Hontzak konpartsaren dekorazioa kendu dute, gotzaingoak salatuta

Gotzaingoak jarri du salaketa, txosnak «biraozko» edukiak dituela argudiatuta. Bilboko Hontzak konpartsak umorez erantzun dio gertaerari, eta kartel bat jarri dute «zentsura eklesiastikoa» salatzeko. (Bideoa albiseaten amaieran).

Dekorazioa kendu aurreko irudi bat, festen hasieran. BERRIA.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun

Bilboko Hontzak konpartsaren txosnako dekorazioa kendu zuen Ertzaintzak atzo goizean, gotzaingoak salaketa jarri ondoren. Igande arratsaldean aurkeztu zuen salaketa, txosnak «biraozko» edukiak zituelakoan. Bilboko 3. Instrukzio Epaitegiak igandean agindu zuen eduki horiek kentzeko eta konpartsako kideak identifikatzeko. EH Bilduk gaitzetsi egin du kentzeko hartutako erabakia; aldiz, Bizkaiko PPk, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak babestu egin dute.

Konpartsaren dekorazioak «Vatikanoko harategiak» du izena, eta han ikus zitekeen Kristo gurutziltzatu bat, eta giza gorputzaren zatiekin osatutako harategi bat; hau irakur zitekeen: «Hartu eta jan, nire gorputza da eta». Konpartsaren nahia «desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunaren ariketa praktiko bat egitea izan da, Espainiako Zigor Kodearen parte den 'sentimendu erlijiosoen aurkako delitu' delakoaren kontra». Umoreari mugarik ez zaiola jarri behar adierazi nahi izan dute ariketa horrekin. Argudiatu dute sineskeria indibidualak ezin direla oinarrizko eskubideen gainetik egon, adierazpen askatasuna kasurako.

Umorez egin dutela dio Fernando Garcia Regido Hontzak-eko kideak. Han zen Garcia atzo goizean, Polizia heldu zenean: «Hiru furgoneta etorri ziren, eta esan ziguten agindu judizial bat zekartela; gure txosnaren dekorazioaren parte garrantzitsu bat kentzeko eskatu ziguten. Kristo zatituaren irudia eta dekorazioaren izena kendu zizkiguten. Identifikatu egin gintuzten konpartsako kide batzuk».

Baziren egun batzuk Hontzak-eko dekorazioa hedabideetan aipagai bihurtua zela. Polemika zegoela bazekiten konpartsako kideek, baina ez zuten neurririk espero. «Nahiko polemikoa izan da dekorazioa, eta ez genuen pentsatzen benetan zerbait egingo zutenik. Gure ustez, hau adierazpen askatasunaren adibide bat besterik ez da, eta mozal legearen aurkako ekintza bat».

Dekorazioa kendu dietela salatzeko ere umorez eta jai giroan egin dute: kartel bat jarri dute «zentsura eklesiastikoa» salatzeko. Beste konpartsek ere bat egin dute zentsuraren aurka, eta Hontzak-en txosnan izan ezik, beste konpartsen guneetan argazkiak jarriko dituzte dekorazioa kentzeko hartutako erabakiaren aurka. Bestalde, asteazkenean kalejira bat egiteko asmoa dutela azaldu du Garciak. «Gainerakoa inprobisatu egingo dugu; betiere umorez».

Begi onez edo txarrez

Bilboko alkateari ez zaio «batere» gustatu konpartsa horren dekorazioa, eta horrelako gertaerak «sobran» daudela adierazi du. «Bilbo hiri plurala denez, sentimenduak libreki adierazteko eta irainduak ez sentitzeko aukera izan behar dute bisitariek». Bizkaiko PPk ere ez du begi onez ikusi dekorazioa. Raquel Gonzalez presidentearen hitzetan, «iraingarria da, duintasun apur bat duen edonoren aurkako erasoa». Esan dur Erkorekari ere dekorazioa ez zaiola gustatu , eta gobernu gisa, epailearen erabakia errespetatuko dutela.

EH Bilduri, aldiz, «larria» iruditu zaio txosnako dekorazioa kendu izana. Alba Fatuarte zinegotziak adierazi du «erasoa gotzaintzaren salaketaren ondorioz eta Aburtoren bezperako adierazpen moralizatzaileen ostean» jazo dela: «Onartezinak dira umorearen, kritika soziopolitikoaren eta adierazpen askatasunaren kontrako erasoak».

Bideoa: Ertzaintza Hontzak konpartsaren txosnan (Hotzak).

[youtube]https://youtu.be/4PvGfcozuaE[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.