen alderdi batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.