Kalparsorok bere egin du Garzonen tesia, eta Arraiz zigortzeko eskatu du

04/08 sumarioan auzipetuta dago Sortuko presidentea, baina EAEko Auzitegi Nagusian epaituko dute, foruduna delako.Sei urteko espetxealdia eta inhabilitazioa eskatu du harentzat fiskalburuak

Iruin abokatua eta Arraiz EAEko Auzitegi Nagusira sartzen, beste auzi batengatik, iazko apirilean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
jokin sagarzazu
2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren argudioak bere egin, eta Juan Kalparsoro EAE Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuak eskatu du Hasier Arraiz Sortuko presidentea ere zigortzeko, ETA jardunean zen garaian ezker abertzaleko kide gisa «erakunde terroristari laguntza ematea» leporatuta. Auzi berean auzipetuta dauden baina Madrilen epaituko dituzten ezker abertzaleko beste 35 kideentzat hango fiskalek eskatutakoa baino lau urte gutxiago galdegin du, halere. Zehazki, sei urteko espetxealdia eta epe bereko inhabilitazioa egun Eusko Legebiltzarrean EH Bilduko parlamentari denarentzat. Hortaz, delitu horri ezar dakiokeen zigor eskaerarik txikiena egin du Kalparsorok. Hain justu, Auzitegi Gorenak Bateragune auzian zigortutako ezker abertzaleko bost kideentzat ezarritako zigorra.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioan auzipetuta dago Sortuko presidentea, beste 35 kiderekin batera. Baina egun legebiltzarkidea denez, eta foruduna beraz, EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio hura epaitzea. Fiskalaren eskaeraz gain, hura epaituko duen epaimahaia zehaztuta dago dagoeneko: Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Bolado zigor salako magistratuek osatuko dute. Kalparsorok, halaber, jakinarazi ditu lekuko gisa deklaratzera deitu nahi dituen batzuen izenak: horien artean daude Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Jose Luis Elkoro eta Joseba Permach ezker abertzaleko kideak.

Ahozko epaiketa noiz hasiko den, berriz, ez da jakina. Urte amaieran edo 2016aren hasieran has daitekeela adierazi die Kalparsorok berri agentziei. Hortaz, Bilboko auzitegian egitekoa den epaiketak denboran bat egin dezake Madrilen egitekoa denarekin. Urtarrilaren 13an zen hastekoa hori, baina hiru alditan utzi dute bertan behera, hastekoa zen egunean euskal gatazkarekin loturiko auzietan diharduten abokatuen aurka egindako operazioaren ondorioz —atxilotutako hiru abokatuk hemeretzi auzipetu defendatu behar zituzten—.

«Mehatxu» politikoa

Arraizen kasuan, 35 auzipetu horienean bezala, akusazioaren oinarria da Garzon epaileak hainbat sumariotan erabili duen «bikoiztearen» tesia. EAEko fiskalburuak Arraizi leporatzen dio 2005etik 2009ra «Batasuneko Mahai Nazional klandestinoko» kide gisa ETA laguntzea bere estrategia politikoa gara zezan, eta, horrenbestez, erakunde armatuko kide izatea. Fiskaltzaren idatzian froga gisa azaltzen dira, besteak beste, agerraldi edo adierazpen publikoak egitea orduko eztabaida politikoan mahai gainean zeuden zenbait gairi buruz (Loiolako bake prozesua, hauteskundeak, AHT...). Horien kasuan, eta abiadura handiko trenarenean bereziki, fiskalburuak dio ETAk «kanpaina» bat diseinatu zuela azpiegitura horren aurka eta horretan parte hartu zutela ezker abertzalearekin loturiko hautetsi, erakunde, alderdi —garai hartan, ANV eta EHAK— eta taldeek. Horrez gain, Arraizen kasuan, froga gisa aipatzen da bilerak egitea, baita Ekin eta Batasuna legez kanporatutako erakundeen dokumentuak etxean izatea ere.

Auziak Loiolako bake prozesuaren hausturaren ondorengo gertakarietan du jatorria, eta, zehazki, 2007ko urrian ezker abertzalearen egitura politikoa desegiteko Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioan. Han atxilotu zuten Arraiz, bilera batean zela, han zeudenekin batera 2003tik legez kanporatuta zegoen Batasuna alderdiko mahai nazionala berriz osatu nahi izatea leporatuta, auziaren instrukzioa egin zuen epaile Baltasar Garzonen arabera. Arraizek bi urte eta erdi egin zituen behin behinean preso.

Sortuk gogor kritikatu du EAEko fiskalburuaren erabakia. Pernando Barrenak Espainiako Gobernuaren aginduetara aritzea leporatu dio «Justizia administrazioari», eta erantsi du Kalparsororen eskaerak agerian uzten duela militante politikoak oraindik «mehatxatu» eta zigortu egiten direla egiten duten lanagatik. Aralarrek ere «motibazio politikoa» ikusten du Arraiz auzipetzeko erabakiaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.