EAJk eta EH Bilduk nagusi jarraituko lukete, Ahal Dugu indartsu sartu arren

Datorren urteko EAEko udal eta foru bozetarako boto asmoen berri eman du Jaurlaritzak.

Jeltzaleak lirateke garaile Bizkaian eta Araban; EH Bildu Gipuzkoan.

Bilbon gehiengo osoa galduko luke EAJk

Hodei Iruretagoiena -

2014ko azaroak 6
EAJ eta EH Bildu dira bi indar nagusiak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Egonkortuta daude, eta, oro har, orekatuta lurralde banaketari dagokionez. Hala berretsi dute Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren datuek, datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako boto asmoaz egindako inkestaren ondoren. Podemos-Ahal Dugu indartsu sartu zen iazko Europako bozetan, eta horrek beherakada eragin die EAEko lau alderdi nagusiei, baina ez dute zalantzan jarri jeltzaleen eta subiranisten nagusitasuna. Bai, ordea, PSE-EEren eta, batez ere, PPren lekua.

Joan den urriaren 6tik 13ra egindako inkestaren arabera, EAJk irabaziko luke Bizkaian eta Araban, eta EH Bilduk Gipuzkoan. Bizkaian, alde handia lukete jeltzaleek: %10,3 kenduko lioke EH Bilduri. Gipuzkoan, alderantziz: %7,1een aldea aterako liokete subiranistek EAJri. Araban lehia estuagoa legoke: puntu bakarragatik legoke EAJ EH Bilduren gainetik. Lurralde guztietan, atzetik leudeke PSE-EE, PP eta Podemos-Ahal Dugu.

Dena den, Podemos-Ahal Dugu-k ez du argitu foru hauteskundeetara izen horrekin aurkeztuko den edo bestelako hautagaitzen alde egingo duen. Erabaki horrek eragin handia luke emaitzetan.

2011ko foru hauteskundeekin alderatuta, lau alderdi nagusiek egingo lukete behera. Gipuzkoan dago salbuespena: EAJk %2,3 egingo luke gora. Hain justu, bertan izango luke galerarik handiena EH Bilduk —2011n Bilduk eta Aralarrek ateratako emaitzen batura eginda—: %6,7koa.

Erabakitzeko eskubidearen alde daudenen batez bestekoak handiak dira: Gipuzkoan, esaterako, %76,2 —PP, PSE-EE eta UPD ez beste guztiak—, duela lau urte baino lau puntu handiagoa.

Boto asmo zuzenetik egindako kalkulua da Eusko Jaurlaritzak emandakoa. Herrialdeka egin dute inkesta, baina ez dute batzar nagusietako eserleku banaketa kalkulatu, herrialde bakoitzean barruti bat baino gehiago egon ohi delako foru bozetan.

Alderdiz alderdi

Emaitzak alderdika aztertuta, EAJk galera txikia izango luke: Araban %0,8koa, eta Bizkaian %1,3koa —Gipuzkoan gorakada—. Lau urteotako zikloa kontuan hartuta, Eusko Legebiltzarrerako bozetan egin zuen gora, eta iaz Europako Parlamenturakoetan behera —lau alderdi nagusiek egin zuten behera Europakoetan—.

EH Bilduk ez luke gaindituko 2011n lortua, baina ez luke galera handirik izango —Gipuzkoakoa salbu—: %1,8 Araban, eta %2,8 Bizkaian. Koalizioaren estreinako hauteskunde haien ostean, beheraldi txikia izan zuten subiranistek hurrengo bozetan, eta mantendu egin dira geroztik.

Beheranzko joera izan arren, PSE-EEk hirugarren indar gisa eutsiko lioke Bizkaian eta Gipuzkoan. Oro har, beste alderdiek ez bezala, Europako bozetan izandako emaitzen antzekoak lituzke.

Nabarmenagoa da PPren beherakada: bosgarren indarra litzateke Bizkaian eta Gipuzkoan, Podemos-Ahal Dugu-k aurrea hartuta. Alderdi sortu berriak hobetu egingo lituzke emaitzak Europako bozekin alderatuta, lurralde guztietan.

Ezker Anitzak, Equok eta Izquierda Republicanak aurkeztu berri duten Irabazi plataformak behera egingo luke batu ondoren —Europako bozetako emaitzekin alderatuta, orduan bakoitzak bere aldetik lortutakoa batuz—. Ez dago baztertuta, ordea, Podemos-Ahal Dugu-k haien alde egitea. UPDk zertxobait gora egingo luke 2011ko emaitzen aldean.

Bilbo: EAJ gehiengo sinplez

Hiru hiriburuetako emaitzak ere jakinarazi ditu Jaurlaritzak, zinegotzi kopurua kalkulatuta. Bilbon legoke aldaketarik handiena: Iñaki Azkuna zenak 2011n lortutako gehiengo osoa galduko luke EAJk, bi zinegotzi gutxiago aterata. EH Bilduk bat gehiago aterako luke (5); PPk bat gutxiago (5); PSE-EEk lehen adina (4); eta Ahal Dugu-k 2 lituzke. Donostian, 8 zinegotzi mantenduko lituzke EH Bilduk; EAJk bat irabazi (7); PSE-EEk (5) eta PPk bina galdu (4); eta Podemosek 3 lortuko lituzke. Gasteizen, EAJk bat gehiago luke (7); EH Bilduk lehen adina (6); PSE-EEk bat gutxiago (5); PPk hiru gutxiago (6); eta Ahal Dugu-k hiru.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna