Hitzaurrea, datorren asterako

Ados jarri edo ez, estatutuaren aitzinsolasari buruzko eztabaida datorren asteazkenean bukatuko du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak. Atariko tituluaren edukiez aritu ziren taldeak atzo
Indar politikoetako ordezkariak, atzo eguerdian, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko bileran.
Indar politikoetako ordezkariak, atzo eguerdian, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko bileran. JUANAN RUIZ / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko maiatzak 17
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak datorren asteazkeneko bileran amaituko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatutu berriak izan beharreko aitzinsolasari buruzko eztabaida. Orain arte, EAJ eta EH Bildu ados azaldu dira zenbait edukitan, baita Elkarrekin Podemos ere, baina azken horrek ezinbestekotzat jo du PSE-EE ere akordiora biltzea. Hori horrela, astebete izango dute taldeek adostasun ahalik eta zabalena lortzeko, eta, ados jartzen ez badira, litekeena da bat egiten ez duten gaien inguruan taldeek boto partikularrak aurkeztea.

Lantalde hori atzo batzartu zen, baina, hitzaurrearen eztabaidan katramilatuta, atzokoa atariko tituluari buruz hitz egiteko baliatu zuten. Horretan jarraituko dute datorren asteazkeneko bileran. Talde gehienek atal horretarako proposamenak aurkeztu zituzten, idatziz; ez, ordea, EAJk. Aitzinsolasaz EAJk gainerako alderdiei eginiko proposamena Vocento taldera filtratu zenez, atzo dokumentu idatzirik ez aurkeztea erabaki zuten jeltzaleek, eta Joseba Egibar legebiltzarkideak ahoz aurkeztu zituen atariko tituluak izan beharreko irizpideak. EAJk ez zuen batzarraren balorazio publikorik egin.

Bilera amaitzean, bertan hitz egindakoak azaldu zituen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak. Jakinarazi zuen koalizio subiranistak konpromisoa hartu duela hurrengo bilerara talde politiko guztien ekarpenak biltzen dituen dokumentu bat eramateko. Esan zuenez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen artean «puntu komun garrantzitsuak» daude erabakitzeko eskubidean, Euskal Herriaren izaera nazionalean eta eskubide sozialak blindatzeko beharrean, eta uste du estatus politiko berria adosteko «abiapuntua» badagoela. Hortaz, gainerako indarrei dei egin zien «arduraz» jokatzera eta ados jartzera: «PP eta PSE eskubideen ukazioan daude. Besteok non kokatu erabaki behar dugu. EH Bildun herri honen eskubide guztien defentsa irmoan gaude eta, estatus politiko berrian ahalik eta akordiorik zabalena nahi dugun arren, ez diogu inori beto eskubidea emango».

Elkarrekin Podemos, berriz, EAJri eta PSE-EEri mintzatu zitzaien. Lander Martinez koalizioko bozeramailea astelehenean batzartu zen PSE-EEko ordezkariekin, eta, ETB1en atzo eginiko elkarrizketa batean, sozialistei eskatu zien ez erabiltzeko legea «aitzakia» gisa «ezezko» jarrerari eusteko. EAJri, berriz, eskatu zion «maximalismoak» alde batera uzteko, ohartarazita «gauza batzuk» alboratu beharko dituela estatutua «inora ez iristea» nahi ez badu.

Pitzadurarik ez Jaurlaritzan

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia Herri Irratiko elkarrizketa batean mintzatu zen estatus politikoari buruzko eztabaidaz. Espero du EAJk «bide amaieran» legeria betetzea, uste baitu jeltzaleek orain arte aurkeztutako agiria «Ibarretxe Planaren berdina» dela. «Argi» du PSE-EEren lehentasuna «eskubide sozialak blindatzea» dela: «Hori da garrantzitsuena. Ondoren, gauza gehiago egin daitezke, erakundeen barne funtzionamendua hobetu eta beste hainbat gauza, baina dena legearen barruan». EAJ eta PSE-EE bazkide dira Eusko Jaurlaritzan, baina Mendiak ukatu zuen autogobernuari buruzko eztabaida gobernua «pitzatzen» ari dela: «Luze aritu ginen lanean, eta adostu genuen alderdien arteko ezberdintasunak errespetatzea. Gernikako Estatutuaren erreformari lotutako gaiak talde parlamentarioen esku uztea adostu genuen».

PPk ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko-juridikoa berritzeko beharrik ikusten, baina lantaldea «blokeatuta» dagoela adierazi zuen atzo Borja Senper bozeramaileak. Haren hitzetan, EAJk eta EH Bilduk elkarrengana «gerturatzen» jarraitzen dute erabakitzeko eskubidearen eta naziotasunaren inguruan, eta, Elkarrekin Podemos edo PSE akordiora batzen saiatzen ari badira ere, bi taldeek Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatuko dute azkenean, Senperren iritziz.

Alderdiek joan den asteko bileran aurkeztu zituzten aitzinsolaserako proposamen idatziak. EAJk nahi du Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiako Estatuak «mendetasunik» gabeko harremana izatea eta Euskal Herria nazio gisa aitortzea. Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk jeltzaleak kritikatu zituzten, baina koalizioa prest azaldu zen negoziatzeko, baldintzatzat jarrita PSEk ere bat egitea. Ados jarri ez, eta astelehenean erabaki zuten hitzaurreari buruzko eztabaidarekin ez segitzea gaurko bileran.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna