Eskola Kontseiluaren esku geratu da EAEko hezkuntza legerako txostena

Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen oinarrizko txostena; Euskadiko Eskola Kontseiluko kideek aztertuko dute orain. Eskola Kontseilutik kanpo dauden eragileek «zail» izango dute parte hartzea
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eman zion dokumentua Nelida Zaitegi Euskadiko Eskola kontseiluko presidenteari.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eman zion dokumentua Nelida Zaitegi Euskadiko Eskola kontseiluko presidenteari. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Asier Arrate Iruskieta -

2018ko martxoak 8

Euskadiko Eskola Kontseiluaren esku geratu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioa lantzeko txostena. Joan den otsailaren 5ean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Akordioaren Oinarriak izeneko dokumentua, etorkizuneko hezkuntza eredua zehaztea helburu duen agiria. Herritarren eta eragileen ekarpenak bildu dituzte harrezkero, eta txostenaren azken bertsioa eman zion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eskola Kontseiluko presidente Nelida Zaitegiri. Erakunde horrek aztertuko du orain hezkuntza legerako oinarri izango den txostena.

«Erronka handia dugu gure aurrean, baina badugu zer esan eta zer gehitu dokumentura», adierazi zuen Zaitegik, dokumentua Uriarteren eskuetatik jaso aurretik. Jaurlaritzak hezkuntza gaietarako duen kontsulta organoa da kontseilua, eta hiru lantalde osatuko ditu dokumentua lantzeko. Zaitegik azaldu zuenez, «maiatza bukatu baino lehen» espero dute lana burutzea. Fase hori bukatuta, txostena Eusko Legebiltzarraren esku geratuko da, han legea taxutzen hasteko.

Aniztasuna islatzeko nahia

Lehenik, ordea, kontseiluaren parte diren eragileek lortu beharko dute adostasuna. Euskadiko Eskola Kontseilua hezkuntza arloko hainbat sektoretako 46 ordezkarik osatzen dute. Tartean daude irakasleen ordezkariak, ikasleen gurasoenak, udalak, Hezkuntza Saila, unibertsitateak eta sindikatuak. Zaitegik azpimarratu zuenez, kontseiluak «txosten adostua» osatzea hitzartu du, «euskal gizartearen pluraltasuna eta kontseiluaren aniztasuna islatuko duena».

Adostasuna izan zen sailburuak eta kontseiluko presidenteak gehien nabarmendutako ideia. Uriartek dokumentua osatzerakoan «lortutako adostasuna» azpimarratu zuen. Zaitegik, berriz, txostenaren osaketan «marra gorriak» alde batera utzi, eta «ahots guztiei tokia egitea» eskatu zuen.

Haatik, hezkuntzaren aldeko akordioen oinarriak ezartzeko dokumentuak ez du lortu hezkuntza arloko eragile guztien babesa. ELA eta Steilas sindikatuak aurka agertu dira, eta LABek «jarrera kritikoa» azaldu du. EHIGE gurasoen elkarteak uko egin zion dokumentua eratzeko prozesuan parte hartzeari. Hala ere, Zaitegik jakinarazi zuenez, gurasoen elkarteek lanketaren bigarren atalean hartuko dute parte.

Ikastolen Elkarteak jakinarazi du dokumentuan «proposatuko bide pedagogikoarekin» bat datorrela, baina, «bi oinarrizko gai» ez direla jorratu: hezkuntza publikoaren osaketa eta ezaugarriak, eta administrazioaren rola eta norabideak gauzatzeko betebeharrak. Horrez gain, Koldo Tellitu lehendakariak joan den astean adierazi zuen arduratuta dagoela Ikastolen Elkartea ez delako Eskola Kontseiluko kide, eta lanketan parte hartzeko aukera zertan geratuko ote den. Horri buruz galdetuta, Uriarte sailburuak adierazi du ikastolek izan dutela «tartea» ekarpenak egiteko. Zaitegik erantsi zuen «entzuteko prest» daudela, baina «zail» ikusten duela parte hartzea.

Dokumentua Eskola Kontseiluaren esku uztearekin batera, hezkuntza sailburuak eskatu du desadostasunak «albo batera uzteko». Gogorarazi du hezkuntza legea garatzen hasteko «lehen pausoa» dela dokumentu hori: «Lehena bada ere, garrantzitsuena da, bertan zehaztuko direlako etorkizuneko hezkuntza ereduaren oinarriak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Gaztelugibelean, Erruki Etxetik irten ostean, manifestariak ilaran ©Idoia Zabaleta

Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetan

Berria

Iruñeko mobilizazioan, Erruki Etxetik irten da ehunka lagun, Zainduz senideen plataformak deitutako manifestazioan, adinekoen egoitzarako baliabide gehiago eta egoiliar eta langileentzako duintasuna exijitu dituzte

Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea, Barakaldon, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Barakaldon gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu abusuak egitea egotzita

Berria

Erasoa atzo gauean gertatu zen, Barakaldoko autobus geltoki baten inguruan.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako  ZIUan, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da

Irati Urdalleta Lete

Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Leku eman behar zaio minari ere»

Uxue Rey Gorraiz

Pandemiak bizitza sozialean ezarritako mugek zuzenean baldintzatu dituzte herritar askoren dolu prozesuak; min ematen dutela onartzea «funtsezkoa» dela nabarmendu du Mateok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna