Lezertuak azaroan zehaztuko du non «aurreztu» dezakeen Arartekoak

Bihar izendatuko dute Manu Lezertua EAEko ararteko.Biktima guztiak berdinak direla adierazi du legebiltzarrean.EH Bilduk eta UPDk hautaketa «ezkutuan» egin izana kritikatu dute

Manuel Lezertua EAEko ararteko izateko hautagaia, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Aurrekontua, lantaldea... Hori aztertzeko konpromisoa hartu dut, aurrezteko moduak bilatzeko eta aurrekontuak egin baino lehen aurkezteko». Hitz horiekin laburbildu du Manuel Lezertuak EAEko ararteko buru izendatzen dutenean abiaraziko dituen lan ildoak. Ezustekorik ezean, bihar bertan izendatuko dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Ararteko erakundearen egitura txikitzea izan zen PPk jarri zuen baldintza, EAJk proposatutako legelariari babesa emateko.

Lezertuak bere asmoen eta jarraituko dituen lan ildoen berri eman zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean. Aurreko ararteko guztien lana eskertu, eta Iñigo Lamarcak utzitako bideari jarraipena emango diola aipatu ostean, zenbait ildo bereziki nabarmendu zituen. Lehenik eta behin, «aniztasunari» arreta berezia eskainiko diola nabarmendu zuen: «Funtsezkoa da elkarbizitzarako politiketan lan egitea». Edonola ere, iragarri zuen Arartekoak gai zehatzei buruzko txosten gutxiago egingo dituela, eta, aldiz, indar handiagoa jarriko duela gizabanakoen kexei aurre egiten.

Lezertuaren izena atera zenean, zalaparta sortu zen, Espainiako Alderdien Legea ontzat jotzen zuen artikulu bat idatzi zuela eta. EH Bilduk galdetuta, argitu zuen artikulu hartan ez zuela bere iritzia eman; legebiltzarkideen aurrean gogorarazi zuen testua Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren 2009ko sententziaren zatien iruzkinekin egin zuela. Horrez gain, ETAren eta estatuaren indarkeriaren biktimez galdetu ziotenean, denak berdinak direla azpimarratu zuen: «Nola ez dira ba berdinak izango? Terrorismoaren kontra hartzen diren neurriek pertsona batzuen eskubideak urratzearekin ez nago ados».

Edonola ere, Lezertuak gogorarazi zuen berak ez dituela arauak sortzen, baizik eta araudia zuzen erabiltzen dela egiaztatzeaz arduratuko dela, eta zuzenketak proposatzeaz: «Arartekoak ez du egoera ekonomikoa konponduko bere kabuz».

«Ezkutuko» hautaketa

Bost urteko agintaldirako asmoez gain, hautaketa prozesua hizpide izan zuten Lezertuaren agerraldia eskatu zuten alderdiek, EH Bilduk eta UPDk. Biek salatu zuten «ezkutuko» prozesua izan zela, EAJ, PSE-EE eta PPren artekoa; hautagaiaren ereduari buruzko informaziorik eman gabe, gehiengora gehitzeko proposamena egin zutela. Are gehiago, Julen Arzuagak eta Gorka Maneirok salatu zuten agerraldia eskatu izan ez balute informaziorik izan gabe bozkatu beharko zuketela bihar. Egoera hori Arartekoaren Legearen moldaketan zuzenduko dela gaineratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.