EH Bilduk Amnistia Legea aldatzea proposatuko du, auziak epaitzeko

Asteartean aurkeztuko dute moldaketa, eta Espainiako Kongresuko talde politiko ugarik babestu dute. Asmoa da gizateriaren aurkako krimenen erantzuleak «ikertu, epaitu eta zigortu» ahal izatea
Martxoaren 3an Gasteizen eginiko martxa, 1976an hildako bost langileen alde. Martxoak 3 elkartea da lege proposamena landu duten elkarteetako bat.
Martxoaren 3an Gasteizen eginiko martxa, 1976an hildako bost langileen alde. Martxoak 3 elkartea da lege proposamena landu duten elkarteetako bat. J. RUIZ / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko martxoak 16
1977an Espainiako Kongresuan onartutako Amnistia Legea eztabaidagai izango dute ganbera horretan bertan datorren asteartean. Hura aldatzeko lege proposamena landu dute Ceaqua, Goldatu eta Martxoak 3 elkarteek, eta EH Bilduk eramango du eztabaidara. Koalizio subiranistak Espainiako Kongresuan aurkeztuko duen aurreneko lege proposamena da, eta parlamentuko talde ugariren babesa izan du: EAJ, PdeCAT, ERC, Unidos Podemos (En Comu Podem) En Marea, Compromis eta Nueva Canariarena. PP edo PSOEren botoak beharko lituzke, ordea, proposamenak aurrera egiteko.

Funtsean, 1977ko arauaren 9. artikuluari paragrafo bat gehitzea da asmoa: «Lege honetan jasotako xedapenek ez dute eragotziko epaitegi eta auzitegiek ikertu, epaitu eta zigortu ahal izatea genozidioen, gizateriaren kontrako eta gerra delituen eta giza eskubideen beste urraketa batzuen erantzuleak». Lege egitasmoaren sustatzaileek zioen azalpenean adierazi dutenez, 1977ko testua, «sorrerako izaeratik urrun, zigorgabetasun arau bihurtu da, diktadura frankistaren nazioarteko krimenak ikertzea eta epaitzea galarazi duena». Berez, frankismo garaian jazarriak aske uzteko sortu zuten legea, baina eztabaidaren azken fasean bigarren artikuluan erantsitako bi parrafok bide eman diote hamarkadotan frankismoko eta hurrengo urteetako delituen zigorgabetasunari. Izan ere, «ordena publikoko autoritate, funtzionario eta agenteek» eginiko delituak ere amnistiatu zituzten parrafo horiek txertatuta.

Talde sustatzaileen arabera, proposamenak bat egiten du Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearekin. Legeaz egin izan den interpretazioa kritikatu dute, iritzita interpretazio horren asmoa ez dela izan soilik ekintza baten ondorio penalak ezabatzea, baizik «ekintza horren izaera kriminala» deuseztatzea.

Nazioarteko erakunde ugarik kritikatu izan dute Espainiako Amnistia Legea, diktadura garaiko krimenen zigorgabetasuna ahalbidetzen duelakoan. Horietako bat izan da Nazio Batuen Erakundea. «1977ko Amnistia Legeari eragina kendu behar zaio, frankismoko biktimei justizia egin ahal izateko», esan zuen 2014an NBEko kontalari Pablo de Greiffek, esaterako. Erakunde horrek txosten ugaritan idatzitakoak baliatu dituzte indar politikoek legea aldatzeko beharra argudiatzeko: «Amnistiek ezin dute murriztu giza eskubideen urraketen biktimek egiazko errekurtso bat edo ordainak jasotzeko duten eskubidea, ezta oztopatu ere biktima horiek eta gizarteek urraketa horien inguruko egia jakiteko duten eskubidea».

Halaber, gogora ekarri dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak legez kanpokotzat jo izan dituela nazioarteko krimenen kasuetan emandako amnistiak: «Are gehiago, auzitegiak azpimarratu izan du estatuek obligazioa dutela giza eskubideen urraketa larrienen erantzuleak auzipetzeko eta zigortzeko». Hortaz, «estatu demokratiko bat zuzendu behar duten balioetan eta printzipioetan sakontzeko», ezinbestekotzat jo dute duela 41 urteko arauak eraginik ez izatea krimenen ikerketari eta auzipetzeari dagokionez.

PP eta PSOE, 2011n kontra

Udal ugarik jo dute auzitara frankismoko eta diktadura osteko krimenak ikertzeko. Elgetakoa (Gipuzkoa) eta Durangokoa (Bizkaia) izan dira azkenetakoak, baina auzitegiek artxibatu egin dituzte salaketak, delituak iraungita daudela argudiatuta. Udalen oztopoak salatu ditu Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak: «Nekez egin dezakete aurrera gaur egun legeriak ezartzen duena aldatzen ez bada. Biktimen frustrazioari aurre egin, eta, biktimek behar duten egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean, beharrezkoa da Amnistia Legea eta Zigor Kodea aldatzea». Horretarako «lehen urratsa» egingo dute datorren asteartean, Beitialarrangoitiaren hitzetan.

Halere, ez da legea aldatzeko lehen saioa izango, eta, talde politikoek izandako jarrerei erreparatuta, ez dirudi ekinbideak aurrera egiteko aukerarik izango duenik. 2011ko uztailean, Espainiako Kongresuak baztertu egin zuen araua aldatzeko BNGk aurkeztutako proposamen bat, kontra bozkatu baitzuten PPk, PSOEk eta CiUk. Asteartean aurkeztekoak diren moldaketa iazko urrian erregistratu zuten Espainiako Kongresuan, eta orduan ez zuen izan PSOEren babesik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna